INFO

Espainiako Gobernuak uko egin dio Zabalgana eta Salburuan trena lurperatzeari

EH Bilduk ohartarazi duenez, Espainiako Gobernuak uko egin dio Zabalgana eta Salburuan trena lurperatzeari. Dirudienez, Zabalganan lurperatzea ez da beharrezkotzat jo hiri-integrazioaren aldetik, eta Salburuaren kasuan zailtasun teknikoak daudela argudiatu du.

Gasteizko trenbidearen gaineko zubiak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Espainiako Gobernuak uko egin dio trena lurperatzeari Zabalgana eta Salburuan, Gasteizko mendebalde eta ekialdean dauden auzoetan. EH Bilduri zuzendutako erantzun batean azaldu duenez, Salburuaren kasuan zailtasun teknikoak eta ibilbidearen ingurukoak daude lurperatzea Bulebarretik haratago luzatzeko; eta Zabalganaren kasuan, honakoa dio: «Hiri-integrazioaren ikuspegitik ez da beharrezkotzat jo lurperatzea Zabalgana auzorantz zabaltzea».

«Erantzun erabat onartezina da, ez dago ez arazorik ez zailtasun teknikorik Zabalganako lurperatzea luzatzeko», adierazi du Felix Gonzalez EH Bilduko bozeramaileak, Udal Gobernuaren jarrera gogor kritikatu duenak. «Erabaki dute Zabalganak, Gasteizko auzorik jendetsuenak, ez duela merezi hirigunearen begirune bera», azpimarratu du.

«Zabalganan lurperatzea beharrezkoa ez dela esatea auzoko milaka bizilaguni emandako zaplaztekoa da. Beste bat, kontuan hartuta auzoak etengabe izan dituela atzerapenak eta ahanzturak zerbitzuak jasotzerako orduan. Beharrezkotzat jotzen diren obren bidez, lurperatzearena barne, auzoaren hiri-lotura eta -integrazioa hobetzeko ekimenak aurkeztuko ditugu», gaineratu du. 

Oztopo fisikoa

Salburuari dagokionez, espainiar Gobernuak azalpen hau ematen du trenaren lurperatzea ezinezkoa dela argudiatzeko: «Errakaleor ibaiaren presentzia oztopo fisikoa da, eta, ingurumen arrazoiengatik –Salburuako hezegunea elikatzen du–, gainazalean baino ezin da zeharkatu. Beraz, egungo trenbide-korridorearen lurperatzea ezin da Salburuako Bulebarretik haratago zabaldu».

Horren aurrean, EH Bilduk baieztapen horren oinarri den dokumentazio teknikoa eskatuko du, eta auzoa «erabat integratzeko aukera tekniko eta trazadurazko guztiak aztertzearen alde egiten» jarraituko duela iragarri du.

Halaber, ezintasun teknikoa berretsiko balitz, auzoan eraginak arintzeko zer neurri hartuko liratekeen argitu beharko litzatekeela uste du. «Salburua hiri-integrazioa konpondu behar da proiektuaren eta lurperatzearen egungo obren testuinguruan. Ezin da izan kanpoan geratzen den auzoaren zatia kaltetu nagusia izatea», azpimarratu du Gonzalezek.

Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuela Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan, lurperatzearen informazio-azterlana Zabalganara eta Salburura zabaltzea ahalbidetzeko «edo, gutxienez, lan horiei ekiteko».

«Akordio orokor bat lortu arren, ezinezkoa izan zen zuzenketa hori onartzea, EAJk ezarritako baldintza egungo lurperatze proiektuari eustea baitzen, aldaketarik gabe. Proiektu horrek 3,2 kilometrotan baino ez du aurreikusten Gasteizen trena lurperatzea, eta Zabalgana auzo osoa eta Salburua auzoaren zati handi bat kanpoan uzten ditu», gogoratu du talde subiranistak.