INFO

Athleticek eta Realak jokatuko dute VI. Euskal Herria Txapelaren finala

Denboraldia amaitu bitartean oraindik bi derbi falta diren honetan, zuri-gorriek eta txuri-urdinek ziurtatuta dute dagoeneko finala jokatzea. Nahiz eta partida bat falta zaion, etxeko taldea –zelaia aukeratuko du honek– Athletic izango da, elkarren aurkako emaitzak kontuan hartzen direlako.

Athletic eta Reala, denboraldi honetan San Mameseko derbian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Realak 1-0 irabazi zion igandean Alavesi denboraldi honetako hamargarren euskal derbian. Txuri-urdinen garaipenarekin, donostiarrak 11 punturekin berdinduta geratu dira Athleticekin –bizkaitarrei derbi bat falta zaie jokatzea, Alavesen aurka– VI. Euskal Herria Txapelan. Osasuna –oraindik beste bi derbi jokatu behar dituzte gorritxoek– hirugarren sailkatua da, 3 punturekin, eta Alaves, laugarrena, 2 punturekin.

Beraz, nahiz eta hirugarren posturako oraindik aldaketa egon daitekeen, bi lehenengo sailkatuak zeintzuk diren argi eta garbi geratu da dagoeneko. Hala, Athleticentzat hirugarren finala izango den bitartean –lehenengo edizioan Alavesen aurka 2-2 berdindu eta epaileak bertan behera utzi behar izan zuen finala–, Realak bosgarren finala jarraian jokatuko du –bakarrik lehenengo edizioan ez zen finalera iritsi–, azken lauetan denetariko emaitzak lortu ostean: 2018ko udan 1-0 galdu zuen Athleticen aurka; 2019an Eibarren aurka porrota jaso zuen baita ere (1-2); eta azken bietan Osasunaren aurka 2020ko udan 1-0 irabazi bazuen ere, iaz 1-3 galdu zuen.

Txapelketa honetako antolatzaile den Euskal Herria Kirolakek adierazi duenez, Athletic-Reala, orden horretan, amaituko da aurtengo txapelketa. Matematikoki orden horretan geltituko dira, Athletik, jokatzeko beste partida bat izanik ere, elkarren aurkako emaitzak kontuan hartuta aurretik dagoelako. Beraz, bilbotarra izango da etxeko taldea finalean, hau da, partida hori jokatuko den zelaia aukeratu ahal izango duena.

Normala denez, antolatzaileek oraindik ez dute datarik aipatu finala jokatzeko. Bitartean, VI. Euskal Herria Txapela 2021/22 edizioari beste bi partida falta zaizkio amaitzeko: Osasuna–Alaves (apirilaren 10eko asteburuan) eta Athletic–Osasuna (maiatzaren 15eko asteburuan).