INFO

Oraindik loratzen jarraitzen dute

Sareetan haserre inpostatua nagusi da, haserre antzeztua eta antzua, ez delako eraldatzailea. Min existentziala arintzeko hartzen den plazeboa da, pilula mingar bat


Ukrainako gerrak covidaren pandemiari tokia kendu dion asteotan, hedabideen lerroburuetan lazturak beldurraren lekukoa hartu duenean, behin baino gehiagotan pentsatu dut gure belaunaldikoak zortedunak izan garela, nerabezaroa eta gaztaroa pasa den mendeko 90eko hamarkadan bizi izan genituelako. Aurrekoekin alderatuta, hamarkada «sosoa» zela esaten ziguten orduan, eta halakoa izango zen, agian, baina nork harrapatuko luke horrelako bat oraintxe.

Protokoloak ezartzen duen erara ibiltzen ginen: gozatzen, jostatzen, ikasten, desikasten. Orain, ordea, gure haurrak ikusten ditut, esnatu berritan, eta hasperen bat ateratzen zait, susmoa dudalako guk baino motxila astunagoa eraman beharko dutela bizitzaren udaberrian.

Ez da giro. Baten batek pentsa lezake kasualitatea dela bi urteren buruan birus berri batek eta gerra zaharberritu batek mundua hankaz gora jarri izana, baina barru-barruan denok dakigu aro berri baten atarian gaudela. Krisi klimatikoa eta energetikoa, lehengaien agortzea, eta horrek guztiak ekarriko duen lehia globala eta eragingo dituen borrokak, ez ditugu erronka makalak.

Hori horrela izanda, dena den, gehien asaldatzen nauena aspaldian finkatu den marmarra da. Nekagarria egiten zait; berdin futbola zein politika, hezkuntza lege baten bueltan edo eguraldiaren iragarpena dela-eta, ezin da ia ezer patxadaz eztabaidatu.

Batez ere, egozentrismoaren erakusleiho bilakatu diren sare sozialetan. Haserre inpostatua nagusitu da, haserre antzeztua eta antzua, ez delako eraldatzailea, min existentziala arintzeko asmoz hartzen den plazeboa baino ez da, pilula mingar bat.

Olioa falta omen da, baina ozpinez ondo hornituta gaude. Eta pena da, sareen zurrunbilotik at suek pizturik dirautelako, gazteek gazte izaten jarraitzen dutelako, herria badabilelako –batzuetan Korrika!– eta pandemiez, gerrez eta ezinegonez harago, dena gure esku dagoelako. Leihotik begiratzen badugu, gereziondoek loratzen jarraitzen dutela ikusiko dugu. Hotz da, baina nik ez dut udaberriaren itxaropena galtzeko asmorik.