INFO

Bilan nekazaritzako tresnak, Nafarroan diseinatu eta eginak

Ibai eta Oier Erasun anaiek belarra eta egurra lantzeko tresnak diseinatu eta muntatzen dituzte Saldiasen

Oier eta Ibai Erasun, Saldiasko beren jaiotetxean duten tailerraren atarian. (NAIZ)

Nekazaritzako makineria guztia Italiatik edo AEBetatik datorrela uste dutenak oker dabiltza, Malerrekako herri txiki batean belarra eta egurra lantzeko tresnak diseinatu eta muntatzen baitituzte. Ehun biztanle eskas dituen Saldias herri txikiko bi anaien kemena eta ilusioa daude ekintzailetza historia honen atzean.

Herriko beste gazte asko bezala, Ibai eta Oier Erasun lan-etorkizuna herritik kanpo bilatzera behartuta zeuden. Baina bi anaiok beste zerbait zuten buruan: beren etxean baserriko tresnak egiteko tailerra jartzea.

«Gu baserrian jaioak gara, gurasoek aziendak zituzten eta txikitatik ezagutu dugu nekazaritza mundua eta bertan erabiltzen zen tresneria», dio Ibai Erasunek. «Gainera, betidanik gustatu izan zaigu mundu hori eta afizioa ogibide bihurtzea pentsatu genuen».

Ibaik elektromekanika ikasi zuen Iruñean, eta Oierrek soldadura. Hala eta guztiz ere, ez ziren ikasitako lanbidean hasi, eraikuntzan baizik. Baina laster etorri zen sektore horren gainbehera. «Orduan beste lanen bat bilatzen hasi ginen, baina hemendik noranahi joateko ere kilometro pila bat egin behar dira, denbora pila bat galdu bidean, eta herrian bertan hastea erabaki genuen, makina txikiak egiten», dio Ibaik.

Oierrek lehenbiziko makina egiteko ideia nola bururatu zitzaien azaldu digu: «Guk etxean bagenuen belar bolak egiteko makina, baina plastikoa jartzekoa ez. Bigarren eskuko merkatuan zeudenak oso garestiak iruditu zitzaizkigun. Horrela, guk geuk egin genezakeela pentsatu genuen eta hala hasi ginen, nahiz eta esan beharra dagoen lehenbiziko makina hark ez zuela funtzionatu!», dio barrez. Baina hainbat proba egin ondoren, laster lortu zuten martxan jartzea.

Ibaik eta Oierrek diotenez, beren makinak traktorearen indarrarekin mugitzen diren arren, ez dira atoi modukoak. «Hasiera hartan Zaragozara joan ginen homologazioa lortzeko, eta han esan ziguten askoz errazagoa genuela airean eskegita dauden makinak sortzea, gurpil gainean eramaten direnen aldean ez dutelako trafikoko homologaziorik behar».

Horrela hasi ziren tresna horiek egiten, eta harrezkeroztik zortzi urte daramatzate lanbide horretan. «Lehenbizi diseinua egiten dugu eta, ahal den neurrian, piezen mekanizazioa ere bai. Izan ere, laser bitartez moztutakoak beste enpresa batek egiten dizkigu. Azkenik, pieza guztiak soldatu, muntatu eta margotu egiten ditugu».

Zenbait momentutan bi pertsonentzako lan gehiegi denez, herriko bi gazte hartu izan dituzte mekanizatu lanetan laguntzeko. Izan ere, tailerreko lana ez ezik, salmenta eta konponketa lanez ere beraiek arduratzen dira. «Konponketak, zorionez, gero eta gutxiago egin behar izaten ditugu, eta sortu daitezkeen arazoak askotan telefonoz ere konpondu ditzakegu. Baina salmentak denbora gehiago ematen digu, zenbait makina zuzenean saltzen ditugulako eta bezeroak atenditu behar ditugulako», diote.

Salmentak, Estatu osoan

Beren makinak noraino iristen diren ikusita, lan dezente dela pentsa daiteke. Horrela, beren makineria Euskal Herria osoan eta Kantauri itsasaldeko lurraldeetan saltzen dute gehienbat: Kantabrian, Asturiasen eta Galizian. Oierrek dioenez, «eskualde horietan hemen bezalako nekazaritza egiten da. Baserri txikiak eta lursail malkartsuak dira eta horregatik gurea bezalako makineria eskatzen dute».

Hala eta guztiz ere, belarra biltzeko makinak Katalunian eta espainiar Estatuko beste leku batzuetan ere saltzen dituzte. «Lursail handitan ibiltzeko makinak dira eta Euskal Herrian baino gehiago, espainiar Estatuan saltzen ditugu».

Mundu mailan dagoen lehengaien eskasia ere iritsi da Malerrekako enpresa txiki honetara, eta aurten ezin izango dituzte aurreikusita zituzten makina guztiak egin. «Alde batetik, osagai elektronikoen zein mekanikoen eskasia nabaritu dugu, eta, bestetik, altzairuaren prezioa bikoiztu baino gehiago egin da. Baina igoera hori ezin diozu baserritarrari eskatu, bera ere egoera berdinean dagoelako. Beraz, gauza oso zail jarri zaigu», diote.

Belarrarekin eta egurrarekin lan egiteko makineria

Bilan enpresan dozena erdi bat makina mota egiten dituzte gaur egun, guztiak belarrarekin eta egurrarekin lan egiteko.

Belarraren kasuan, hiru makina egiten dituzte. Alde batetik, belar-bolak plastikoarekin biltzekoak. «Horiek dira gehien saltzen ditugunak, gure markarekin ez ezik Italiako beste enpresa batentzako ere egiten baititugu».

Bestetik, belar-bola horiek desegin eta ukuiluan zabaltzeko makina ere egiten dute; eta, azkenik, belarra biltzeko eskuare zirkularrak ere bai. Hasieran belar-soroen mantenua egiteko sare metalikoak egiten zituzten, baina aurten ez dituzte prestatu.

Egurrari dagokionez, enborrak zatitu edo lehertzeko makinak egiten dituzte, baita estaka edo hesolei punta ateratzeko tramankuluak ere.