INFO

Giza korridoreak eta bide seguruak eskatzeko elkarretaratzea Irunen larunbatean

Bidasoako uretan Ibrahima Diallo gaztearen gorpua agertu ostean, Irungo Harrera Sareak gogora ekarri du heriotza hori ekiditea posible zela, aurrekari ugari bazirelako.

Concentración de Irungo Harrera Sarea, el pasado 21 de noviembre, para denunciar la muerte de un migrante fallecido en el Bidasoa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, 12.00etan, San Juan plazan. Bidasoa ibaia «izzenik gabekoen ibaia izan ez dadin» eskatu nahi dute horrekin, asteazkenean Ibrahima Diallo gaztearen gorpua agertu ostean.

Iaz, apirilaren 19an, Tessfiten heriotzaren berri izan genuela gogoratu dute. Hori izan zen zonaldean migrazioaren aurkako politikek eragindako lehen biktima. Zazpi gehiago gertatu dira gero mugan edo mugatik gertu. Orduan, Harrera Sareak argi adierazi zuen ez zuela inor «mamu» bilakatzen utziko. «Bidasoan, Mediterraneoan bezala, gertatzen ari diren heriotzak ekiditeaz gain, igerian gurutzatzeko ideiak bere horretan jarraitzen duen bitartean, izen eta abizenak nahi ditugu haien familien eta lagunen eskubideen defentsan, haien duintasunarengatik eta dolua pasa ahal dezaten», esan du elkarteak.

Hiru aste desagertuta zeraman Ibrahimen gorpuaren agertzearekin batera, aspalditik ohartarazten ari diren arazoa agerian gelditu da berriro. «Ekidin zitekeen heriotza da –azpimarratu du taldeak–. Irungo Harrera Sareak denbora luze darama horrelako drama bat gertatuko zela ohartaraziz, eta horregatik giza korridoreak eta bide seguruak denentzat eskatuz dagokien Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei».

Horren harira, txalotu nahi dute euskal erakundeek azken aldian erakutsi duten errefuxiatuei baliabideak jartzeko azkartasuna, eta jarrera horri eustea nahiko lukete. Baina era berean, adierazi dute «erakundeen arteko mahaia Ukrainako herriari bai eta Afrikatik datozen pertsonei ematen ari zaien harrera duina» emateko balio behar durela.

Irun eta Hendaia arteko poliziaren «kontrol arrazistekin» amaitzea beharrezkoa dela iritzi dute, hori baita bide ez seguruak hartzeko arrazoi nagusienetako bat.