INFO

Hezkuntzako sindikatuek bertan behera utzi dute ostiralerako deitu zuten greba

ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi dute heldu den ostiralerako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza alorrean deitu zuten greba, lau alderdik Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko akordioa lortu eta gero.

Grebarako deialdia egin zuten joan zen astean sindikatuek baina bertan behera utzi dute. (LAB)

ELA, LAB, Steilas eta CCOOk bertan behera utzi dute martxoaren 25erako EAEko hezkuntzan deitu zuten greba. Gasteizko Parlamentuan EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek Hezkuntza Legearen oinarrien inguruan lortutako akordioa aztertu ondoren iritsi da erabakia.

Lau sindikatuok bilera egin dute astelehen honetan, joan zen ostiralean alderdi horiek adostutakoa aztertzeko. Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza alorreko arduradunak Eferi adierazi dionez, nahiz eta akordio horretan «gabezia eta zehaztasun falta ugari» ikusten dituzten, datorren ostiralerako deitu zuten greba eguna «impasse» batean uztea erabaki dute, gainerako sindikatuekin aurrera begira «mobilizazio eta greba dinamika bat» lantzeko.

LABek ere ostiraleko lanuztea bertan behera uztea erabaki du, alderdiek adostutako akordioaren edukiak «sakontasunez» aztertu eta langileekin partekatzeko. Horrekin batera, langileen eskaerak jorratzeko prozesuak abian jarriko ditu sindikatu abertzaleak, aurkeztu zuen dekalogoaren baitan «beharrezko diren mobilizazio dinamikak bultzatuz».

Steilasek ohar batean azaldu duenez, bere ustez ez da «borroka eteteko momentua», izan ere, alderdiek adostutako dokumentua «ezagutzen ez dugun arren, hainbatek zabaldutako informazioei erreparatuz, argi dago kontraesanak daudela dagoeneko publiko eginiko eduki eta gakoetan, eta bereziki, hezkuntza publikoa babestu ez eta ituna blindatzera bideratzen dira oinarri hauek».

Horregatik, eta greba bertan behera uztea Steilasen «hautua» ez den arren, «oraingoan greba atzeratzea baino ez zaigu gelditzen, batasun sindikalaren markoan honi aurre egiteko baldintzak ez baitira ematen». Euskal Eskola Publikoa «erdigunean jarriko duen hezkuntza lege baten alde» borrokatzen jarraituko du sindikatu honek.

Bere aldetik, CCOOk azaldu du grebarekin aurrera ez jarraitzea erabaki duela, Legebiltzarrean lortutako akordioak mobilizazioak birplanteatzera bultzatzen duelako.