INFO

Ikastetxe eta euskaltegietarako edukiz beteriko unitate didaktikoak prestatu ditu Korrikak

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan aurkeztu ditu Korrikak unitate didaktiko hauek. Hekzuntza zentroentzako ipuin baten bideoa, kanta, dokumentala eta beste hainbat eduki prestatu dituzte. Euskaltegietarako, jolas interaktiboak edo guraso eta seme-alaben arteko transmisiorako materiala.

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan aurkeztu ditu Korrikak unitate didaktikoak. (Korrika)

Hezkuntza zentro eta euskaltegietarako unitate didaktikoak aurkeztu dituzte AEK, Korrika eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan. Bilduma euskararen aldeko lasterketaren webgunean dago eskuragarri, eta ikastetxeetarako unitate sorta osorik online lantzeko aukera dago.

Aipatutako bilduma bi material sortaz osaturik dago: hezkuntza zentroei zuzendutako sorta eta euskaltegietarako sorta. Lehenengoei dagokienez, unitateek hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen dituzte, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean. Iñaki Zapirain unitateen egileak aipatu duenez, «aurtengo nobedadeen artean ipuin baten bideoa dugu, Pilota gorri baten ipuina, alegia; Gaizka Chamizo aktorearekin egindako elkarlana. Bestalde, unitateetan aurtengo Korrikaren kanta, dokumentala eta omenduak ere jorratzen dira, eduki bakoitza maila ezberdinetara egokitua».

Amaia Lopez de Luzuriagak, bere aldetik, euskaltegietarako atazak aurkeztu ditu. Berak adierazi bezala, «aurten Korrikaren hainbat mugarriren inguruan sortu dituzte atazak». Era berean, «aberasgarritzat» jo du jolas interaktiboen erabilera, «hainbat trebetasun lantzeko balio baitu». Bestetik, aipamen berezia egin die gurasoentzat sortutako atazei, euskaraz ikasten ari diren guraso eta umeen arteko transmisioan eragitea helburu izanik.

Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, adierazi du elkarlana bi erakundeen «sinergiaren» fruitua dela. Unitatearen erakustaldi laburra egin dute Piarres Larzabal kolegioko ikasleek eta, adierazi dutenez, Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza zentro guztietan lantzeko modukoak dira.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu du hitza agerraldian eta elkarlana azpimarratu du: «Ikastolontzat ohore handia da ekimen honetan parte hartzea». Horrez gain, Tellituren esanetan, Korrikak «hamar-hamabi egunez haize freskoa eramaten dio tokian tokiko euskalgintzari». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak ere hartu du parte aurkezpenean.

Didaktikarien azalpenez gain, unitateen erakustaldi laburra egin dute Piarres Larzabal kolegioko ikasleek, 22. Korrikaren kantaren koreografia dantzatuz. Bestalde, kazetari lanak ere egin dituzte Ziburuko gazteek, eta bertaratutakoei Korrikaren gaineko galderak egin dizkiete.