INFO

Genero estereotipoak gainditzearen garrantzia nabarmendu du Lezertua Arartekoak

Asteartean Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Arartekoak genero estereotipoak gainditzearen garrantzia nabarmendu du bere aurtengo adierazpenean. Gasteizko Parlamentuak onartu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako euskal Legearen bigarren aldaketa nabarmendu du.

Manu Lezertua EAEko arartekoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Oso garrantzitsua dela genero estereotipoak gainditzea, izan ere, irizpide sexisten arabera aurrez zehaztutako eginkizun batzuen menpe jartzen dituzte emakumeak, eta horiek diskriminatzea ahalbidetzen dute», adierazi du Manu Lezertua EAEko Arartekoak asteartean ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Erakunde adierazpenean azaldu duenez, genero baten aldeko joerak eta estereotipo sexistak gure bizitzako eremu guztietan adierazten dira (harremanak, kirolak, jaiak, kultura, ekonomia, lana, aisia, politika, zientzia…) «eta bereziki eragiten dute emakumeen eta neskatoen gorputzetan, gorputz horiek gizarte presio izugarria jasaten baitute gauza bihurtzen dituzten arau artifizial batzuetara egokitzeko».

Estereotipo sexistek, batik bat emakumeei eta neskatoei egiten dietela kalte azpimarratu du Arartekoak: «Gizarte eskakizun ikaragarri eta bidegabe baten menpe jartzen ditu, aurrez ezarri diren arau batzuk bete ditzaten, eta, gainera, menderatuen eginkizunak edo gizartean balio gutxiago dutenak ematen zaizkie nahitaez».

«Baina, horrez gain, estereotipo horiek mugatu egiten dute mutikoek eta gizonek, pertsonak direnez, lasai garatzeko duten askatasuna, gizaki izateak eskaintzen digun aberastasun osoan. Emakume-gizonentzat, neska-mutikoentzat kaltegarriak diren estereotipo horiek gainditzea, beraz, egin beharreko urratsa da berdintasunerako bidean, mundu barneratzailea lortzeko, sexismorik eta diskriminaziorik gabea», gaineratu du.

Arartekoak oso garrantzitsutzat jo du Gasteizko Parlamentuak onartu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa: «Lege horrek oinarri batzuk jarriko ditu tresna hobeak izan ditzagun emakumeen oraingo eskaerei eta genero berdintasunak gure euskal gizarteari oro har jartzen dizkion erronkei erantzun ahal izateko. Hori benetan ezartzen denean, aurrera egin ahal izango da, denon artean denontzako gizarte zuzen eta berdinzalea eraikitzeko».