INFO

Zuberoako hautetsiek bat egin dute espekulazioa salatzeko deituriko ekimenarekin

Borda bat 351.800 euroko prezio neurrigabean saltzeak ika-mika sortu zuen Lakarrin. Herriko auzapezak, Dorothee Nabarrak, eta baita Zuberoako hautetsiek ere, larunbat honetan salmenta hori salatzeko deia egin dute.

Lakarrin 30.000 euroren truke erosia izan zen borda bat 351.800 euroan saldu berri da. @Guillaume FAUVEAU

Lakarriko Herriko Etxeak jakinarazi duenez, 2015ean 30.000 euroren truke erosia izan zen borda bat 351.800 euroan saldu berri da, bigarren etxebizitza izateko.

Herriko auzapezak, Dorothee Nabarrak, nabarmendu du espekulazioaren arazoa gero eta larriagoa dela Zuberoan, Ipar Euskal Herri osoan bezala.

Bigarren etxebizitza kopurua ez da anekdotikoa, guztira 100 etxetik 39 erabilpen hori baitute Lakarrin.

Otsailaren 22an, Dorothee Nabarra Alda elkarteko kideekin bildu zen egoera horri konponbide bat galdetzeko. Larunbat honetako manifestazioa izanen da lehen urratsa. Protesta 10.00etan iraganen da herriko pilotalekuan.

«Ekintzarako eremuak mugatuak dira baina gure gazteengatik zerbait egin behar dugu» adierazi zuen Kazeta.eus atariaren bidez salmentaren berri ukan ondoren hautetsi zuberotarrak.

Bigarren salmenta saiakera

Auzia ez da berria. Iaz, jabea borda 375.000 euroan saltzen saiatu zen higiezinen bulego baten bidez.

«Herriko Etxean Departamenduko Lurralde eta Itsasoko Zuzendaritzaren baimenaren legaltasuna egiaztatu genuen. Borda etxebizitza nagusi gisa deklaratu zuela ikusi genuen gero, baina berez bigarren etxebizitza bat da» azaldu duen auzapezak.

Egoeraz jabetu zenean zerga egituretara gutun bat igorri zuen Herriko Etxeak gainbalioan %35eko tasa jar zezaten. Orduan, jabeak iragarkia kendu zuen.

Alta, «susmatzen genuen saltzeko asmoa izanen zuela», azaldu du Dorothee Nabarrak. Urtebete beranduago susmoa bete dela ikusirik, Herriko Etxeak espekulazioaren aurkako plana martxan jartzeko deliberoa hartu du.