INFO

«Balio ekologiko handiko» 28 kilometro ibai berreskuratu dituzte Gipuzkoan

Debako, Oiartzungo eta Oriako arro hidrografikoetako hamar ibaitan «balio ekologiko handiko» 28 kilometro berreskuratu dituzte. Horretarako, 1.780.000 euroko inbertsioa egin da 2018-2021 aldian, eta ibaiak lehengoratzeko beste zortzi lan aurreikusten dira.

Oria eta Leitzaran ibaiak batzen diren tokia, 2021eko abenduko euriteen ondoren. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoak 28 kilometro ibai berreskuratu ditu. Ildo horretan, Debako, Oiartzungo eta Oriako arro hidrografikoetako hamar ibai eta errekatan 37 oztopo kendu dituzte, bertako baldintza naturalak leheneratzeko eta biodibertsitatearen oreka hobetzeko.

Ekintza horiek testuinguruan kokatzen dituen Ibaietako Oztopoak Iragazkortzeko Planak hirukoiztu egingo ditu arrain-faunarentzako irisgarriak diren ibilguak, eta Gipuzkoako ibai-sarearen %70aren baldintza naturalak berreskuratuko ditu, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azaldu duenez.

Datorren astelehenean Ibaien Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna ospatuko denez, Asensiok eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosek Gipuzkoako ibai-sarearen baldintza naturalak berreskuratzeko egindako jardueren berri eman dute.

2018ko apirilean, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Oztopoak Iragazkortzeko 2020-2035 Plan Gidaria idazten hasi zen. Plan horretan, Gipuzkoako arroen egoera aztertzen da eta 228 oztoporen gainean jarduteko proposamen bat jasotzen da, 8,5 milioi euroko inbertsio ekonomikoarekin.

Dagoeneko martxan dagoen Planaren helburua da Gipuzkoako ibaietan arrainen irisgarritasuna berreskuratzea, eta horrek, praktikan, ibai sarearen %70 iragazkortzea ekarriko du. Orain arte, 28 kilometro iragazkortu dira ibaian, «balio ekologiko handikoa» Asensioren arabera, eta 1.780.000 euroko inbertsioarekin.

Egindako iragazkortze jarduketen xehetasunari dagokionez, nabarmendu dute gaur egun guztira 11 proiektu egin direla. Proiektu horiek Gipuzkoako 10 ibai eta erreketan (Agauntza, Alkiza, Araxes, Ermuaran erreka, Goikola, Karrika, Leitzaran, Oiartzun, Urola eta Urtsuaran) kokatutako 37 oztopo iragazkortzea ekarri dute. Oztopo horiek 3 arro hidrografikotan (Deba, Oiartzun eta Oria) eta 10 udalerritan zeuden (Alegia, Anoeta, Beasain, Elduain, Elgoibar, Idiazabal, Lazkao, Leaburu, Mendaro eta Oiartzun).

Hurrengo ekintzak

Aldundiak nabarmendu duenez, datozen hilabeteetan ibaiak lehengoratzeko 8 obra egingo dira. Zehazki, 6 presa txiki eraitsiko dira Deba, Ermuaran erreka eta Oiartzun ibaietan, eta Oiartzun ibaiko Olaetxe errota eta Urola ibaiko HUAren presa txikiak iragazkortuko dira. Ekintza berri horiek aurrera eramateko 420.000 euroko inbertsioa egingo da.

Plan Gidariaren arabera, 2020-2035 aldian, Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba ibaien arro eta ibaiadarretako 228 oztoporen gainean jardungo da. «Gure ibaietatik 420 kilometro baino gehiago lehengoratuko dira, arrain espezieen iragazkortasuna areagotuz. Jarduketa horiei guztiei esker, nabarmen hobetuko dira arrain espezieen migrazio arazoak; izan ere, 2035. urterako, egungo 221 kilometro irisgarrietatik 616 kilometrora igaroko gara», azaldu du Aldundiak. Jarduketa horietako askok Europar Batasunaren finantzaketa dute.