INFO

Usansolo udalerri izatearen aurka agertu da Madril eta EAJren aitzakia dela esan du EH Bilduk

Lurralde Politikako ministroa, Isabel Rodriguez, Usansoloko herrigunea udalerri berri gisa eratzearen aurka agertu da, herritarrek hartutako erabakiak, bere ustez, ez duelako Espainiako Estatuko legea betetzen. Baina EH Bilduren ustez, EAJk bilatutako aitzakia da

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Espainiako Gobernuak ez du onartuko Usansolo Galdakaotik banatu eta udalerri berri gisa eratzea. Hala adierazi du asteazken honetan Lurralde Politikako ministroa den Isabel Rodriguezek, izan ere, haren esanetan, Usansoloko herritarrek hartutako erabakiak ez du legea betetzen.

Asteazken honetan Kongresuan egindako kontrol saioan, Mikel Legarda EAJko diputatuak gogoratu du Usansoloko herritarrek hiru aldiz bozkatu dutela Galdakao udalerriaren zatiketaren alde; eta Bizkaiko Batzar Nagusiek udal-mugapenei buruzko lurralde-araudia aldatu zutela adierazi du.

Desanexioaren inguruan joan den martxoaren 27an Usansolon egin zen galdeketa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Araudi horren arabera, udalerri berri bat eratzeko, herriak 2.500 biztanlet baino gehiago izan behar ditu. Hala ere, espainiar Estatuko legeak dioenez, herriak 5.000 biztanle baino gehiago izan behar ditu udalerri gisa eratu ahal izateko. Gaur egun Usansolon 4.600 lagun bizi dira.

Horren harira, Legardak zalantzan jarri du Pedro Sanchezen Gobernuaren jarrera, eta galdetu du ea Usansoloko herritarren erabakia eta Bizkaiko foru-arauaren borondatea errespetatuko ote duten Madrilgo agintariek.

Isabel Rodriguezek erantzun dio Espainiako Gobernuak ezin duela babestu Usansoloko herritarren erabakia, ez dituelako betetzen udalerri berri gisa eratzeko baldintzak, eta EAJko buruzagi baten adierazpenetara ere jo du, «itxaropen faltsurik ez sortzeko» eskatuz.

Are gehiago, ministroak azpimarratu du Espainiako Gobernuak ez dituela «bereizketak» gogoko eta «batasunaren» alde dagoela ohartarazi du. «Gure gogoetak alde batera utzita, Gobernuaren jarrera legeak ezartzen du», gaineratu du.

Horren aurrean, EAJko diputatuak foru araua defendatu du, eta Espainiako Gobernuak honen aurkako helegiterik jarri ez duela nabarmendu du. Ministroak erantzun dio bere elkarrizketarako borondatearen «muga bakarra» legea betetzea dela, hori bai Espainiako legea.

Bizkaian hartu beharreko erabakia

Zentzu honetan, Usansolo Herriak esan du banaketaren eztabaida Bizkaiko Batzar Nagusietan eman beharko litzatekeela, erakunde honen araudiaren arabera.

Salatu duenez, EAJko ordezkariekin bilerak egin nahi izan dituzte, baina jeltzaleek ez diote deiari erantzun, Usansoloko herritarrek hartutako erabakiaren «alde ez daudela erakutsiz».

Usansolo Herriak adierazi duen bezala, espainiar Estatuan izan diren desanexio bakarrak PSOEren menpe dauden udalerrietan eta autonomi erkidegoetan izan dira.

Testuinguru honetan, gogoratu beharra dago Igeldoren kasua, non epaileek bertan behera utzi zuten desanexioaren dekretua, Donostiako Udalak jarritako helegitea aintzat hartuta.

EH Bildu: EAJ, «aitzakia bila»

EH Bilduren ustez, Kongresuan gertatutakoa EAJren «aitzakia» besterik ez da. Izan ere, Bizkaiko araudia argia da «EAJ-PNVk Estatuko ordenamendu juridikoaren eragozpen legalei buruz galdetu du Madrilen, baina Bizkaiak desanexio-prozesua ahalbidetzen duen esparru juridikoa du. Madrilen aitzaki bat bilatzen ari da prozesua ez babesteko», ondorioztatu du Bea Ilardiak.

Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailearen ustez, erakunde honi dagokio Usansoloren desanexioari buruzko erabakia gauzatzea eta ez dago besterik. «Bizkaiko Foru Arau bat dugula Usansoloren desanexioa ahalbidetzen duena eta ez dagoela prozesua beste esparru batera eramateko inolako beharrik. Benetako eztabaida eta erabakiak hemen daude, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta ez Madrilen», nabarmendu du Ilardiak.