INFO

Dantzak, marrazkiak eta musikak borobilduko dute Izpurako Bertso Eguna

Hilaren 26an ospatuko da aurten, Izpuran (Nafarroa Beherea), Bertso Eguna. Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsotan aritzeaz gain, Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.

Oihana Iguaran bertsolariak hartuko du parte Izpuran, besteak beste. (Jon URBE | FOKU)

Izpuran (Nafarroa Beherea) ospatuko da aurten Bertso Eguna, martxoaren 26an, eta, Aimar Karrikak gidatuta, bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Gainera, bertsoarekin batera, Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.

Faustin Bentaberri Gelan egingo da saioa, 17.00etatik aurrera, eta aretora sartzeko ez da covid-19ari lotutako ziurtagirik beharko, indarrean jarri diren neurrien arabera. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.

«Denontzako ezagunak dira klitxeak, aurreiritziak eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbateraino zuzenak, denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu. Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Izpurako Bertso Egunak», aurreratu du Bertso Eguneko emanaldi berezia antolatzeko lanean ari den Odei Barroso bertsolariak.

Gaineratu duenez, bertso jarduna ohikoa eta zentrala izango bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izango da, bertsoarekin batera, musika, dantza eta marrazkia izango baitira, Bilaka Kolektiboko dantzariekin, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariekin eta Dom Campistron marrazkilariarekin.

Duela zenbait aste Frantziako Estatuko agintariek iragarritakoaren arabera, astelehen honetatik aurrera antzokietan sartzeko ez da covid-19ari lotutako ziurtagiririk beharko, eta, horrenbestez, ezta Bertso Eguneko emanaldian sartzeko ere.

Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrerak 9 eurotan eskuratu ahal izango ditzute, eta gainontzekoek 12 eurotan. Sei eta hamasei urte bitarteko haur eta gazteek, bestalde, 6 euroren truke erosi ahal izango dituzte.

Bestalde, goizean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia egingo da Izpurako Faustin Bentaberri Gelan bertan, 11.00etatik 13.00etara, eta elkarrekin mokadua egiteko aukera izango da segidan.