INFO

Ostegunean estreinatuko da Durangoko bonbardaketaren biktimen memoria jasotzen duen dokumentala

Ostegun honetan estreinatuko da ‘31 vidas, el homenaje’ izena duen dokumentala. Iban Gorriti kazetariak eta Lander Petralanda editoreak zuzendu dute Durangoko bonbardaketaren biktimen testigantzak jasotzen dituen lana.

Iban Gorriti, ‘31 vidas’ liburuarekin. (Iban GORRITI)

1937ko martxoaren 31n faxistek Durango bonbardatu zuten. 336 pertsona baino gehiago hil zituzten, orduko biztanleriaren %5. 85 urte igaro dira eta herriak ez du ahaztu gertatutakoa. Biktimen oroimena bizirik dago. Eta ostegun honetan egun berezia izango da beraientzat, izan ere, arratsaldeko 17.00etan estreinatuko da ‘31 vidas, el homenaje’ izena duen dokumentala. Iban Gorriti kazetariak eta Lander Petralanda editoreak zuzendu dute bizirik atera zirenen testigantzak jasotzen dituen lana.

40 minutuko dokumental honek Edita Gomez, Lidia Larrea, Mikel Aretxaga, Maite Andueza eta Nati Bilbaoren lekukotzak biltzen ditu, baita biktimen senideena ere. Gainera, lan honetan parte hartu dute Euzko Gudarostea osatzen zuten indar politiko ezberdinen ordezkariek, haien artean Iñigo Urkullu lehendakariak, Andoni Ortuzar EBBko presidentak, Arnaldo Otegi EH Bilduko kordinatzaile nagusiak, Eneko Andueza PSEren idazkari nagusiak, Jon Hernandez EPK-ko idazkari nagusiak eta Raquel de la Fuente CNTko ordezkariak.

Gorritik adierazi duenez, «protagonista bakoitza oso desberdina da, eta bere emozioak transmititzeko modu bat du. Batentzat, adibidez, dokumentala terapia bat izan da». Izan ere, biktima horietako batzuek ez dute inoiz bere bizitzako pasarte hura jendaurrean kontatu. Lidia Larreak, esaterako, bere aitaren heriotza gogoratzen du dokumentalean: «Nik ez nuen haurtzarorik izan. Amari lagundu behar izan nion aurrera egiten».

Zuzendariek ohartarazi dutenez, biharkoa egun berezia izango da Edita, Lidia, Nati, Mikel eta Maiterentzat. Hiru saio antolatuko dira (17.00etan, 18.30ean eta 20.15ean) Zugaza zineman, eta bertan bi omenaldi egingo dira.

Gorritik idatzitako liburua

Dokumentalean ikusiko dira Gorritik berak idatzitako ‘31 vidas, el bombardeo contra Durango’ liburuaren protagonisten argazkiak. Urteetan zehar topatu dituen protagonista isil horien istorioak berreskuratu eta herriko oroimenaren lehen planora itzuli ditu kazetari durangarrak.

GAUR8k argitaratutako erreportaje batean azaldu zuenez, liburua plazaratu zuenetik hainbat dei jaso du 1936ko gerrako kontakizunak biltzeko, baina dagoeneko esku artean dituen zenbait istoriorekin «bizitza antifaxistak» protagonista izan ditzakeen lan bat dauka buruan. Aldi berean, Abadiño eta Zornotzako udalekin ari da lanean oroimenarekin lotutako proiektuetan.

Bere esanetan, Hego Euskal Herrian mila bonbardaketa baino gehiago izan ziren eta «bizi izandakoaz jabetu dira asko orain, liburuan agertzen diren asko bezalaxe, konturatu dira azken urteetako une tragikoena bizi izan zela».