Xabi Borda, gal daitekeen guztiaren esploratzaile
Xabi Bordak ‘Urtu aurretik’ poema liburua aurkeztu du astelehen honetan, Poesiaren Nazioarteko Egunean, Susarekin argitaratua. Egileak azaldu duenez, guztia zartatu aurretik ondo begiratu nahi izan dio inguruari, jendeari, eta gorde nahi direnak hitzetara ekarri. Aurkezpen-errezitaldiak egingo ditu.
«Inoizko mundurik inoizkoenean bizi gara: Aro Inoizkidean», adierazi du Xabi Bordak bere hirugarren poema liburuaren aurkezpenean. ‘Urtu aurretik’ du izena eta Susarekin plazaratu du astelehen honetan, Poesiaren Nazioarteko Egunean, Donostian. «Planeta oinpean hautsiko zaigun kezkarekin gabiltza hara eta hona. Sute erraldoiak udararo telebistan, lehorteak eta uholdeak elkarren segidan, apenas egiten duen elurrik neguan bazterrotan. Gaitzerdi klima bakarrik balitz. Pandemia batetik atera berri gara. Europa gerra betean dago, mehatxu nuklear eta guzti. Mundu hau pikutara doan sentsazioa inoiz baino presenteago dago gure egunerokoan».
Baina bere poemetan ez du amaiera irudikatu nahi izan, ez du akaberarekin jolastu nahi izan. Poetaren zeregina gorde nahi direnak hitzetara ekartzea izan da: «Bat-batean gelditu den trenaren berrabiarazteak sortzen duen arindura, egunetan ikusi gabeko maitearekin elkartzearen poza, umeen irribarrea barraka artean… uneak eta sentsazioak».
Aitortu duenez, «edozein unetan haizea hartzera doan mundu horri erreparatzeko ez dago Antartikara joan beharrik. Tantaka ari da sukaldean iturria eta ate azpitik urak hazita datoz: etxe barruraino sartu da poloetan urtzen ari den izotza. Ez dago Ukrainako soto batean gorde beharrik eztandekin ikaratzeko, umeen gelan gertatu da azken leherketa. Joan doan mundu hori, bere ziurgabetasun, larrialdi, krisi eta abar guztiekin, etxe barruan dago, domestiko bihurtu da».
Elementu asko eta asko etxean bertan aurkitu ditu idazle azpeitiarrak. «Espazio intimo horretatik ateratzen dira poemotarako beharrezkoak izan zaizkidan printzak eta ideiak. Bizi-bizi dago etxea».
Misterioari eutsiz
Ziurgabetasun giro horren bila, ezezagunak zitzaizkion eremuetara eramaten utzi dio literaturari. Egitura narratibo minimo bat eman die poemei. Eta, besteak beste, misterioa zaintzen ahalegindu da: «Ia dena ezkutuan uzten, guztiz beharrezkoa bakarrik esaten, eta ahal dela irakurlearen interpretazioaren gain uzten poemaren ‘askaera’. Hau da, poema irekiak egiten». Agertu duenez, gustura jardun da espazio horretan, eroso sentitu da, aske. Zentzu honetan, poema hauetako batzuk mikro-ipuinak direla esatera ausartuko litzateke.
Bestetik, argitu du azken poema liburutik 13 urte igaro badira ere liburu hau ez dela azken hamairu urteetako poemen bilduma bat. «Ez naiz batere idazle konpultsiboa, ezta oso produktiboa ere (...) Ume-hazten eta antzeko langintzetan entreteniturik ibili naiz azken urte hauetan. Liburu hau iaz ondutakoa da eta 2020ko gabonetan hasi eta 2021eko uda bitarteko tarte horretan idatzitako poemak biltzen ditu, nahiz eta liburura ondo egokitzen diren aspaldiko poema bat edo beste ere erreskatatu dudan».
Aurkezpen-errezitaldiak
Aurkezpen-errezitaldi batzuk prestatu dituzte Felipe Murillo musikariak eta biek. Hitzak eta hotsak nahastuta liburuko poema batzuk irakurriko dituzte jendaurrean. Momentuz lau emanaldi dituzte lotuta: apirilaren 21ean Azpeitiko Dinamoan; maiatzaren 5ean Bilboko Biran, maiatzaren 6an Iruñeko Zaldikon; eta maiatzaren 19an Zarauzko Garoa Liburudendan.
Leire L. Ziluaga Susako editorea izan du lagun Bordak astelehen honetako aurkezpenean. Ziluagak esplikatu duenez, lau ataletan daude banatuta liburuko 44 poemak: ‘Iglua tantaka’, ‘Hozkailu matxuratua’, ‘Hego haizea Ipar Poloan’ eta ‘Glaziar berrien erditzea’.
«Poemotan ageri direnek istripuak dituzte ur handitan, elur jausiak lurperatutako gorpu bat bilatzen dute, egarriz hildako dromedario bat ageri zaie itsasoak atzera egitean. Horrek ez du esan nahi klima aldaketa ageri denik poema guztietan, are gutxiago katastrofea. Orain ere larritasunak gainezka egin gabe irakurtzen ditugulako honek atzera bueltarik ez duela iragartzen diguten berriak, edo, beste ikuspuntu batetik, zerbait egiteko antolatu gabe. Klima aldaketa askotan marko bat da liburuan, domestikotasun baten atze-oihala», adierazi du.
«Izan ere, aldi berean, aurrera jarraitzen du poemotan ageri diren pertsonen bizitzak. Edalontzietakoak edaten dituzte azken jelak urtu aurretik, ilargi eklipse bati begiratzen diote, arratsaldea pasatzen dute aireportuan, oporretatik itzultzen dira. Baina arrunt dirudien egunerokoa ageri denean ere zerbait gehiago gertatzen ari denaren sentsazioa izango du irakurleak. Ihes egiteko krokisa zirriborratzen ari denak familiatik egin nahi du alde, edo pikutara doala dirudien mundu batetik?».