INFO

Ehunka pertsona batu dira arrazismo insituzionalaren aurkako aldarrira

Hizkuntza, arraza eta adin aniztasuna izan dira nagusi arrazismoa eta xenofobia salatzeko Bilbon burutu den manifestazioan. San Frantzisko auzotik hasita, ehunka lagunek udaletxeraino eraman dituzte arrazismo insituzionalaren aurkako salaketak.

Ehunka pertsona xenofobia eta arrazismo instituzionalaren aurka protestan, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arrazismoa eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko eguna den astelehen honetan, ehunka pertsona batu dira Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazatik hasita udaletxeraino iritsi den manifestaziora. SOS Racismo Bizkaiak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak deituta, arrazismo insituzionalaren salaketa ekarri dute erdigunera.

Ez da kasualitatea izan elkargunea San Frantziskon ezarri izana. Izan ere, Sayuri Nishimek, Nikaraguan jaioak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiako bozeramaileak NAIZi azaldu dionez, San Frantzisko «leku sinbolikoa» da auzoak duen aniztasunagatik eta «Poliziaren sarekada gehien» pairatzen dituen tokia izateagatik; ez jendea delituren batean inplikatuta egon daitekeelako, baizik eta «koloreengatik, hazpegiengatik eta pertsona migratuak ikusten dituztelako».

Ildo horretatik aukeratu dute aurtengo leloa: ‘Ez da kasu isolatu bat, arrazakeria insituzionala da’. Nishimek NAIZi esplikatu dio pertsona arrazionalizatuen egoera zaurgarria arrazismo kasuak salatzeko oztopo bat izan ohi dela: «Arrazismo estruktural batetik abiatzen gara, eta estrukturala denez, sistematikoa da. Esparru guztietan dago, baita administrazioan eta erakundeetan, eta ez gizartean bakarrik. Gainera, pertsona batzuk salaketak jartzeko beldur dira egoera adminsitratibo irregular batean daudelako edo lan duin baten bilaketan dihardutelako. Horregatik, ez da arrazismo hau ezagutarazteko espazio bat sortzen».

Hori horrela, Poliziaren indarkeriaren biktima batzuk, hala nola Silvia, Getxoko komisaldegian atxilotuta zegoela Ertzaintzak jo zuen emakume migrantea eta Mame Mbaye Ndiaye, Madrilgo Lavapies auzoan Poliziarengandik ihesi zebilela bihotzekoak jota hil zen senegaldarra, gogoan izan dituzte bertaratutakoek.

Zehazki, manifestazioa erritmoz eta danbor hotsez bete duten batukadako senegaldarrak izan dira Mbayeren argazkiak erakutsi dituztenak; gainera, ‘arrazismo instituzionalak hiltzen du’ zioen leloa hainbat karteletan idatzita eraman dute. Aldarrikapenak seriotasun handikoak izan diren arren, perkusioak eta kantu senegaldarrek festa kutsu bat erantsi diote mobilizazioari.

Gazte bat Mame Mbaye Ndiayeren heriotza salatzen duen kartel bat eusten. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Gazte bat Mame Mbaye Ndiayeren heriotza salatzen duen kartel bat eusten. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gehienez hogei urte inguru izango zituzten gazte talde batek harrera etxe duinak eskatu ditu bakarrik iristen diren adingabe migratuentzat eta, martxaren bukaeran udaletxe aurrean irakurri duten manifestuan, Bilboko Udalak Atxuriko kantxetan ipini zuen hesia gaitzetsi dute.

Bertaratutako manifestari beltz batek salatu du Lakuak, espainiar Estatuak eta erakundeek, oro har, ezartzen duten arrazismoa «eguneroko ogia» dela. «Egunero egunero, salbuespenik gabe, sufritzen dut. Zer den jakiteko norberak bizi behar du», adierazi du. Era berean, gizon honek NAIZi beste esparru batzuetan, etxebizitzan kasu, pertsona arrazializatuek dituzten zailtasunak jakinarazi dizkio: «Hemen, migrantea bazara zaila da pisu bat alokatzea, denetik eskatzen dizute; lan kontratua, nomina… eta dena aurkeztu arren ere, beti jarriko dizkizute oztopoak».

Haurrek ere parte-hartze aktiboa izan dute martxan. Arrazakeriaren aurkako afro-familien elkartearen, Azalaken, pankarta umeek eraman baitute. Manifestaziora joateko adinik ez duten beste haur batzuek, arrazializatuak hauek ere, San Frantziskoko kale nagusiko balkoietatik agurtu dituzte parte-hartzaileak.

Pertsona zuri eta euskal herritar askok ere bat egin dute arrazakeriaren kontrako aldarriarekin. Esaterako, unibertsitatetik bueltan manifestaziora batu den gazte batek NAIZi azaldu dio pertsona errefuxiatu guztientzat ireki behar direla hesiak, eta ez zurientzat soilik: «Ukrainako egoera guztiz kondenatzen dut. Hala ere, ikusten da nola bertako errefuxiatuak onartzen ditugun eta beste toki batzuetakoei ez diegun onarpen hori ematen nahiz eta beste gerra batzuetatik etorri. Errefuxiatu guztiei espazio bat ematearen alde protestatu behar dugu».

Kontzentrazioa Iruñean

Iruñeako Gaztelu plazan ere jatorri ezberdinetako ehun pertsona inguru batu dira eguerdian arrazakeria eta xenofobia salatzeko xedez. Hala ere, kasu honetan, erakundeak jomugan jarri beharrean, hauen eskutik joan da protesta. Izan ere, Nafarroako Migrazio Politiketako Zuzendaritza orokorra izan da kontzentrazioa deitu duena.

Ekitaldiaren amaieran, Eduardo Santosek, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken eta Justiziaren kontseilariak, deitoratu du arrazismo eta xenofobiaren aurkako egun bat ospatzeak «gogorarazten» digula horiek ere «berdin gertatzen» direla urteko beste 364 egunetan. «Ezin dugu guardia jaitsi azken aldian nabarmen handitzen ari den gaitz baten aurrean», ohartarazi du.