INFO

Ordizia eta Gernikak kale egin dute El Salvador eta La Vilaren etxean, hurrenez hurren

Ampo Ordiziak zein Grupo Intxausti Gernika emaitza txarrekin itzuli dira Valladolid eta Alacantetik. Ordiziarrek ezin izan dute estu hartu txapelketako liderra eta gernikarrek kale egin dute La Vila bezalako arerio zuzenaren aurka. Biarritz Olympiquek ere galdu egin du Toulounen aurka. 

Gernika eta Ordiziaren arteko derbiko irudia, artxibokoa; asteburu honetan biek galdu dute. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ampo Ordiziak ezin izan du ezustekorik eman lidertzan jarraitzen duen El Salvadorren zelaian. 47-26 markagailuarekin galdu du errugbiko Ohorezko Mailako hamahirugarren jardunaldiko partidan. 

Valladolideko taldeak puntu bat ateratzen dio Lexus Acobendasi (29-23 irabazi dio Les Abellesi) eta lau puntu EB Santboianari (Recoletas Burgos hartu du mendean, 34-28).

Jaun eta jabe izan da El Salvador, eta partida lehendabiziko ordura iritsi denerako erabakita utzi du garaipena. Zazpi entsegu lortu ditu; horietariko bi, Miguel Lainzek. Partidaren azken hatsean, Oier Goiaren eta Muharua Wilhelnm Katjijekoren entseguekin bakarrik lortu du Ordiziak markagailua apur bat atontzea. Hilabete barru, apirileko lehen asteburuan, errebantxarako aukera izango du Kopako finalerdian.

Gernikaren porrota La Vilaren aurka

Grupo Intxausti Gernikak ere ezin izan du emaitza positibo bat atera jardunaldi honetan. Porrotarekin itzuli da La Vila arerio zuzenaren etxetik (20-8). Hil ala biziko dema zen basurdeentzat eta kale egin dute sailkapenean beraien aurretik zegoen taldearen aurka. 

Gernikarrak azken sailkatuak dira –jaitsiera zuzeneko postuan daude, alegia– eta porrot honekin, Ohorezko Mailan mantentzea asko gehiago zaildu zaie. 

Biarritzek ere kale, Toulounen aurka

Biarritz Olympiquek ere ezin izan du garaipena erdietsi Touloun taldearen aurka. Etxean aritu dira lapurtarrak baina galdu egin dute sailkapenean beraiek baino bi postu gorago dagoen taldearen aurka (17-45). Hala, Top 14ko azken postua atzean utzi ezinda dago Biarritzeko taldea.