INFO

Berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzen du Gorbeialdeak

Arabako eskualdeak urrats garrantzitsuak egin ditu parekidetasunaren alorrean azken urteotan. Berdintasun zerbitzuak zeresan handia izan du horretan, udal langileek eta herritarrek horren aldeko kontzientzia hartzen lagundu baitu.

Gorbeialdeko emakumeek Legution egindako topaketa baten amaierako jaia. (NAIZ)

Emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatu eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, 2016an Gorbeialdeko Berdintasun Zerbitzua jarri zuten abian. Horretarako tresna nagusia da bi urte geroago onartutako I. Berdintasuna Plana. Jone Unzaga da eskualdeko berdintasun teknikaria.

Sei udalerriri eskaintzen die zerbitzua –Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia– eta eskualdeari, oro har. Berdintasuna udaletako jarduera arlo guztietako planetan eta neurrietan zeharka sartzen ahalegintzen dira, lau gai nagusitan ardaztuta: gobernu ona, emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboa, zainketa eta indarkeria matxista.

Politika bateratuak izan arren, udalek programazioa mugimendu feministarekin, emakumeen elkarteekin edo bestelako elkarteekin adosten dute. Batzuk eskualdetik bideratzen dira «eskualde izaera bateratu eta indartzeko»; ekintza zehatzagoak, berriz, udalerriz udalerri, bakoitzaren «erritmo eta errealitateak» errespetatuz.

Jarduera guztiak, gainera, Laia Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskola barruan kokatzen dira. 2016an sortu zuten eta ez da kasualitatea nekazariek lurra iraultzeko baliatzen duten tresnaren izena jarri izana.
Udalerria gainditu eta Araban berdintasunaren gainean egiten diren jarduera guztiak babesten dituen aterkia da. Ez da eskola fisiko bat, ahalduntze prozesuan laguntzea du xede. Zuian, esaterako, ekofeminismoari buruzko jardunaldiak egin zituzten, azaroan, Setem-Hego Haizeak dinamizatuta, zaintza eta baliabide naturalei lotutako eskaera egin zutelako herritarrek.

Ikuspegia eta zeharkakotasuna
Oraindik egiteko asko badago ere, Jone Unzagaren ustez, Berdintasun Planak aldaketa handia ekarri du, orain kontzientzia hori badelako. «Egunerokoan nabari da, eta zeharkakotasuna du, adibidez, kultura teknikariak programatzen duenak ere ikuspegi hori izatea. Ordura arte, pertsonen borondatearen araberakoa zen», azaldu du.

Erantzuna gero eta hobea nabari dute eta saiatzen dira jomugan duten taldearen araberako ekimenak egiten. Aurten gizon talde batekin lanean hasi dira maskulinitatearen gaineko hausnarketa egiteko eta oso harrera ona izan dute. «Orain arte ez dugu halakorik egin, beti zuzendu dizkiegu ekimen guztiak emakumeei. Gure sorpresarako oso harrera ona izan dute eta hortik prozesutxo bat abiatzea espero dugu eta gizon talde bat sortzea».

Halakoez gain, iaz festak aztertu zituzten genero ikuspegitik. Kuadrillako zenbait egitarau hartu, eta nori zuzenduta zeuden aztertu zuten. Jaietan gertatzen diren sexu indarkeria kasuei buruz ere hausnartu dute jai batzordeekin batera, zertan hobe dezaketen eta arreta non jarri ikusteko.

Martxoaren 8ko lanketa ere tokian toki egiten dute. Zuian kultura, euskara eta berdintasun atalek elkarlanean prestatu  dute udalaren proposamena. Kontzertuak, bakarrizketak, Olatz Salvadorren kontzertua... Korrika Kulturalarekin bat egiten duenez, berdintasuna erdigunean duten kultur ekimenak prestatu dituzte.