INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Pasaiako sarraskiaren 38. urtemugan, Azpeititik galdera: «Beste 40 urte egia jakiteko?»

Inpunitatea eta gezurra nagusi dira gaur egun ere, 38 urte pasata, Pasaiako sarraskiaren gainean. Lau hildakoak gogoan izan dituzte larunbat honetan Azpeitian. Egiaren aldarria eta tortura lekukotasunak Jon Maiaren bertsoek eta Joseba Sarrionandiaren idatziek osatu dituzte.


Barricadaren abestiak ozen salatu zuen Pasaiako badian 1984ko maiatzaren 22an eragindako odolustea. Gaur egun, 38 urte beranduago, Jon Maiaren bertsoek eta Joseba Sarrionandiaren hitzek egin dute. Bai eta hildakoen senideek ere, nola ez. Zirraragarria izan da batez ere, zehaztasunengatik, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ zenaren anaiaren tortura lekukotasuna. Pasaiako hilketetatik urte asko pasatu direla dirudi, eta hala da, baina egia jakiteari dagokionez dena egiteko dago oraindik, eta zer esanik ez justizia lortzea helburua bada.

Azpeitian gogoratu da zorigaiztoko eguna, bertakoak baitziren lau hildakoetako bi, eta Txantreakoak besteak; Gipuzkoako herria eta Iruñeko auzoa betirako anaituta utziko zituen gau hark. Dionisio Aizpuru ‘Kurro’, Jose Mari Izura ‘Pelu’, Rafael Delas ‘Txapas’ eta Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ tiroka akabatu zituen Polizia espainolak, bizirauteko aukerarik eman gabe. Aurretik, aski jakina denez, Rosa Jimeno bahitu eta torturatu zuten, sarraskia prestatzeko. Bere lekukotasuna entzun da Azpeitiko Azoka plazan, bideoz, ekitaldiari hasiera emanez.

Gauzak, ordea, ez zirela 1984. urtean hasi gogora ekarri du Arantxa Isartek, ‘Pelitxo’ren arrebak. Beren aitona Francok espetxeratu zuen eta emazteak bost seme-alabekin atzerrirako bidea hartu behar izan zuen, «noraezean eta beldurtuta» ibili ostean berriro herrira bueltatu zen arte. Aitona hil zela jakitera eman zioten gero, hiru urte preso izan ostean, baina urte askotan ezer gehiago deskubritu gabe egon zen familia osoa. Duela gutxi jakin dute Erorikoen Haranean lurperatua dutela.

Franco hil zen egunean gauzak aldatzera zihoazela zirudien, baina ez: Batallón Vasco-Español eta GAL oroitu ditu Isartek, eta 18 urte baino ez zituela anaiaren bila etorri ziren eguna. «Tortura jasangaitzak» eragin zizkioten. Eta gero, Pasaia. Galdera bat luzatu du Arantxa Isartek: «Aitite non zegoen jakiteko 80 urte pasa dira, Pasaian gertatutakotik 38 urte pasatu dira, beste 40 urte gehiago egon behar ote dugu zerbait argitzeko?».

«Zeren zain daude?»

Pello Aizpuruk, «Kurro»ren anaiak, hartu du hitza gero, ezer baino lehenago Etxarri-Aranatzen ordu berean Josu Zabala hil zutenetik 25 urte pasa direla-eta antzeko ekitaldi bat egiten ari zirela gogoratuz. «Amorrua eta inpotentzia» sentitzen duela onartu du, eta Lakuako Jaurlaritzari zuzendu zaio: «2019. urtean egin genuen eskaera, Pasaiako sarraskia ikertu zedin, eta ez dugu berririk jaso hiru urte pasata. Hilketa zantzuak daudela onartzen dute eta lekukoak bizirik daude: Rosa Jimeno, Joseba Merino... Paco Etxeberria bera hor dago. Zer gehiago behar dute?».

NAIZi erantsi dionez, «gure esku dagoen guztia egiten ari gara baina ez dugu aitortza lortzen. Hitz ederrak bai, Lakuako Gobernuaren partetik, baina besterik gabe, eta ulertezina egiten zaigu. Pandemia honek erakutsi digu agian bihar ez garela bizirik egongo eta lekukotza horiek galtzea barkaezina izango litzateke. Ez dugu ulertzen zeren zain dauden. Testigantza zuzenak daude, lau hildako, 113 bala zulo eragin zizkieten, fusilamendu bat izan zela esan zuten politikoek... Bada garaia», kexatu da.

Azkenik, kartzelan hilabete inguru isolamenduan zeraman Joseba Sarrionandiak Pasaiakoa gertatu zenean. Orduan idatzi zuena irakurri du, xume-xume, bere eran, eta garai hartako «erresistentzia beharraren» izpiritua aldarrikatu du.