INFO

Bizkaiko autoeskoletako greba astebetez luzatuko da «patronalaren proposamen falta dela eta»

Bizkaiko autoeskoletako langileek mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki dute, martxoaren 7tik 11ra arte beste greba aste bat deituta. ELA sindikatuak patronalaren «proposamen falta» salatu du.

Bizkaiko autoeskoletako langileen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ostiral honetan ELAk deitutako grebaren bigarren asteari amaiera emango diote, sektoreko langileek 33 egunez greba egin ondoren. Baina sindikatuak patronalaren proposamenik ez dagoela salatu du eta mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki du, martxoaren 7, 8, 9, 10 eta 11rako beste greba aste bat deituta.

Hurrengo astean hasiko dira mobilizazioak, Bilboko eta Barakaldoko kaleak zeharkatuko dituen auto karabana batekin, eta ondoren, aste osoan zehar hainbat mobilizazio eta elkarretaratze egingo dituzte. Hilaren 8an, asteartean, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa egingo dute.

ELAk «akordioak lortzeko eta gatazka bideratzeko borondatea» duela nabarmendu du. «Horregatik, etengabeko mugimenduak egiten ari gara zentzu horretan. Horregatik, APAVI patronalari berriro eskatu nahi diogu edukiak dituen kontraproposamena aurkezteko eta negoziazio mahaia deitzeko. Era berean, elkartutako autoeskolak ildo horretan kokatzera eta eragitera animatzen ditugu», gaineratu du sindikatuak ohar batean.

Azaldu duenez, Bizkaiko autoeskoletako langileek 11 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak oro har erabat «prekarioak eta kasu askotan irregularrak» dira.