INFO

‘Sastraka/Maleza’, sormenak eta adiskidetasunak bat egiten duten lekua

Lan multidiziplinarra da ‘Sastraka/Maleza’ (Erein), eta Pello Lizarralderen testu narratibo batean du sorrera. Horietan oinarrituz sortu zituen ondoren margolanak Jose Ignacio Agorretak eta Imanol Ubedak jarraian hamabi kantu konposatu. Imanol Rayok itxi zuen zirkulua argazki bilduma batekin.

‘Sastraka/Maleza’ lanaren egileak; ezker eskuin, Lizarralde, Rayo, Agorreta eta Ubeda. (Jon URBE | FOKU)

Lan multidiziplinarra da ‘Sastraka/Maleza’ (Erein), su txikian landua. Modu harmoniatsuan uztartzen ditu narratiba, margoa, musika eta argazkilaritza, eta hari ikusezin batek batzen ditu denak: proiektu berezi hau ez litzateke ulertuko, ezta ziur aski posible izango ere, lau egileen artean dagoen adiskidetasuna existituko ez balitz.

Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956) idazlearen testu batean dago guztiaren abiapuntua. 2019. urtea zen Jose Ignacio Agorreta (Iruñea, 1963) margolariari testua bidali zionean, hark ondoren modu librean sortu zezan.

Hamabi ataletan banatuta, testu laburra «ezinezko bidaia» bezala deskribatu du idazleak berak ostegun honetan Donostian egin den aurkezpenean. «Idatzi berritan ez nekien zer idatzia nuen, eta gerora ohartu nintzen, hitz gutxitan esanda, ezinezko bidaia bat dela. Eta bidaia hau ezinezkoa da hain zuzen ere ilusio batek eragindako bidaia bat delako. Gaztetan oroitzapenak bakanak etortzen dira eta askok minik egin gabe etortzen dira. Eta gainera esango nuke urriak [direla]».

Pertzepzioak aldatu egiten dira, ordea, denbora igarotzen den neurrian, uste du. «Urteak bete ahala oroitzapen horiek trumilka etortzen dira eta ilusio bat pentsarazten digute, garai batekoak berritu egin daitezkeela eta gozoak direla, baina gozoak dira iraganekoak direlako. Bidaia hori hasten dugunean ilusio horrek eraginda aurreikuspen batzuk egiten ditugu, baina bidaiaren buruan konturatzen gara dezepzioa eta mamuak besterik ez daudela». Orduan konturatzen gara, egilearen hitzetan, «bidaia horrek merezi ez zuela ziur aski ere oinazea besterik ez digulako eragin».

Carlos Pujol idazle kataluniarraren hitz batzuk gogora ekarri ditu Lizarraldek zer sentitzen duen laburbiltzeko: «Ez dago inoiz inora itzultzerik, baina itzuli egin behar da hori jakiteko».

Jose Ignacio Agorretak gogotsu jaso zuen testua, baina ez du ezkutatu sentitu zuen beldurra, amildegia. ‘Niretzat idatzi du’ horrek erantzukizun handia eskatzen zuelakoan. «Egin zidan mailako eskaintzari zegokion moduan erantzun nahi nion margoarekin; zalantzak zalantza, berehala uxatu nituen mamuak, irakurtzen jarri ahala jarioan etorri zitzaizkidan irudiak burura», oroitu du margolariak.

Letra eta margoaren ostean…

Sei edo zazpi margolan eginda zituela jo zuen Imanol Ubedarengana. Kontatu duenez, atal bakoitzeko, hamabi, kantu bat sortu dute. Sastrakak. Batetik hamabira. Ez dute izenbururik, eta testu narratiboaren segida berbera erreproduzitu dute. Ubedak ere ez du ezkutatu erronka izan dela, beldurra, zalantzak, bere lan egiteko metodologian aldaketa suposatu duelako proiektuak. «Guk normalean kantak letretatik abiatuta edo poemetatik abiatuta idazten ditugu, baina kasu honetan Pelloren narraziotik abiatu gara, testu narratibo batetik hartu ditugu kantuetako esaldiak, pasarteak, eta hori gauza berria da».

«Hau berez ez zegoen kantatzeko idatzia, horregatik, irakurri nuenean ezintasun handi bat sentitu nuen, hor ez nuen kanturik ikusten», onartu du. Pare bat esaldi apuntatu zituen, «lehenengoa eta azkena», esan du barre artean, eta horrekin egin zituen sastraka bat eta hamabi. Obra guztia biltzen duen liburuan bertan txertatuta dator espreski osatu duen diskoa. «Ez da modu errazena izan, baina bai izan dela oso jakingarria, zeren kantak egiteko beste modu bat piztu dugu. Zeren nire izena dator, baina egokiagoa da Don Inorrez aipatzea».

Imanol Rayo da laugarren hanka. Bere ohiko bide artistikoa, zinema, alde batera utzi, eta beste pasioa praktikatu ahal izan du: argazkilaritza. «Iraganera itzultzeko ezintasunaz ari dela jabetuta (…), Pelloren testuekiko leial jokatuz baina forman haietatik erabat aldenduko zen zerbait egitea pentsatu nuen», kontatu du zuzendariak.

‘Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik’, dio testuan esaldi batek. Eta konturatu zen horixek berak bat egiten zuela garai hartan bere aitaren aldeko familiaren baitan zuten auzi batekin: Almaden (Ciudad Real) herri txikian familiak zuen etxearekin zer egin erabaki. Uda asko han pasatakoa, aspaldi oroitzapen bat baino ez dira meatze tradizioak utzitako garai oparoak. Gaur egun, ahanzturan murgilduta dago.

Memoria hura duintzea eta ohoratzea bururatu zitzaion, eta horretarako herrian zehar argazki ibilbide bat proposatzen du amonaren etxetik abiatu eta kanpoaldean dagoen jauregi neoklasiko bateraino. Unean uneko jasotako soinuak disko batean bildu ditu Rayok, eta hau ere liburuan txertatuta dator.

Emanaldi bereziak

Beraz, ‘Sastraka/Maleza‘ bada liburu bat, baina ez hori bakarrik. Asko eman dezakeela sinetsita, ibilbide bat egingo du Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia bisitatuz. Proiektu honen baitan sortu den guztia ikusgai egongo da eta, gainera, Imanol Ubedak emanaldia bana eskainiko du zuzenean diskoa aurkezteko.