INFO

Mauthauseneko 4553. zenbakia: Jose Mari Agirre Salaberria

Jose Mari Agirre Salaberriak gazte hartu zuen fusila errepublikarren alde. Ihes egin zuenean, nazismoarekin egin zuen topo eta kontzentrazio esparru batetik bestera ibili zuten bereziki gogorra izatearen ospea hartuko zuen Mauthausenera iritsi zen arte. Bertan 54 hilabete igaro zituen.

Jose Mari Agirre eta Marcelino Bilbao, Ebensee zelaian, 1975ean. (Marcelino BILBAO)

Mauthauseneko kontzentrazio esparruak bereziki gogorra izatearen ospea zuen, bertara joanez gero gutxi ateratzen baitziren bizirik. Izan ere, datu ofizialen arabera, 80.000 besterik ez ziren bertatik onik atera eta baliteke hildakoak 300.000 baino gehiago izatea. Bizirik atera zirenetako bat izan zen Jose Mari Agirre Salaberria miliziano etxebarriarra, nahiz eta hilzorian egon zen.

Kontzentrazio esparruak askatzean Mallorcara joan zen lasai bizitzera, bertan zuen familiarekin elkartzeko, eta 2009an 90 urterekin hil zen arte, nazien erregimenaren ondorioz jasandakoaren berri eman zuen, eskatu zioten guztietan. Orain bera ez dago, baina halakorik berriro ez gertatzeko sarraskia gogorarazteko lanaren lekukoa hartu duenik bada. Asteburuan bere figuraren omenezko ekitaldiak egingo dituzte, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 elkartearen ekimenez.

Larunbat honetan 18.30ean Etxebarriko frontoiko kultur aretoan hitzaldia eskainiko du Etxahun Galparsoro Ansola historialariak, kontzentrazio esparruetan izan ziren Lea-Artibaiko herritarren inguruan. Eta hurrengo egunean, leku berean eta eguerdian, aitortza omenaldia egingo zaio Jose Mari Agirre Salaberriari.

Era berean, Etxebarriko etxeetara miliziano ohiaren inguruko liburuxka bat bidali dute, Galparsorok idatzia, biografia labur gisa, urteetan zehar berari buruz argitaratu dena biltzen duena, tartean bere hitzekin jasotako pasadizoak. ‘Egixarretik Mauthausenera’ liburuxkan kontatzen da zer bizi behar izan zuten Mauthausenera deportatutako presoek, Agirreren figuraren bitartez.

«Deportatuen kontuarekin urteak daramatzat. 2020an liburu bat argitaratu nuen, ‘Bilbao en Mauthausen’. Protagonista Marcelino Bilbao da, Jose Mariren koinatua, eta tartean Jose Mari asko agertzen da», azaldu dio NAIZi historialariak. Urte berean Gogora Institutuak nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako euskal herritarrei buruzko txostena enkargatu zion. Orain Etxebarriko bizilagunen ekimenez berreskuratu du bere ikerketa, Agirre omentzeko garaia badela eta.

Urte gozoen amaiera

1919ko martxoaren 25ean jaio zen Jose Mari Agirre Salaberria Egixarre baserrian. Bost anai-arrebetatik zaharrena zen. Baserria bere ardatza izango zen betirako, nahiz eta urte gutxi eman zituen bertan, familia Irunera mugitu baitzen. 1936ko gerrak hankaz gora jarri zuen haien bizitza; Jose Mari, 17 urtekoa, eta bere aita, adin militarrean zeuden bi gizonak, Kataluniara bidali zituzten errepublikarrekin borrokatu zezaten. Ama eta anai-arreba txikiak, berriz, Poitiersera eraman zituzten.

Jose Mari, artileriako miliziano Katalunian, 1937-1939 bitartean. (Jose Mari AGIRRE)


Aita gerran hil zen, eta gerra garaian ere ezagutu zuen gerora bere emazte bilakatuko zena, Marina Garcia Rissech. 1939. urtean, Francoren tropen aurrerapausoekin batera, Agirrek ihes egin zuen Estatu frantsesera, eta bertan errefuxiatu moduan hartu zuten.

Errepublikarrak Rosellongo hondartzetan kokatu zituzten kontzentrazio esparruetara eraman zituzten lehenik: «Frantziako agintariek gaizkile eta infekziosoak bagina bezala jokatu zuten gurekin: hondartzetan zokoratu gintuzten, arantza-alanbrezko hesiz inguratuta, eta zaintzaileak jarri zizkiguten inguruan, horietako asko senegaldarrak. Saint-Cyprienen izan nintzen, otsaileko hotzetik babesteko aterperik gabe. Han lagun asko hil ziren hotzak jota edo beste beharrizan batzuengatik», kontatzen zuen milizianoak.

Hilabete batzuen ostean euskaldunak Gursen eraikitzen ari ziren esparrura eraman zituzten. Bidean ezagututako Marcelino Bilbaorekin batera sartu zen bertan. Harekin eta Irungo zenbait lagunekin konpartitu zuen barraka.

