INFO

Amiantoaren funtsari buruzko proposamena ez indargabetzeko eskatu diote Kongresuari

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek ekimen bateratu bat erregistratu dute ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarrean, Ganberak amiantoaren biktimak konpentsatzeko funts bat sortzeko egin zuen proposamena «ez indargabetzeko» eskatuz Kongresu espainolari.

Amiantoaren ondorioz hildako langileak omentzeko ekitaldia eta manifestazioa, CAFeko enpresa batzordeak deituta 2018an. (Juanan RUIZ / FOKU)

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk ekimen bateratu bat erregistratu dute Gazteizko Legebiltzarrean eta, horren bidez, Kongresu espainolari eskatu diote errespeta dezala amiantoaren biktimentzako funtsari buruzko proposamenaren «espiritua» eta azkenean onartzen den arauak «ez indargabetzea hasierako testua».

Kongresu espainola Gasteizko Parlamentuak 2019ko maiatzaren 2an onartutako eta ondoren espainiar Gorteetara bidalitako lege-proposamen bat izapidetzen hasi zen 2021eko apirilean, gehiengo zabal batek babestuta.

Gainera, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuaren negoziazioaren esparruan, EH Bilduk PSOEren eta Unidas Podemosen konpromisoa lortu zuen, amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko konpentsazio funtsa 25 milioi eurorekin hornitzeko.

Proposamen horretan, amiantoaren biktimak konpentsatzeko Estatuko funts bat sortzea planteatzen da. Material horrek heriotza ugari eta gaixotasun larriak eragin dizkie amiantoaren eraginpean egon diren pertsonei.

«Ahalik eta adostasun handiena»

Gainera, legegintza-ekimen hori izapidetzean, «ahalik eta adostasun handiena» bilatzea eskatu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, biktimen eta haien familien berehalako erreparazioa lortzeko.

Legebiltzarrak 2019ko maiatzaren 2an onartutako lege-proposamenak gogorarazten zuen 1994tik 2008ra bitartean 3.943 pertsona hil zirela Estatu espainolean amiantoari zuzenean lotutako gaixotasunen ondorioz. Duela urte asko eraikuntzan eta industrian asko erabiltzen zen substantzia hori debekatu egin da, kantzerigenoa delako.

Horregatik, amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko Estatuko funts bat sortzea eskatu du Legebiltzarrak, substantzia horren eraginpean egon diren pertsonen «kaltea konpontzeko».