Ukrainako gerrak Errusiarekin egiten zen elkarlan zientifikoa kolpatu du
Duela hilabete «dena erori» zitzaion Boris Pariseko neurozientzia ikertzaileari. Milaka kideri bezala, esku artean zituen ikerketa proiektuak zapuztu zitzaizkion, Ukraina inbaditzeagatik Errusiarekin elkarlana etetearen ondorioz.
Ukrainaren inbasioaren ondoko egunetan, nazioarteko erakunde zientifiko entzutetsu batzuek Errusiarekin egiten zuten elkarlana bertan behera utzi zuten. Horien artean Europako Espazio Agentzia (ESA), Estatu frantseseko ikerketa erakunde nagusia (CNRS), ikerketa nuklearrerako Europako antolakundea (CERN) eta MIT institutu estatubatuar sonatua.
Harremanak eteteko erabakia kolpe gogorra izan da diplomazia zientifikoarentzat, batez ere sektore aeroespazialarentzat. Bertan, mendebaldeko potentziek erlazio estuak landuak zituzten Errusiarekin Gerra Hotzaren amaieraz geroztik.
«Erabaki mingarria izan da», adierazi dio Josef Aschbacher ESAko zuzendariak AFPri. Agentziako 22 estatu kideek lokarri guztiak moztu zituzten bere kide errusiarrekin.
Mugarik gabeko zientzia
Errusiarekin elkarlana eten izanak zapuztutako lehenengo egitasmoetako bat ExoMars misioa izan da. Aurten aireratu behar zuen Baikonur Kazajistango kosmodromotik, Errusiako transbordadore eta lurreatze egitura baten laguntzarekin.
Gertaera garratza izan da milaka zientzialari europar eta errusiarrentzat. Urteak zeramatzaten proiektuan lanean eta gakoa zen Lurretik kanpo bizitza bilatzeko.
Misioa bertan behera gelditu izana kaltegarria izan da mugarik gabeko zientziaren aldeko apustua egiten duen munduko komunitate ireki batentzat, noiz eta covid-19aren izurritetik errekuperatu berritan.
Filosofia horrekin, Boris Osasun eta Medikuntza Ikerketa Institutu Nazional frantseseko ikerlariak zientzia kognitiboaren inguruko zentro bat sortu zuen Moskun. Bere ikasleek Europako laborategi ugaritatik bidaiatzen zuten eta bera Errusiara joan zen konferentziak ematera.
«Mugaz gaindiko eredu bat izan zen, eurozienetziaren alorrean bakarra», azaldu dio AFPri jatorri sobietarreko estatubatuar honek. 50 urte ditu eta Estatu frantsesean bizi da.
«Gerrak gainditzen gaitu»
Egun batetik bertzera hamar urtetako lana galdu zen. Ofizialki proiektua ez da gelditu, baina praktikan bai.
Zigorren eraginez, ikertzaileek ezin dute jada Errusian egiten duten lana finantzatu. Bertze batzuk mehatxatuak daude gerraren aurka protesta egiteagatik edo Armenia eta Turkiara eskapo egin dute.
«Egunero mintzatzen gara Skype edo Zoom bidez… Baina galduta gaude, gerrak gainditzen gaitu», aitortu du Borisek, etsita.
Errusiaren ikuspuntutik, isolamenduak munduko konpetentzia zientifikoan galtzen ateratzeko beldurra sortzen du. Martxo hasieran herrialdean lan egiten duten 7.000 zientzialarik gerraren aurkako eskaera bat sinatu zuten.
Egun gutxi lehenago, matematikarien komunitateak bere munduko kongresurik handiena San Petersburgon egitea erabaki zuen, aurreikusia zegoen bezala.
Carole Sigman CNRS erakundeko zientzialariak azaldu du eragin handia duen Errusiako Zientzia Akademiak ere gerra bukatzea exijitu zuela eta atzerriko ikerlariengana zuzendu zela erlazio zientifikoen haustura ekidin nahian. Ikertzaile frantsesak erantsi du zientzialari sozial errusiar ugari Estatu frantsesera joateko pasaporteak eskatzen ari direla.
«Ez abandonatu»
Mendebaldean, Harvard eta Cambridge bezalako unibertsitate ezagunetako irakasleek kide errusiarrak «ez abandonatzeko» eskatu zuten joan den ostegunean ‘Science’ aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Adierazi zutenez, «jazarpen indiskriminatua atzerapauso larria litzateke garapen zientifiko eta teknologikoan oinarritutako mendebaldeko balioentzat».
Aldiz, ikertzaile ukrainar batzuek, Kieveko Taras-Shevchenko Unibertsitateko Maksym Strikha fisikariak kasu, «erabateko boikota» defendatu dute komunitate akademiko errusiarrarentzat.
Baina hala eta guztiz ere lokarriek eusten diote oraindik. «Harresiak iragazkorra izaten segitzen du», agertu du Denis Guthleben CNRSko historia batzordeko agregatu zientifikoak. Erakunde publiko honek Moskurekin zituen elkarlan berriak ezeztatu ditu, baina nazioarteko bere laborategiek Errusian lanean jarraitzen dute.