Txernobil elkarteak 200 adingabe «blokeatuta» daudela salatu du
Txernobil elkarteak azken urteetan lagundu dituen familiak Poloniako muga segurutik oso urruti daude eta, beraz, «herrialdea uztea pentsaezina da beraientzat». Elkarteak korridore humanitario seguru bat sortzeko eskatu du.
Hego Euskal Herriko familiekin uda igarotzeko programen ondorioz harreman handia duten ia 200 adingabe ukrainar «blokeo egoeran» daude, Errusiako armadak kontrolatutako herrixketan bizi direlako. Haientzat ez da korridore humanitariorik ezarri, ez baitaude hirigune handiak dauden eremuetan.
Egoera horren berri eman dute ostegun honetan Donostian egin den prentsaurrekoan Marian Izagirrek eta Olatz Linazisorok, hurrenez hurren, Txernobil elkarteko presidente eta presidenteordeak. Erakunde honek 400 adingabe eta haien familiak Ukrainatik ebakuatzeko gaitasuna du egun.
Eneko Goia Donostiako alkateak ere parte hartu duen agerraldian azaldu dute behar adinako babesa dutela, administrazio publikoena barne, autobusez Poloniara joan eta haur guzti hauek hartzeko. Baina hori ez da arazoa, nabarmendu dutenez, haurrek eta beren amek beren herrialdea uzteko modua aurkitzea baizik.
Duela hamarkada bat inguru Txernobil elkarteak Ivankiv eskualdeko herri txikietan zentratu zuen bere lana. Baina handik gertuen dagoen muga segurua Poloniakoa litzateke, 500 kilometroa. «Beraz, familien baliabide ezagatik eta distantziagatik, herrialdea uztea pentsaezina da beraientzat», ohartarazi dute.
Hortaz, Ivankiveko hamar bat haur baino ez dira mugara joaten ari, «Kiev-etik gertuen bizi direlako edo Errusiaren inbasioak han harrapatu zituelako».
Beren herrietan daudenen berririk ez dute joan den larunbat arratsaldeko bostetatik aurrera, ezta elkartearekin elkarlanean ari diren boluntarioen berririk ere. Haien mezu laburrek «bizirik zeudela» esatetik «gosea zutela» esatera igaro ziren.
«Ikaragarria da nola dauden ez jakitea. Argirik ez dutenez, gainera, bateriarik gabe geratzen ari dira mugikorretan», esan du Izagirrek.
Zehaztu duenez, 2019ko udan, pandemia aurreko azkenekoan, Euskal Herrian 192 haur izan ziren. «Gure senitartekoak dira», gaineratu du.
Korridore humanitarioa
Horregatik guztiagatik, Txernobil elkarteak korridore humanitario seguru bat sortzeko eskatu du, herrialdearen iparraldera iritsiko dena, eta Europar Batasunari eskatu dio, bere zuzentarauak betez, «Ukrainako errefuxiatuen ostatua eta mantenua berma ditzala, baldintza burokratikoak eta legalak ahalik eta gehien murriztuz eta inoren kontura lan egin dezaten ahalbidetuz».
Halaber, eskatu dute kontuan har dezatela adin txikiko horiek Euskal Herriko familiekin duten lotura, «Ukrainaren iparraldean korridore humanitario bat lortzeko eta bonbetatik urrun dagoen eremu batera eramateko kudeaketetan aparteko ahalegina egiteko».
Laguntza humanitarioa
Txernobil Elkarteak, herri horiei laguntza humanitario «materiala» helaraztea ezinezkoa denez, kanpaina bat jarri du abian, «Erradiazioa eta orain, gerra» lelopean. 1996. urteaz geroztik lan egiten duten «familia eta komunitateetan agertuko diren oinarrizko beharrei tokian erantzuteko» funtsak lortzea dute helburu.
«Horretarako, konfiantzazko boluntarioen sarea dugu. Bildutako diru guztia erabiliko da elikadura, sendagai, aterpe, putzuen konponketa edo baliabiderik gabeko familien azpiegituretarako. Eta, kasua iritsiz gero, adingabeak eremu seguru batera joateak ekarriko lituzkeen kostuak ere murrizteko erabiliko genuke», azaldu du Izagirrek.
Kanpaina honetarako sortutako kontu zenbakia ES62 2100 6491 1222 0003 6970 da.