INFO

Pasaiako badian Poliziak hildakoak oroitu dituzte Azpeitian, sarraskiaren 38. urtemugan

Pasaiako badiako sarraskia gertatu zenetik 38 urte bete dira astearte honetan. Horren karira, Polizia espainiarrak hil zituen Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpuru oroitu dituzte Azpeitian, baina ekitaldi nagusia martxoaren 26an izango da, larunbatarekin, herri berean.

Pasaiako sarraskia oroitu dute astearte honetan Azpeitian, 38. urteurrenean. (NAIZ)

Astearte honetan 38 urte bete dira Polizia espainiarrak Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpuru Komando Autonomoetako militanteak Pasaiako badian tiroz hil zituela, segada batean. Gertaera haiek oroitzeko ekitaldia egin dute arratsaldean Azpeitian, Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoan. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Peio Aizpuru eta Pilar Arbelaitz –Dioni Aizpuru zenaren anaiak eta amak– eta Arantxa Isartek –Pedro Mari Isart zenaren arrebak–.

Ekitaldi nagusia, ordea, heldu den larunbatean izango da, martxoaren 26an, Azpeitiko Azoka plazan, arratsaldeko 19.00etan. Beste urte batez, sarraski hura argitzeko eskaera izango da eskari nagusia, torturaren aurkako aldarriarekin batera. Izan ere, sarraskia burutzeko tortura «ezinbesteko elementua» izan zen, «Rosa Jimeno bortizki torturatuz lortu baitzen segada prestatzea», antolatzaileek nabarmendu dutenez. Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, hildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak.

Horrekin batera, sarraskiari buruzko erakusketa ikusgadi dago hilaren 26ra bitartean Foru Pasealekuko Erakusketa Aretoan. Donejakue kaleko muralaren parean, berriz, sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen panel informatiboa jarriko da.

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, gertakari haietatik 38 urte igaro diren arren eta «erailketak ikusi zituzten testiguak eta beste hamaika proba dauden arren», oraindik ez da egia, justizia, erreparazio edo aitortza ofizialik izan. Horregatik, senide eta lagunek kasua argitzeko lanean jarraitzen dute.