INFO

Indigenen lurretan egoitza zabaltzeko Amazonen proiektua geldiarazi dute Hegoafrikan

Lurmutur Hirian khoi eta san komunitate indigenen lurretan Amazonen egoitza eta biltegia eraikitzeko proiektua geldiarazi du epaile batek. Ebazpenean esan du onura ekonomikoak ezin direla lehen nazioetako herrien oinarrizko eskubideen gainetik lehenetsi.

Amazon konpainiaren instalazioak Estatu frantsesean. (Thomas SAMSON | AFP)

Hegoafrikako Justiziak Lurmutur Hirian proiektu urbanistiko handi baten eraikuntza geldiarazteko agindua eman du. Egitasmo horren gune nagusia Amazon konpainiaren egoitza eta biltegia zen, khoi eta san komunitateentzat (jatorriz Hegoafrikako talde etniko indigenak) leku sakratua zen eremu batean.

Tokiko prentsak gauss zabaldu zuenez, Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak proiektua geldiarazteko agindua eman zuen, egitasmoari ekin aurretik inplikatutako komunitateen eskubideak kontuan hartuak ez direla izan iritzita.

«Auzi hau, azken batean, herri indigenen eskubideei dagokie. Proiektuak funtsezko onura ekonomiko, azpiegituretakoak eta publikoak izatea ezin da lehenetsi lehen nazioetako herrien oinarrizko eskubideen aurretik», adierazi zuen magistratuak ostiralean eman baina gaur IOL atariaren bidez zabaldu den epaian.

Goliathek zehaztu zuenez, ordea, berea ez da proiektuaren beraren aurkako irizpena, baizik eta khoi eta san komunitate indigenei  kontsulta egiteko beharrari erantzuten dion neurria.

Hegoafrikako mendebaldean, proiekturako Lurmutur Hiriko Observatoryko barrutian aukeratutako kokalekuak –4.500 milioi rand-etan baloratuta (272 milioi euro inguru)– polemika piztu du iragarri zenetik.

Khoi eta san komunitateen arabera, lurra –gaur egun Liesbeek Leisure Properties fideikomisoarena– beren arbasoek udan erabiltzen zituzten larre zaharretatik urbanizatu gabe geratzen den leku bakarrenetakoa da, eta oraindik ere antzinako tradizioarekin lotutako zeremoniak eta bilerak egiten diren lekua da.