Perfumerias Avenidaren aurka bezala arituz gero, Gernikak Ferrolen irabazi behar luke
Galiziarrak Ligan jarraitzeko borrokan daude 5-17 balantzearekin, nahiz eta bere azkenengo norgehiagokan Leganesi egurra eman. Malosten jokatu zutenean, bizkaitarrek 72-50 irabazi zuten. «Presio gutxiagorekin» jokatzeko eskatu die Mario Lopez entrenatzaileak bere jokalariei.
Sei dira dagoeneko Lointek Gernika Bizkaiak jarraian pilatu dituen porrotak eta gorantz begira jarraitzea nahi baldin badu, bolada txar hau behingoan eten behar du, nola edo hala. Alabaina, asteon Perfumerias Avenida taldearen aurka, nahiz eta 56-62 galdu azkenean, nolabaiteko argi printza bat zabaldu zen bizkaitarren jokoan. Bigarren laurdenaz geroztik erakutsi zuten jokoa berdintzera iritsiko balira, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak Baxi Ferrolen kantxan irabazteko aukera guztiak berarekin izan beharko lituzke.
9-12 balantzearekin, Top 8tik kanpo dago Gernikako taldea eta badu erreakzionatzeko garaia, oraindik ere Estudiantes, zortzigarren sailkatua hain zuzen, garaipen bakarrera daukalako. Iaz Liga txapelketako laugarren postuan amaitu zuten bizkaitarrek, baina aurten halakorik errepika dezaketela pensatzea txakur ametsetan denbora galtzea da, besterik gabe. Baina zortzi onenen artean lekua egiteko bolada txarra apurtu behar dute.
Baxi Ferrol aurkari aproposa litzateke larunbateko partida (17.00etan hasiko da), Galizian jokatu behar izanda ere. Ligako hamalaugarrena da Ferrol 5-17 balantzea aldean duela. Malosten elkarren kontra jokatu zutenean, 72-50 nagusitu ziren bizkaitarrak. Hori bai, ez da ahaztu behar aurreneko laurdenean Ferrol 11-14 nagusitu zela, behar baino hotzago ekin ziolako lehiari talde gernikarrak.
Bestalde, azkenengo jokatu duen partidan, Ferrol Leganesen gainetik pasa da: 77-50. Horrez gain, Gernikan maila oso ona eman zuen Milica Ivanovic jaurtitzailea izango dute bizkaitarrek aurrez aurre, eta ez da gainera Ferrolek duen jaurtitzaile fin bakarra, Patricia Cabrera, Geraldynn Leauepe eta Natalia Rodriguez ere oso arriskutsuak baitira urrutitik.
Hala ere, galiziarren jokalaririk arriskutsuena Taylor Koenen litzateke, batez beste 13,8 puntu eta 7,1 errebote lortzen baititu.
«Leganesi irabazi berritan, moralez gainezka egongo dira eta gainera, badakite mailari eusteko etxean gogor ekin beharko dutela. Guri dagokigunez, Ferrolen gogoa eta ekina berdindu beharko dugu eta horrez gain, Perfumerias Avenidaren aurka bigarren zatian erakutsi genuen intentsitate horren bidetik jarraitu beharko dugu», adierazi du Mario Lopezek partida bezperako prentsa agerraldian.
«Boladaka ari gara jokatzen eta behar baino lotuago, presio larregirekin. Zalantza gutxiagorekin eta biziago jokatu behar dugu, eta asko eskatzea ez bada, puntuak ez daitezela jokalari pare baten ardura bakarrik izan, guztiek ere apur bat eman dezatela bolada txar hau behingoz amaitzeko», gaineratu du entrenatzaile gernikarrak.