Ohiko lehiaketa sistema berreskuratua dator 2022ko GRABNI txapelketa
2020an bertan behera geratu ostean eta iaz fromatu txikian, eta Iparraldeko pilotaririk gabe, jokatu ostean «normaltasunez» jokatuko da aurtengo edizioa. Finalak Araban jokatuko dira maiatzaren 1eko asteburuan.
Afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuena, GRABNI, ate joka dugu –dagoeneko atzo partida batzuk jokatu ziren– eta azken bi urteetako etenaren ostean ohiko lehiaketa sistemarekin itzuliko da, nolabaiteko «normaltasuna» berreskuratuz. 2020an bertan behera geratu eta iaz oso formatu txikian, eta zailtasun administratiboen eraginez Iparraldeko pilotaririk gabe jokatu ostean, aurtengo ekitaldiak azken urte luzeetako eran arituko dira Gipuzkoako, Errioxako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko selekzioetako pilotari onenek.
Txapelketan zehar denak denen aurkako bost jardunalditako ligaxka bat jokatuko da, bertako onenek finalerdiak jokatuko dituzte apirilaren 24an Nafarroan eta Errioxan eta finalak maiatzaren 1eko asteburuan daude iragarrita, Arabako pilotaleku desberdinetan. Lehen jardunaldi honetan Iparralde/Bizkaia, Errioxa / Nafarroa eta Araba/Gipuzkoa partidak jokatuko dira.
Erremonterik ez
Ezker paretan paleta gomaz, paleta larruz, pala motzean, eskuz banaka, eskuz binaka, zesta puntaz –binaka eta banaka–, palaz eta frontenisean arituko dira eta trinketean berriz eskuz –banaka eta binaka–, paleta argentinarrean, larruzko paletaz eta xarean.
Ezker paretan eta trinketean federazio txapelduna zehazteko, bakoitzak txapeldun desberdin bat izango du, lehen irizpidea hiru mailetan txapelik gehien nork dituen izango da. Azken urte luzeetan Nafarroa izan da ezker paretako txapelduna