Ordurako Bigarren Mundu Gerra hastear zegoen eta Gobernu frantserarentzat errefuxiatu horiek guztiak bertan izatea arazo bilakatu zen. Hala, horiek Estatu frantsesetik ateratzeko prozesua hasi zuten; Estatu espainolera itzultzen saiatu ziren lehenik. Gerrak eztanda egiterakoan, Frantziako Armadan izena ematera behartu zituzten. Marcelino eta Jose Mari Landetara joatekoak ziren, egurgile, baina Septfondseko kontzentrazio esparrura eraman zituzten horren ordez. Gursen baino egoera gogorragoa bizi izan zuten bertan, Frantziako Armadan sartzeari uko egiten zuten errefuxiatuak pilatzeko eremua baitzen. Handik alde egiteko, Armadan izena eman zuten azkenik.

Heriotzara kondenatuak

Gerran jardun zuten, beraz, 1940ko ekainean naziek Thaon-les-Vosges herrian preso hartu zituzten arte. Estrasburgora oinez joatera derrigortu zituzten naziek, 100 kilometro baino gehiago. Irailean naziek Estatu espainoleko errepublikarrak kondenatzeko agindua eman zuten, eta kontzentrazio esparruetara eraman zituzten, trenez.

Agirre: «Mauthausenen inork ez zuen bizirik iraun behar bospasei hilabete baino gehiago, nekeak jota hiltzea zegoen, edo elurretan eta euripean orduak emanda, harrobiaren hondora amilduarazi ez bazintuzten, alanbre-hesi elektrifikatura bultzatu ez bazintuzten, makilakaden ondorioz hil ez bazintuzten...»

Hurrengo egunean ordura arte ezezaguna zen herri batera iritsi ziren, Mauthausenera. «Spanier» (espainiar) hitzaren S letra josi behar izan zuen bere jantzian, 4553 zenbakiaren alboan. Mauthausen izenak amesgaiztoak sortuko lituzke gerora, bertan gertatzen zena jakiterakoan. Izan ere, presoak hiltzeko moduak askotarikoak ziren, tortura hutsak gehienak.

«Mauthausenen inork ez zuen bizirik iraun behar bospasei hilabete baino gehiago, nekeak jota hiltzea zegoen, edo elurretan eta euripean orduak emanda, harrobiaren hondora amilduarazi ez bazintuzten, alanbre-hesi elektrifikatura bultzatu ez bazintuzten, makilakaden ondorioz hil ez bazintuzten. Bizirik irautea lortu bazenuen, hautaketa froga batean parte hartu behar zenuen: esparruko preso guztiak hamarnaka lerroetan jartzen gintuzten, txikienetik handienera, azterketa fisikoa egiteko. Gaixorik zegoenari heriotza zigorra ezartzen zioten, nahiz eta heriotza zigorra etengabea izan! Nire lehenengo azterketan masailak estutu nituen eskuekin gorri-gorri egin arte, azal osasuntsua nuela ikustarazteko, eta baliteke orduantxe bizia salbatzea horrexegatik», gogoratzen zuen Agirrek.

Behin berak ere pentsatu zuen hil egingo zela. Erisipela gaixotasuna harrapatu zuenean, erizaindegira eraman zuten. Baina bertan jendea sendatu baino, gaixoekin frogak egiten zituzten. Hiltzeko modu bat bihotzean gasolina injektatzea zen, eta Jose Mari izutu egin zen injekzio bat prestatzen ari zirela ikusi zuenean. Zorionez, jarri ziona mediku lanetan zebilen preso katalan bat zen, bere ezaguna, eta ez kezkatzeko esan zion. Erraustegiaren alboan zegoen gela batean utzi zuten ondoren, non ia denak hiltzen ziren. Hildako batekin konpartitu zuen ohea, baina libratu egin zen.

Presoaldian zehar alemaniera ikasteko aukera izan zuen etxebarriarrak, eta hori ondo etorri zitzaion eraikuntza lanak egiten zituen talde batean itzultzaile izateko hartu baitzuten. Tuneletan sartuta bonbardaketetatik salbu zeuden eta, gainera, bizitza eta elikadura hobea jasotzen zuten bertan aritzen zirenek. Egiten zituzten tunelek gero bertan armak egiteko balioko zuten.

Ahaztezina ahazten saiatzen

Heriotzatik ihesi, 1945eko maiatzean kontzentrazio esparruen askapen egunera onik iritsi zen. Amesgaiztoa amaitu zen, baina Estatu espainoleko erbesteratuekin ez zekiten zer egin; etxera bidaltzen bazituzten, zer nolako etorkizuna izango zuten frankismo garaian? Azkenean Estatu frantsesak errefuxiatuak berriro hartzea erabaki zuen, eta Parisera bidali zituzten.

Ekainean Agirrek bere ama eta anai-arrebekin elkartu ahal izan zuen berriro, Irungo etxetik alde egin zuten egunetik bederatzi urte pasata. Marcelino Bilbao lagunak ere lortu zuen Mauthausenetik onik ateratzea eta bere etxean agertu zen, nora joan ez zekiela. Bizitakoak oinazea utzi zuen biengan.

Normaltasunera itzultzea lortu zutenean, Marcelino Jose Mariren arreba Mercedesekin ezkondu zen, eta Jose Mari bere bikotekidea zen Marinarekin berriro elkartu zenean, Balear Uharteetara joatea erabaki zuten, Palmara, turismoan lan egitera. Bertan zerotik hasi ahal izan zuen, Mauthausenen 54 hilabetetan zehar bizitakoak atzean utzita.

Jose Mari Agirre Salaberria eta Marina García Rissech ezkontza egunean. (Puri ETXEPARE SALABERRIA)