INFO

Mark Cavendish beteranoak irabazi du Milano-Torino klasikoa, egutegiko zaharrena

36 urteko britaniarrak iaz Tourrean erakutsitako abiadura atera du berriz ere Nacer Bouhanni frantziarrari (Arkea) eta Alexander Kristoff norbegiarrari (Wanty) esprintean aurrea hartzeko. Alentejon, Caja Ruralek beste garaipen bat lortu du Orluis Aular venezuelarraren eskutik.

Mark Cavendish, helmugan besoak jasotzen (GIRO D'ITALIA)

Mark Cavendish beteranoa (Quick Step) nagusitu da Milano-Torino klasikoaren 103. edizioan. 36 urteko britaniarrak iaz erakutsitako abiadura atera du berriz ere Nacer Bouhanni frantziarrari (Arkea) eta Alexander Kristoff norbegiarrari (Wanty) esprintean aurrea hartzeko.

Euskaldunei dagokienez, Iñigo Elosegui (Movistar) 53. postuan sartu da helmugan, 15 segundora, eta Alex Aranburu 102. postuan, 36ra.

Txirrindulariek 197 kilometroko ibilbidea bete dute Magenta eta Rivoli artean, eta eguneko ihesaldia azkar sortu da, hiru ziklistez osatuta: Martin Marcellusi italiarra (Bardiani), Juan Diego Alba kolonbiarra (Drone) eta Daniel Viegas portugaldarra (Eolo).

175 kilometroan ibili da hirukotea ihes eginda, baina esprinterrentzat ibilbide egokia izanik, txirrindulari azkarrenen taldeek lan egin eta helmugara iristeko hogei kilometroren faltan harrapatu dituzte.

Ben Healy irlandarra (EF) izan da esprinta ekiditen saiatu den ausart bakarretako bat. Alberto Bettiol taldekidearekin batera egin du aurrera, baina Quick Step eta TotalEnergies taldeek ez diote tartea zabaltzen utzi.

Hain zuzen ere Peter Saganen taldea, TotalEnergies, izan da kilometro baten faltan esprinta bere alde bideratzen saiatu dena, baina Quick Step garaiz agertu da eta esku-eskura utzi dio garaipena Cavendishi.

Britainiarrak bere ibilbidean lortzen duen 159. garaipena da gaurkoa eta historia luzea duen Milano-Torino lasterketa –egutegiko zaharrena da, 1876an jaioa– irabazi duen txirrindulari beteranoena da.

«Edozein lasterketa irabaztea gustatzen zait. Milano-San Remo irabazita daukat, eta orain Milano-Torino ere bai. Ez da beti esprinterrek irabazten duten proba bat, eta horregatik pozik nago maila handiko beste txirrindulari batzuen alboan agertuko delako nire izena», adierazi du irabazleak amaieran, taldeak egindako lana eskertuz.

Larunbatean helduko da, hain zuzen ere, Milano-San Remo handiaren beste edizio bat, eta gaur puntan ibili diren esprinterrak asteburuan ere aurrean egoten saiatuko dira, zailagoa izaten den arren.

Larunbatera begira, azken albistea da Julian Alaphilippe eta Sonny Colbrelli ez direla irteeran izango, bronkitis arazoekin jarraitzen dutelako biek.

Caja Ruralen erakustaldia Alentejon

Vueltarako gonbidapenik gabe geratu arren, Caja Rural bere maila errepidean erakusten ari da Orluis Aular venezuelarraren eskutik. Igandean Arrabida klasikoa irabazi ostean, gaur Volta Alentejo lasterketako lehen etapa beraganatu du Aularrek, eta bigarren postua ere talde nafarrarentzat izan da, Iuri Leitao portugaldarraren eskutik.

«Oso pozik nago garaipen honekin. Oso azkar joan gara hasieratik, 50 kilometro behar izan dira ihesaldia egiteko. Taldeak oso lan ona egin du etapa osoan eta baita esprinta bideratzerako orduan ere. Dena prestatu bezala irten da. Sailkapen nagusiari begira egunez egun joango naiz. Erlojupeko ona egin dezaket, baina badakit aurkari oso gogorrak izango ditudala», azaldu du Aularrek taldeak zabaldutako adierazpenetan.

Albiste txar bakarra Jon Barrenetxeak izandako erorikoa da, baina taldeak jakinarazi duenez ez du inolako ondorio larririk izan.

Osteguneko bigarren etapak 187 kilometro ditu Beja eta Portel artean. Etapa hau ere esprinterako egokia da, baina amaieran errepideak apur bat gora egiten du.

Merlier eta Wiebes garaile Nokere-Koerse klasikoan

Tim Merlier flandriarrak (Alpecin) irabazi du gizonezkoen Nokere-Koerse klasikoa. Garaileak Groupamaren bideratze lana baliatu du azken unean Max Walcheid (Cofidis) atzean utzi eta besoak jasotzeko. Hirugarren postua Arnaud de Lierentzat (Lotto) izan da.

Emakumezkoen proban, garaipena Lorena Wiebes neerlandarrarentzat izan da (DSM). Nokereberg azken mendatean jo du aurrera irabazleak, eta metro batzuetako aldearekin heldu da helmugara. Atzetik, Lotte Kopecky flandriarrak (SD Worx) eta Marta Bastianelli italiarrak (UAE) osatu dute podiuma.