Ekintzak hitzekin uztartuz, Korrika martxan
Amurriok jarri zuen abian 22. Korrika, segur aski irrika handiena piztu duena. AEK-ko irakasleek eraman zuten lekukoa estreinako urratsetan. Jendetza zeukan zain, gogotsu, pozik... horrela jarraituko du hurrengo hamar egunetan, baina urruntzen denean, konpromiso zehatzak gera daitezela eskatu zuten.
Urtebeteko atzerapenarekin heldu da, eta zain zegoen herria aurkitu du Korrikak. Gogoa, zirrara, oilo-ipurdia, indarra, kemena... halako hitzak ahoz aho zebiltzan, atzo, Amurrion. Bi urtez luzatutako izurriaren erdian, gainera, beharrezko «poztasun txute kolektiboa» aipatzen zuten askok, kalera eta jai girora itzulera irrikatua. Izan ere, goiz-goizetik, musikak Amurrioko kaleak jantzi zituen, eta iluntzera arte luzatu zen jai arrastoa utzi zuen. Tartean, herriko ekoizleen eta sortzaileen produktuen azoka izan zen, aspaldi ikusi gabeko txosnak..., komunikabideen konexioetarako egokitutako guneak..., eta zuzeneko emanaldiak: Neomak, Gozategi, Izate Faltsua, Dupla... Laneguna zen, eguraldia ez zen egun-pasa egiteko aproposena, eta, hala ere, kalean ogitartekoa janda hartu zituen batek baino gehiagok Korrikaren aurreneko kilometroak.
Arrastiko euri zaparradek ikusgarritasun pitin bat kendu zioten aterkipeko ekitaldiari baina, hala ere, plaza dantzan jarri zuten oholtzan Korrikari hasiera emateko bildutakoek. Ekitaldia hasi baino lehen, beren kartel argitsuekin iritsitako bi furgonetek, Korrikaren iritsieraren seinale izango diren horiek, plazan bildutakoen lehen txaloak jaso zituzten, eta azken ukituen artean, argazki ugariren eszenatoki bilakatu ziren.
86 eta 71 urte, eta prest
Euskal Herrian zehar 2.500 kilometro inguru egingo dituen 22. Korrika honen hasiera-ekitaldiak mezu ugari utzi zituen, ekimenaren beraren hastapenak eta orduko gau-eskolak gogoratuz, baita dei zuzenak eginez ere. Kaitin Allende kazetari eta bakarrizketariak euskarazko toki-hedabideen lana goraipatu zuen, baita egunero euskaltegira joaten diren horiek ere, belarriprestak, «dakiten euskara erabiltzen dutenak eta entzumena lantzen» duten guztiak. Aurrean, plazan, Korrikazale beterano bi zituen. Carlos Udaeta 86 urteko amurrioarra zen bat. Korrika guztietan hartu du parte, kontatu zuenez. «Niretzat Korrika asko da, baina euskara dena da», adierazi zuen. Amurrion hastearen zirrarak bultzatuta, gutxienez hasierako metroetan sartzea erabakita jo zuen plazara.
Ondoan, aurreko Korrikan lekukoa eramatean lagun izan zuen Ismael zeukan, jaiotzez palentziarra eta Euskal Herrira 12 urterekin heldu zena. 71 urte ditu eta euskara ikasten ari da AEKn. Azken bi urteetan, pandemia dela-eta, utzi beharra izan du, baina AEK-ko euskaltegira itzuli da orain. «Zaila da eta horregatik gustatzen zait. Jada lau urte daramatzat. Euskara beste mundu bat da», esan zuen.
Amurrioko AEKn irakasle dabilen Iñaki Ibarluzeari euskaltegiko beste irakasleekin batera lehen kilometroan lekukoa eramateko ohorea egokitu zitzaion, hamarkadetan egindako lanaren aitorpena. Urduri, gogotsu eta «izugarrizko ohore eta ilusioarekin», ekimenaren helburua aipatu zuen. «Jaia da, baina helburu zehatz batzuk dituen ekimena da. Espero dugu benetan aztarna uztea eta jendeari ikusaraztea gure hizkuntza bultzatzen eta normalizatzen jarraitu behar dugula. Korrika ondo pasatzeko da, baina ez horretarako bakarrik».
Hizkuntza politika egokiak
Azken hausnarketa horrekin lotuta, Aitziber Balantzategi AEKko eledunak «euskararen erronkan, hizkuntza-eskubideetan» atzerapausorik ez dela eman behar aipatu zuen, eta euskararen ezagutza unibertsala bermatu beharra dagoela gaineratuta.
«Orain eraiki behar ditugu horra eramango gaituzten bideak», esan zuen. Ekitera deitu zuen euskal jendartea, «aldeko hitzak hutsalak» direlako «ekintzez erditu ezean». Euskal gizarteari mezu bat helarazi zion: egin dezagun jauzi konpromisoetara, jendarte osoa elkarrekin, nork bere tokitik; eta instituzio publikoentzako hitzak ere izan zituen: «Lagun gaitzatela horretan administrazioetatik bideratu beharreko hizkuntza politikek; abia ditzatela orain hizkuntza-politika egokiak euskarari prestigioa emateko eta lehenesteko. Eta horiek trinko bihur ditzatela, blindatu, ez gaitezen esna bihar gaur baino atzerago epaile edo lege ezjakinen kolpeen erruz».
Lehenengo kilometroa euskaltegiko irakasleentzat izan zen eta bigarrena SOS Aiaraldea herri ekimenak eta Tubacexeko, Artiacheko eta eskualdean borrokan diharduten beste enpresetako langileek osatu zuten. Lanpostuen defentsan burututako borroka historikoa gogoan, euskalduntzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzera deitu zuen AEK-ko arduradunak, «Tubacexen eta beste hainbat lantokitan erakutsi diguten kemen eta duintasun berberaz». Erronkak indar kolektiboa behar duela azpimarratu zuen. «Ez dugu super-botererik, zuen bultzada eta babesa ezinbesteko ditugu», azpimarratu zuen.
Ezkutuko mezua daraman lekukoa errepidean da atzotik. Abian jarri, eta langileen, eskoletako eta ikastoletako guraso eta irakasleen, alderdi politikoen, kirol eta kultur taldeen eta zenbatezinak diren eskuetatik pasatuko da hurrengo hamar egunetan, Donostiara heldu eta barruan dituen hitzak ezagutu arte. Hurrengo hamar egunetan, edozein ordutan, eguraldi iragarpenek agintzen duten kota baxuetako elur artean ere, zorua milaka urratsen lekuko izango da, maldan gora zein behera, musika doinuek lagunduta edo ohiko «tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!» oihu ezagunen artean, eta aldarrikapenez beteta.
Euskal Herrian barna aurrera zihoan bitartean, debeku berrien albistea heldu zen Amurriora sareen bidez. Mundu osoan zehar hainbat hiritan erreplika izango duen euskal ekimenak debekua jaso du Madrilen, hiru barrutitan.