INFO

Korrikak euskararen aldeko pausoak bizkortu ditu Iruñerrian

Elurpean iritsi da Korrika Iruñerrira. Ekimenak milaka herritar batu ditu euskal kulturari hauspoa emateko, eta auzo eta herrietan aurrera egin ahala biderkatu dira korrikalariak, eguzkiaren izpiek hiriburu izoztua argitzen zuten bitartean. Lekukoa Erribera bidean da, baina ajea utziko du Iruñean.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


1980tik zortzi aldiz Iruñean hasi edo amaitu da Korrika, baina 22. edizio honetan ekimenaren pasabide izan da euskal hiriburua, non elurrak, haize-boladek bultzatuta, zoru zuritik igarotzera behartu dituen korrikalariak. Neguak ez du amaitu nahi, eta batez ere goizean utzi du argi, euskal hiriburuko lehen auzora Korrika iristen zen bitartean. 9.20ak ziren eta furgonetek jendea zuten zain Buztintxurin. Egun oso bat geratzen zen aurretik eta kaleetan zehar aurrera egin ahala, gainera, korrikalariak biderkatzen hasi dira «tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!» oihu ezagunaren artean.



Buztintxuritik Arrotxapeara. Bertan zegoen auzoko Korrika Batzordea eta gaztetxeko kideak beren kilometroen zain, AEK-k duela 42 urte martxan jarritako ideia zoro hori jarraituz. Goiz zen, baina jendea zegoen, txikienak tartean; guztiak ausardiaz beterik eta urduri sekretupean gordetako mezua daraman lekukoa noiz iritsiko zain. Hori ezin ukatu, Korrikak transmititzen duen hori ikaragarria da. «Garrantzitsua da bi urtean behin Korrikan parte hartzea, euskarak ez duelako behar duen garrantzia, baina autokritika egin behar dugu ere eta egunerokotasunean euskara gure mundura hurbildu behar dugu», azaldu dio NAIZi Ekhiñe auzotarrak.

Antsoainen bertako bertso eskolako kideak zituen zain Korrikak. Saioa Alkaiza Nafarroako txapelduna hartu du lekukoa, eta txikitan zaintzen zuen Aurelia jaso du ondoren, auzoko Zaintza Sarearen izenean. Txantrea, Burlata, Atarrabia, Uharte, Olatz, Sarriguren, Erripagaña, Mendillorri, Mutiloa, Lezkairu, Arrosadia, Iturrama eta Donibane izan dira Korrikak zeharkatu dituen herri eta auzoak, Alde Zaharreko kaleetan barrena bete-betean sartu aurretik.

Poliki baina erritmoa galdu gabe, hiriaren erdialdera mugitu dira euskararen aldeko korrikalariak, ez bazterretatik baizik eta kaleen erditik; alde batetik gogotsu, hiru urte luzeren ostean euskarari bultzada emateko baliatu nahi dutelako aukera, eta, bestalde, neka-neka eginda Iruñean zein Nafarroan euskarari jarritako enegarren oztopoaz. Enrique Mayaren erabakia ez dute ahaztu korrikalariek, eta Iruñeko alkateak kontrako oihuak entzun behar izan ditu: «Maya entzun, Iruñea euskaldun».

Alde Zaharra bete dute ehundaka euskaltzalek

Haatik, gozatzeko eguna zen gaurkoa eta emozioa nagusi izan da Iruñean. Goizeko elurra desagertuta eta zerua oskarbi, Alde Zaharra bete dute ehundaka herritarrek, hiriburua txiki utzita. Bertan zegoen inflazioa une batez ahaztu duen gazte prekarioa; lepoko more eta feminista zeraman emakumea; bandera eskuan oraindik preso politikoez betetako kartzelak daudela gogoratzen zuen heldua; eta euskarazko eskaintzarik gabe geratuko den haurra. Baita egun batez «postureo» madarikatu hori barkatuko diogun runnerra ere, edo birus batek gure bizitzak inbaditu zituenetik kirolik egiten ez duen eta gaur izterrean sufritutako ziztadak bere alferkeria leporatu dion gixajoa.

Halaber, eskoletako eta ikastoletako guraso eta irakasleen, mugimenduen, alderdi politikoen, kirol eta kultur talde euskaltzaleen eguna ere izan da gaurkoa. Iruñerrian zehar, Mugimendu Feministak hartu ditu kaleak, eta Berriozarren omenaldi berezia egin diote Jokin Irigoien AEK-ko kideariari. EH Bilduk 500. kilometroa hartu du Arrotxapean, eta segidan Geroa Bai-k. Burlatan, Osasun etxeko langileek hartu dute lekukoa eta zanpantzarrek ongi etorria egin diote Korrikari Atarrabian. Volkswageneko langileek ere bazuten bere kilometroa, eta Uharteko Gazte Mugimenduak lekuko erraldoia prestatu du.

Korrika Alde Zaharrean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Euskarabideak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin egin dute Korrika, eta nafar Parlamentuak ere kilometro bat hartu du. Sadar parean, Patxi Puñalek gogor heldu dio lekukoari Osasunaren izenean eta Indar Gorriren bengala eta pankarten artean. Arrosadian bertan, NUPeko ikasleek unibertsitate publikoa eta euskalduna aldarrikatu dute, eta San Fermin, Iturrama BHI, Biurdana eta Amaiurrek, besteak beste, korrika egin dute euskararen alde. Fenomeno anitza da Korrika, eta kolektibo, mugimendu eta talde ugarik parte hartu dute bertan; barka gaitzatela beraz lerro hauetan sartu ez ditugun horiek.

Alde Zaharra atzean utzita, Sanduzelaira lekualdatu da Korrika, baina kuadrilla askok peñetako bazkarietan geratzea erabaki dute. «Gero kalejirak txarangekin, esan dute eguraldi txarra egin arren aterako direla», komentatu du lagun talde batek. Arratsalde eta gaua luzerako doa Iruñean. Bitartean, Korrikak bere ibilbidea jarraituko du eta Barañain, Zizur, Eskirotz, Noain, Getze eta Galarretik pasako da, besteak beste. Bertatik Tafallara eta bihar Erriberatik igaroko da. Haria soilik Donostian eten dadila.