INFO

Hamaika hegazkin konpaniari ezarritako zigorrak berretsi ditu EBko Justizia Auzitegiak

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hamaika hegazkin konpainiaren kontrako zigorrak berretsi ditu asteazken honetan, hainbat urtez karga-zerbitzuen prezioak adosteagatik. Hala ere, konpainia batzuen errekurtsoak partzialki onartu ditu eta isunen zenbatekoa jaitsi du kasu batzuetan.

Air France airelineak isun handiena ordaindu beharko du. (Rene RUPRECHT | EUROPA PRESS)

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak asteazken honetan berretsi ditu karga-zerbitzuen prezioak hainbat urtez hitzartzeagatik 2017an hamaika airelineari ezarri zizkion isunak. Hala ere, Europak konpainia batzuen errekurtsoak partzialki onartu ditu eta, ondorioz, zenbait kasutan isunen zenbatekoa murriztu da.

Isuna ordaindu beharko duten hamaika konpainien artean, eta Air France da gehien ordaindu beharko duena: 182 milioi euro. Jarraian, bere bazkide herbeheretar KLM egongo litzateke, 127 milioi euroko isunarekin. Izan ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bi airelinea hauen errekurtsoak baztertu zituen eta, beraz, 2017an ezarri zitzaien isuna mantenduko da.

Era berean, justizia europarrak Martinairren errekurtsoa ere baliogabetu du, hortaz, 15 milioi euro ordaindu beharko ditu.

Bestalde, Cargoluxek 80 milioi euro ordaindu beharko ditu eta Singapore Airlinesek, aldiz, 75 milioi euro. Eskandinaviako SAS konpainiak, bere aldetik, 70 milioi euro ordaindu beharko ditu.

Kontrara, EBko Justizia Auzitegiak helegitea onartu dion konpainiarik ere egon da. British Airwaysen kasua da, zeinak hasierako 104 milioi euroak ordaindu beharrean 84 ordaindu beharko dituen. Cathay Pacific hamar milioitan murriztu du isunaren zenbatekoa, 57 milioi eurotik 47ra; Japan Airlinesek 29 milioi euroko isuna jasoko du 36 milioikoa beharrean; Air Canadak 21 milioi euro ordaindu beharrean 18 ordainduko ditu; eta Latam airelineak 8 milioitik 2 milioira murriztu du ordaindu beharreko isuna.

Hala ere, konpainiek bi hilabeteko epea dute helegiteak aurkezteko EBko Justizia Auzitegiaren aurrean.

Konpainiek sei urte inguru, 1999ko abendutik 2006ko otsailera, jardun zuten erregai bidezko errekarguak adosten. Gainera, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, konpainien arteko elkarrizketa bilateral zein multilateralak segurtasun-errekarguetara zabaldu ziren.