Bi muturretako beharrak, Zubietako derbian
Kopako garaipenak bultzatuta, Realak Ligako erritmoa hobetu behar du bigarren postuari eusteko. Eibarrek, berriz, jaitsieratik alde egiteko nahi ditu puntuak. Alavesek, bestetik, Bartzelona liderra hartuko du etxean.
Hiru asteko etenaldiari amaiera emateko, denboraldiko jardunaldi erakargarrienetakoa eskaintzen du egutegiak asteburu honetan. Real Madrilen eta Athleticen arteko neukertarekin hasi, eta Zubietako derbiarekin eta liderrak Alavesi egingo dion bisitarekin amaituko da euskal taldeentzat. Eta menua borobiltzeko, etxetik kanpora begira bada ere, Realaren eta Eibarren aurkari zuzenenek elkarren kontra lehiatuko dute (Atletico-UD Granadilla alde batetik eta, bestetik, Sporting-Rayo eta Madril CFF-Valencia).
Garrantzi handiko jardunaldia izango da, beraz, talde askorentzat. Eta, zoritxarrez, bihar Zubietan jokatuko den derbian (12.00, RSTV), baten irrifarreak bestearen negarra eragingo du. Sailkapenaren bi muturretako beharrek egingo dute talka. Kopan irabazi ondoren suspertuta, Realak Ligako azken jardunaldietako erritmo motela –puntu bakarra lau partidatan, bere egutegiaren zati gogorrenean– bizkortu behar du bigarren postuari eutsi nahi badio, bestela Granadillak eta Atleticok txuri-urdinak gainditzeko aukera izango dute.
Donostiarrek talde bakarra badute gainetik, Eibarren kasuan Rayo da orain arte puntu gutxiago eskuratu dituen talde bakarra. Orain dela bi jardunaldi Bartzelonan galdu ondoren, armaginak jaitsiera postuetan sartu ziren –Lehen Mailara igo zirenetik lehen aldiz– eta egutegiak hainbat aurkari zuzenen bisita Unben hartzeko aukera eskainiko dien arren, gustora hartuko lituzkete ezusteko puntuak ere, hil ala biziko partida horietara oxigeno gehiagorekin heltzeko. Gainera, jardunaldiak aukera polita eskaintzen die, sailkapenaren azken bost postuetan dauden gainontzeko lau taldeek elkarren kontra jokatuko baitute.
Faborito garbia da Reala baina Natalia Arroyok ez ditu nahi ahaztu Eibarrek, nahiz eta lehen itzuliko partida hura galdu, Unben emandako irudi ona eta sortutako arazoak. «Oso gogorra izan zen guretzat, konplikazio asko sortu zizkigun bere planteamenduarekin», esan zuen entrenatzaile txuri-urdinak. «Gauza asko eragiten ditu ausarta delako estutzerako orduan, jokalari guztiak parekatzen dizkizulako zelai osoan zehar eta hori oso estresantea da… Ikusiko dugu ze puntura arte traba egiten digun bere planteamenduak, ia gure bertuteak topatzeko gai gare eta ea sailkapenean duten egoera nabaritzen duten, egia baita puntuen behar handia dutela», azaldu du Arroyok.
Realak Nuria Rabano berreskuratu dezake derbirako eta Eibarren deialdira, bere aldetik, Noelia itzuli da azken hiru hilabetetako partidak harmailetatik jarraitu ondoren. Bernabe eta Morera ere eramango ditu Zubietara Ana Junyentek eta Arola izango da, beraz, armaginen baja bakarra.
Beren entrenatzailearen esanetan, «zoragarria» da Reala egiten ari den denboraldia eta «oso konplikatua» Donostiatik emaitza on batekin bueltatzea. «Baina ilusioa eta jokatzeko gogoak» ditu Eibarrek eta itxaropen txiki bat ere bai: aurkariak asteazkenean jokatu izanaren «nekea nabaritzea. Horrek aukera gehiago eman diezaguke, talde potentea dela, aldaketak laster egin zituela eta jokalariak erreserbatu zituela dakigun arren».
Alaves-Bartzelona, Ibaian
Eibarren erronka zaila bada, Alavesena ezinezkotzat har dezake. Orain arte horrela izan da gainontzeko guztientzat, behintzat, inork ez baitu oraindik gainditu igande honetan Ibaia bisitatuko duen Bartzelona (12.00, Teledeporte).
Lehen itzulian gasteiztarrek sartu zioten liderrari denboraldi honetan jaso zuen lehen gola. 22 jardunalditan zortzi besterik hartu ez dituela ez da nolanahiko gauza. Baina nahikoa ere ez da horrelako talde bat gainditzeko. Gainontzeko aurkariak bezela, «puntu ahulak» dituen arren, ez da erraza aurkitzea, «partida perfektoa» egiten den bitartean, premisa biak baitira ezinbestekoak.
Alavesen asmoa hori izango da baina, batez ere, «abiapuntua ilusioan» jarriko du. «Orain dela gutxi talde hau Reto Iberdrolan zegoen –gogoratu du entrenatzaile zuri-urdinak– eta munduko talderik onena Ibaiara etortzeak motibazioa eta gogo eta ilusio gehigarria eman behar dizkigu». Lasaitasunetik ekingo diote arabarrek partidari ere, azken bolada honetan emaitza eskasak lortu arren, koltxoi erosoa mantentzen baitute, lehen itzulian egindako lan onari esker.