INFO

Emakume migranteak, zaintza lanen zamadun nagusiak, lehen lerroan Bilbon

Martxoaren 8ko ekitaldien barruan, Bilbo Feminista Saretzen, Migratu Feministak eta Soziosanitarioak, Famek eta Torre Babel eragileetako kideek performance bat antolatu dute emakume migranteek pairatzen duten egoera ikusarazi eta salatzeko.

Garai bateko zirgarien lana egungo emakume zaintzaileen lanarekin alderatzeko performance bat egin dute mugimendu feministako kideek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan, Bilboko arratsaldeko ekintzei hasiera emateko xedez, Bilbo Feminista Saretzen, Migratu Feministak eta Soziosanitarioak, Famek eta Torre Babel eragileetako kideek performance bateratu bat antolatu dute Uribitarteko pasealekuan, itsasadarraren ertzean. Hala ere, aktibista feministek ez dituzte beraien aldarrikapenak edonola aukeratutako puntu batean plazaratu, baizik eta ‘Zingariak’ eskulturaren parean.

‘Zingariak’ Dora Salazarrek sortutako eskultura bat da, non 2,5 metroko lau emakume zirgari azaltzen diren itsasontziak atoira eramateko soka bati tiraka, bertan batu diren aktibista feminista eta antiarrazisten aburuz, «idiak bezala eta inork egin nahi egin ez dituen lanak betetzen».

Zingarien lan egoerarekin identifikatuz, ildo beretik joan da bertan bildu diren hamarnaka emakume migratuen aldarria. Izan ere, Maria Juncaik, Emakume Migratu Feministak eta Soziosanitarioen elkarteko kideak, azaldu du migrante moduan Euskal Herrira heltzen direnean, emakume migratuek aurkitzen duten lehen lana «etxeko barne erregimeneko zaintzaren arlokoa» dela. Horregatik, barne erregimeneko zaintzaren «abolizioa» eta zaintzen «publifikazioa» exijitu du.

Hortaz gain, aniztasuna jarri dute erdigunean bildutako andreek: jatorri, hizkuntza eta arraza aniztasuna, besteak beste. Gerturatutakoei jatorri desberdinetako emakumeek sortutako sareak bisualki erakusteko xedez, Salazarren eskultura jatorrizko herrialdeetako hamarnaka banderekin josi dute. Banderak emakume hauen aniztasuna erakusteko nahikoa izango ez balira, jaiotza herrialdeko jantzi tradizionala soinean eraman duenik ere egon da. Hori bai, guztiak mugimendu feministaren ikur bihurtu den kolore moreko apaingarriekin lagunduta, noski.

Aipatutako dibertsitate horren barruan, Fameko (Fortaleciendo Alianzas de Mujeres Congovascas Empoderadas), kidea den Marie Luziak, aldiz, deitoratu du emakume migratuei ez zaizkiela aurretik egin dituzten ikasketak edo lan esperientzia kontuan hartzen: «Aurten fokua zaintzen aferan jartzen saiatuko gara. Hala ere, ez dugu hori bakarrik ikustarazi nahi. Emakume migratuak askotarikoak gara eta ez gaude zaintzen arloan bakarrik. Horregatik aldarrikatu nahi dugu gure aurretiazko lan ibilbide, karrera profesional eta bestelakoak aintzat hartzea, zaintzen esparruan bakarrik kategorizatzen gaituztelako, gainontzeko beste sektore guztiak ezkutatuz».

Erregularizazio beharra

Era berean, batzuk performancea burutzen ibili diren bitartean, beste kide batzuk sinadurak biltzen ibili dira. Sinadura horiekin, egoera irregularrean dauden 500 migranteren egoera erregulatzeko galdegiten zuten emakumeek.

Bere bolaluma eta sinadura taulak eskuan, Fernanda Calleja, jatorriz nikaraguarra, bertaratutakoei sinadurak eskatzen ibili da. Hori bai, emakume migranteei NAN espainiarra ote zuten galdetuz, izan ezean beraien sinadurak eta aldarrikapenak ez baitira administrazioan onartuak izango.

Callejak salatu du Euskal Herrian 10 urte daramatzaten eta oraindik beraien egoera erregulatzea lortu ez duten kideak ezagutzen dituela. «Honek esan nahi du emakume asko esplotazio laboralaren biktimak garela, barne erregimenean adinekoen zaintzaz arduratzeaz gain, etxeko lanez arduratzen garelako», adierazi du.

«Mugimendu feminista erabat inbolukratu behar da. Estatu honetan emakume batzuk egoera administratibo irregular batean gauden bitartean, eskubideak errespetatzen ez dituen atzerri lege arrazista batek zapaltzen gaituen bitartean, ez gara libreak izango», ebatzi du Callejak.

Bukatzeko, Callejak deitoratu du emakume errefuxiatu zein migranteak «bizi testigantza sinpleetara murrizten» dituztela sarritan, eta hori ere «indarkeria» dela.

Aniztasunaren dantza

Emakume migratuen performancearen ostean, zeinetan parte hartzaileez gain beste hamarnaka ikusle batu diren, dantzaren txanda iritsi da. Bozgorailu batzuen laguntzaz, zinta eta tutu morak zeramatzetan haurrak zein ilea erabat urdinduta zuten emakumeak elkarrekin dantzan hasi dira ‘Zingarien’ aurrean.

Performancearen osteko dantza saioa, adin eta arraza guztietako emakumeekin. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Performancearen osteko dantza saioa, adin eta arraza guztietako emakumeekin. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Aldarri feministaz lepo egon den kantaren koreografia prestatuta ekarri dute jada eta jai giro alai batean bukatu dute emakume migranteek hasitako performancea gero Jesusen Bihotzetik hasita Bilbo zeharkatuko duen manifestaziora elkarrekin joateko.