INFO

Enara Gamindek orain arteko orekak goitik behera irauli ditu 14 urterekin

Finalak Arrizabalaga eta Laukizkoaren kolore urdina baino ez du izan eta Aldai-Capellanek ez dute inolako aukerarik izan (22-3) Uranzu pilotalekua bete duten zaleen zoritxarrerako.

Finaleko lau protagonistak, Arrizabalaga eta Gamindek txapelak buruan dituztela. (EMC)

Bikoteak ezagutararzi zituzten egunetik Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde Binakako Master Laboral Kutxako txapelak janzteko faborito garbiak ziren eta, presio horrekin jokatzea erraz ez den arren, txapelketa eta are final perfektuago bat jokatuz, ondo merezitako garaipena lortu dute Amaia Aldai eta Andre Capellan (22-3) jipoituta. Hirugarren finala zen gaurkoa Irunen eta ez du aurreko bien batere antzik, aurreko bietan zaleen berotasuna falta bazen, gaurkoan harmailak beteta, emozioa falta izan du partida nagusiak jardunaldia perfektua izan zedin.

Denbora gutxian ikaragarri hazi den kirola da emakumeen esku pilota eta alde horretatik arrunta izan daiteke edozein agerpen edo aldaketak hankaz gora jartzea modalitate honen elitearen errealitatea. Eta ezbairik gabe, 14 urteko Enara Gaminderen agerpena izan da orain arteko orekak goitik behera aldatu dituena. Lau eta Erdikoan erakutsiak zituen bere dohainak, kontsolazio finalean gaur lagun izan duen Olatz Arrizabalagari irabazita baina, atzelaria izanda, binakakoan izan da erabakigarria, gernikarraren alboan arrakalarik gabeko bikotea osatuz. Olatz Ruiz de Larramendiren baimenarekin, pena bata bestearen aurka ezin ikustea, Laukizkoa izango da momentuko atzelaririk sendoena, gaur ere dominatzeaz gain ez du pilotarik galdu eta kantxaren jabe izan da, hasi eta buka. Adin horrekin eta bere lehen finalean, gainera, urduritasuna kudeatzen nola erantzungo zuen zen zalantza nagusia, baina erabateko plazandre bat bezala aritu da, telebista kameren eta frontoian ziren 500 ikusleen batere presiorik sentitu gabe.

Eta bizkarrak horren ondo babestuta izanda, jarraian hirugarren finala jokatu duen Olatz Arrizabalagak ez du hutsik egin nahi izan eta oso final serioa jokatu du, pilotari abiadura eman, Amaia Aldai saihestu eta jokoa Andrea Capellanengana bideratuz.

Txanponaren beste aldea

Eta egoera hauetan, kirolak, pilotak kasu honetan, bere bi aldeak erakutsi ditu, gupidagabe. Bizkaitarren kasuan dena aldapa behera izan den bitartean, Aldai eta Capellanentzat dena izan da ezin eta frustrazio. Konturatzerako, aurkariak 6-0 aurreratu dira, eurak partidatik erabat irten dira eta ez dute inolako erantzuteko gaitasunik erakutsi. Jokotik erabat deskonektatua, Dimako aurrelariak oso behartuta sartu behar izan du bere bikotekideari lagundu edo erasora pasatzeko eta ez du bere egunik onena izan eta 16 urterekin, errioxarrak os trantze txarra pasa du aurkarien nagusitasunaren aurrean. Txapelketako lehen partidan, Eibarko Astelenan, irabaztetik gertu izan ziren aurkari hauen aurka, 22-17 galtzen amaitzeko, baina bizkaitarra eta errioxarra oso urrun egon dira orduan eman zuten mailatik eta finalak kolore bakarra izan du, Arrizabalaga eta Gaminderena.

FITXA TEKNIKOA:

Aldai-Capellan: 3

Arrizabalaga-Gaminde: 22

Iraupena: 32 minutu. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-10, 2-10, 2-20, 3-20 eta 3-22. Sakeak: 3 Arrizabalagak. Tantoak: 2 Aldaik , 5 Arrizabalagak eta 4 Gamindek. Galdutakoak: 6 Aldaik, 4 Capellanek, 1 Arrizabalagak eta 0 Gamindek. Gorabeherak: 500 lagun inguru eta giro polita Irungo Uranzu pilotalekuan.