Batzordeetan egindako elkarlan aktiboa, Korrikaren arrakastaren giltza
Korrika badator eta, iraupen luzeko prestaketa burutu ondoren, herrietako Korrika batzordeek dena prest dute euskararen aldeko lasterketari ongietorria egin, lekukoaren atzean jarri eta korrikari ekiteko. Gu Hernaniko eta Astigarragako batzordeetako kideekin izan gara, egindako lana ezagutzeko.
Lan eskerga egina dute hilabete luzeetan zehar. Hernanialdeko Korrikako arduradun Eneka Gorrotxategiren hitzetan, «Korrikaren prestaketak ezkutuko lan handia eskatzen du, jende askoren parte-hartzea eta koordinazioa». Prestaketa zereginetan ikasturte berriarekin batera hasi ziren, eta hastapeneko lan nagusia kontaktuak egitea eta azken Korrikako materiala biltzea izan bazen ere, abenduan egin zuten Gipuzkoako lehen batzarra.
Zailtasunak ere ez omen dira gutxi izan, Gorrotxategik esandakoa aintzat hartzen badugu. Izan ere, hark dioenez, «lan karga pixkanaka doa handitzen. Hasiera batean, pintzelada txikiak agertzen dira eta erraz kudeatzen dituzu, baina otsailean eta martxoan gauza asko koordinatu behar dira aldi berean. Esango nuke, zailena guztiaren arteko oreka aurkitzea dela».
Gorrotxategiren arabera, hala ere, «Korrika gerturatu ahala jende asko hurbiltzen da gurera, eta modu batera edo bestera laguntzeko prest agertzen dira denak». Herriko eragileak, eskolak eta herritarrak omen dira batzordeetara gehien hurreratzen direnak. Herrian aktiboen dauden eragileak izaten dira normalean antolakuntzari dagokionez, behinik behin, gehien inplikatzen direnak; hain zuzen ere, urtean zehar ekintza gehien antolatzen dituztenak omen direlako.
Baina azken horiek ez dira lanean aritu diren bakarrak. Izan ere, AEKko euskaltegietako ikasleek ere protagonismo handia izan ohi dute euskararen aldeko festa erraldoia atontzeko egitekoetan. Gorrotxategik dio horiek hasiera-hasieratik direla Korrikaren parte. «Ikasleekin Korrikaren lanketa ikasturte hasieratik egiten da, ikasleek Korrikari ekarpena egiteko modu ezberdinak ezagutzen dituzte, eta ondoren norberak aukeratzen du nola lagundu: kilometroaren erosketan ekarpen ekonomikoa eginez, Korrika laguntzailea erosiz, Korrika Kulturaleko agendako ekintzetan parte hartuz edo zuzenean kilometro bat erosiz, besteak beste».
Esan beharra dago, alde horretatik, Korrika bezalako ekitaldi handi eta jendetsua antolatzeko ezinbestekoa dela herritarren parte hartze aktiboa. Parte hartze horrek elkarlana sustatzeaz gain, euskararen aldeko gizarte kohesioa bultzatzen du.
Ezinbestekoa eta berezia
Korrika bezalako ekitaldiek euskaldunon artean duten estimu eta garrantziaren inguruan galdeginda, aldiz, Hernanialdeko Korrikaren arduradunak argi dauka: «Korrika euskararen aldeko ekimen garrantzitsuenetakoa da, esango nuke garrantzitsuena dela nazio mailan. Euskara erdigunean jartzen duen ekimena da, euskaraz bizi nahi dugunon aldarria ere bada eta aisia euskaraz egiteko aukera ematen digu. Aisian euskara bultzatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, ikasle askorentzat euskaltegia baita euskaraz bizitzen hasteko toki bakarra. Euskaltegia da euren euskarazko inguru bakarra, eta, beraz, Korrika bezalako ekimenek euskara haratago eramaten laguntzen diete, euskaltegitik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten».
Aurtengo edizioa, gainera, berezia izango da inondik ere. Izan ere, azken bi urteetako egoera aldrebesaren ondotik, oraingoan bai, Korrika ohiko baldintzetan ospatzeko aukera izango dute. Hala, Gorrotxategik momentu honetan bizi duten zirrara azaleratu nahi izan du: «Emozioz eta oso hunkituta gaude guztiok; urduri ere bai. Egoera normalean jai benetan berezia izaten bada euskal herritarrontzat, zer esanik ez aurten, pasatu behar izan dugun guztiaren ondoren».
Hernanin eta Astigarragan izan den kilometroen salmentari buruz, azkenik, aipatzekoa da, oro har, emaitza positiboak izan direla, eta diru bilketa esanguratsua egin dutela Hernanialdeko AEKko kideek. Gorrotxategiren esanetan, «kilometroen salmenta ondo joan da, eta azken txanpan are hobeto. Lehenengo jai batzordetik hasi zen jendea kilometroak erosten, baina azken bi asteetan mugitu da jende gehien. Eurengana ere bizpahiru aldiz gerturatu gara, salmentaren berri emateko. Arrazoi horregatik izan da, beharbada, azken aste hauetako igoera».
Ekitaldi ugari festa berotzeko
Korrika datorren apirilaren 10ean da igarotzekoa Hernanialdetik. Hori baino lehen, alta, asko eta asko izan dira euskararen aldeko festa erraldoia girotzeko eta Korrika Kulturalaren baitan egin diren ekitaldiak. Esaterako, martxoaren 5ean Korrikaren Eguna egin zuten; martxoaren 15ean, “Laburbira”, bederatzi film laburren emanaldia; martxoaren 24an, ardo-dastaketa egin zuten, eta gaurko, Petti musikari nafarraren kontzertua dago iragarrita. Esan daiteke, beraz, Korrikarako beroketa ondo egina dutela Hernanialdeko euskaltzaleek.