Alcorconen bisitak azken aukera eskainiko dio Amorebietari
Ipuruan eskainitako irudiari jarraipena emanez, garaipena eskuratu nahi dute urdinek igande honetan (14.00), mailari eusteko aukera barik ez geratzeko irabazi behar duten partidan.
Alcorconen bisitak denboraldiko azken aukera eskainiko dio igande honetan Amorebietari. Azken aukera gehiago edukitzeko azken aukera izango da; izan ere, urdinen egoera hain larria da, hori dela lortu dezaketen sari bakarra: bizirik irautea, mailari eusteko aukerak oso txikiak izaten jarraituko duten arren. Irakurketa negargarriagoa da beren aurkariaren kasuan, denboraldi osoan zehar sailkapenaren azken postuan egon den Alcorconen itxaropen bakarra miraria baita. Eta horri eusteko ere ez dauka denbora askorik, baldin eta ez badu hirunaka batzen ia astero.
Presioa baretzeko edo, Haritz Mujikak biharkoa «ez dela azken bala» esan du, «oraindik beste hamar partida geratuko direlako eta seguru aukera matematikoak izango ditugula» baina «garrantzitsua» dela onartu du, «asko daukagu jokoan» gaineratuz.
Entrenatzaile gipuzkoarrak bi helburu ezarri dizkio taldeari garaipenera eraman behar duen bidea ibiltzeko. Alde batetik, «etxean jokatzen dugula eta jokoan asko daukagula nabaritu behar da». Eta, bestetik, jarraipena eman joan den igandean Ipuruan egindakoari «baina oraingoan hiru puntuak eskuratuz». Azken, eta ezinbesteko, baldintza hori betetzeko hobetu behar dutena landu dute urdinek aste osoan zehar. «Arlo defentsiboan, ez dugu atea hutsean uzten eta urte osoan izan dugun handicapa izan da –azaldu du–. Kontzientziatu behar gara, oso argi izan behar dugu golik ez jasotzeak bizitza ematen dizula, partidan barruan mantentzen zaituela eta, gutxienez, puntu bat ematen dizula. Eta erasoan, bertikalagoak izan behar gara, benetan mina egin behar dugu, areara gerturatzen garenean jaurti, erdiratu eta azken aldi honetan egiten ari garena baino askoz min gehiago egin».
Arlo horretan min egiteko aukera gehiago izango du bihar Amorebietak aurreko astean baino, arazo fisikoak gainditu eta deialdian bueltan baitago Gorka Guruzeta golegilea. Donostiarra zein lagunduko duen jakitea falta da. Baliteke beste lerroetan ere aldaketak egotea. Erdikaldean, batez ere; bost hautagai eta hiru postu besterik ez baitaude.
AMOREBIETA
Hasierako hamaikakoa: Santamaria; Larra, Markel Lozano, Nolaskoain, Luengo, Andoni Lopez; San Jose, Iker Bilbao, Alvaro Peña; Obi eta Guru.
Deialdia: Aldalur, Ros, Olaetxea, Unzueta, Larru, Seguin, Irazabal, Orozko, Oscar Gil, Exaburu, Moreno eta Marino.
Bajak: Saizar, Ozkoidi, Mikel Alvaro eta Aimar.
ALCORCON
Hasierako hamaikakoa: Jesus Ruiz; Victor Garcia, Oscar Rivas, David Fernandez, Fornies; Calero, Olabe, Zarfino, Alex Mula; Borja Valle; eta Apeh.
Bajak: Jurado, min hartuta.
Epailea: Sanchez Lopez (Murtzia).
Zelaia: Lezama.
Ordua: 14.00 (Movistar+).