INFO

Eskarmentua eta gaztetasuna batzen dituen zazpikotea aurkeztu du Euskaltelek Itzulirako

Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Mikel Bizkarra, Carlos Canal, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin izango dira, azken orduko arazorik ezean, apirilaren 4an Hondarribian erlojupeko batekin abiatuko den proban parte hartuko duten txirrindulariak.

Zazpikotea gaur Derion egin den aurkezpen ekitaldian (EUSKALTEL EUSKADI)

Euskaltel Euskadi taldeak Euskal Herriko Itzulian parte hartuko duen zazpikotea aurkeztu du gaur Derioko bere egoitzan. Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Mikel Bizkarra, Carlos Canal, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin izango dira, azken orduko arazorik ezean, apirilaren 4an Hondarribian erlojupeko batekin abiatuko den proban parte hartuko duten txirrindulariak.

«Talde ona dugu: eskarmentuko bi txirrindulari, Bizkarra eta Iturria; sendotutakoak, Gotzon eta Ibai, esaterako; eta etorkizuneko gazteak, Canal, Isasa eta Azparren. Ibilbidea, beti bezala, oso gogorra da, eta txirrindulari igotzaileak eta indartsuak izango dira nagusi», aztertu du Jorge Azanza kirol-zuzendariak.

«Hondarribian erlojupeko batekin hasiko gara, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara bertan. Ondoren, gure aukerak bilatuko ditugu. Etxean gaude, zale guztien aurrean, hori da gure motibazioa eta besteekiko aparteko puntua. Espero dezagun gauzak nahi dugun bezala ateratzea. Izan ohi dugun talde lehiakorra izango gara, hori seguru», gaineratu du teknikari nafarrak.

Mikel Bizkarra da seguruenik zazpikotean esprientzia gehien duen ziklista. Bizkaitarrak aipatu duenez, taldearentzat urteko hitzordurik garrantzitsuena izaten da Itzulia. «Denboraldiko lehen zati honetako helburu nagusia da. Etxeko lasterketa, WorldTourrekoa, maila gorenekoa, munduko txirrindulari onenekin eta txikitatik bide bazterrean ikusi dugun lasterketarekin. Gure Tour txikia da. Ilusioz gainezka eta gogotsu iritsi gara lasterketara, zaleekin, marea laranjarekin, mendateetan igaro beharko dugun jendearekin gozatzera».

«Bizitza osorako grabatuta geratzen zaizun zerbait da. Gure onena ematen saiatuko gara errepidean. Helburua etapa baten lehian egotea da, etapa bat irabazten saiatzea, jakinda oso zaila dela, aukera gutxi daudelako; erlojupekoa kenduta, bost aukera izango ditugu. Lehiakorrak izaten eta protagonistak izaten saiatuko gara, urte osoan bezala, aukeraren bat izateko eta etapa garaipen horren alde borrokatzeko», ipini du helburu moduan.

Kamiseta laranjak banatuko dituzte

Ekitaldian, Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak aurtengo Marea Laranjaren elastikoa aurkeztu du. Material teknikoekin eginak daude, eta taldearen denboraldi honetako mailloten diseinua erreproduzitzen dute. Atzealdean “Gure Itzulia, guztion bultzada” leloa daramate, txirrindularien eta zaleen arteko loturaren sinbolo gisa.

Dagoeneko hasi dira elastikoak banatzen Itzulia igaroko den udalerrietako saltokietan. Gainera, etapetan ere banatuko dizkiete zaleei, lasterketako mendate eta iritsiera garrantzitsuenetan.

Lehen etapan, San Telmorako igoeran eta Hondarribiko alde zaharretik igarotzean. Bigarren etapan, berriz, amaieran sentituko da indartsuen, Vianan. Hirugarren etapan, Laudiotik eta Amurriotik pasatzean eta Kostera eta Ozeka mendateetan biziko da unerik beroena. Laugarren etapan, San Antolindik Viverorako igoera ikusgarrian, Artxandako bidean. Bosgarren etapan, Bizkaiko Balkoia, Trabakua eta Karabieta izango dira protagonistak. Azken etapan, berriz, Azurki, Gorla eta Arrateko igoera mitikoak jantzi nahi dituzte laranjaz.