INFO

Zenbat soldadu errusiar hil dira erasoaldian? Moskuk 500 onartu ditu, Ukrainak 9.100 dio

Errusiar Armadaren erasoaldiak eragin duen zibil ukrainar hildakoen kopuruaz oso datu ezberdinak daude eta gauza bera gertatzen da soldadu errusiarrei dagokienez. Ukrainak 9.100 hil dituela ziurtatu du, baina 500 baino ez ditu onartzen Moskuk. Informazioa kontrolatzeko legea zorroztu du gainera.

Ukrainako Armadako zenbait kide, soldadu errusiarrekin talka egin ondoren, Kiev inguruko irudi batean. (Sergei Supinksy | AFP)

Askotan esan da egia dela gerra baten lehen biktima. Eta igarri zitekeen bezala, lehenengo aste honetan ezinezkoa da jakitea zenbat hildako eragin dituen Ukrainan Errusiak eginiko erasoaldiak, ez ukrainar zibil eta militarrei dagokienez, ezta Armada errusiarraren barruan ere. Azken honi buruz datu dantza adierazgarria gertatu da azken orduetan.

Ukrainako Indar Armatuek 9.100 militar errusiar baino gehiago hil dituztela ziurtatu dute ostiral honetan, Vladimir Putin Errusiako presidenteak otsailaren 24an herrialdearen aurkako erasoaldi militarra hasteko agindua eman zuenetik.

Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak Facebooken duen kontuan adierazi duenez, orain arte 9.166 soldadu errusiar hil dira. Moskuk emandako azken datua, baina, askoz txikiagoa da: 500 hildako inguru onartu ditu.

Halaber, Kieveko Gobernuak nabarmendu du Ukrainako indarrek 251 borroka-orga, 105 artilleria sistema, hegazkinen aurkako 18 sistema, 33 hegazkin, 37 helikoptero, 404 ibilgailu, bi ontzi, 60 erregai tanke eta hiru drone suntsitu dituztela. «Kalkuluak zailak dira liskarren intentsitateagatik», zehaztu du.

Putinek ostegunean ziurtatu zuenez, Ukrainako «operazio berezia aurreikusitako planaren arabera» doa. «Misio guztiak arrakastaz egiten ari dira», berretsi du agintari errusiarrak, herritarrei «aberriaren segurtasunaren alde borrokan» borroka zelaian kideren bat galdu duten familia guztiei babesa emateko eskatu aurretik.

Armadaren inguruko informazioaz lege aldaketa

Testinguru honetan, Errusiako Parlamentuko Behe Ganberak lege-proiektu bat onartu du ostiral honetan, indar armatuen ekintzei buruzko informazio «faltsua» zabaltzeagatik isunak eta espetxe zigorrak gogortzeko.

Agiria Estatuko Dumak onartu du, bigarren eta hirugarren irakurketen ostean, bertaratutako 401 legebiltzarkideen adostasunarekin, Interfax albiste agentzia errusiarrak jakitera eman duenez. «Proiektua berehala bidaliko da Federazioaren Kontseilura (Goi Ganbera)», adierazi du Dumako presidente Viatxeslav Volodinek.

Volodinek azpimarratu duenez, Federazioaren Kontseiluko bozketaren ondoren, proiektua Vladimir Putin presidentearen eskuetara bidaliko da, «bihar hau hitzez hitz indarrean egoteko aukera» bermatzeko.

Proiektuak aurreikusten du espetxe zigorrak luzatzea, gehienez 15 urtera artekoak, Armadaren jarduerari buruz «nahita gezurrezko informazioa zabaltzeagatik», «herritarrak eta Estatua babesteko eginkizunak betetzen dituzten bitartean».

Horrela, gutxieneko kondena hiru urtekoa izango litzateke. Desinformazio hori sare sozialen eta Interneten bidez hedatuz gero, zigorra bost eta hamar urte artekoa izan daiteke.

Edukiak «ondorio sozial arriskutsuak izan baditu», berriz, 15 urte arteko espetxe zigorra ekar dezake.

Vasili Piskarev Duma Estatuko Segurtasun eta Ustelkeriaren Aurkako Batzordeko buruak, Errusia Batuko diputatu Vasili Piskarevek, asteazkenean justifikatu zuen artikulu berri hori Errusiako Zigor Kodean sartu izana, Ukrainako gatazkaren ondorioz Armada gutxiesten duen «desinformazio kopuru handia» dagoela ziurtatuz.