INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Eguraldia lagun, Bizkaiko kostaldean dabil gaur lekukoa

Bizkaiko kosta mendebaldetik ekialdera gurutzatuko du gaurkoan Korrikak. Uribe Kosta, Busturialdea eta Lea-Artibai igaroko ditu eta eguna amaitzeko Gipuzkoara iritsiko da, Mutriku zapalduta.

Sarkomaren ikerkuntzaren aldeko kilometroa, Mungian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbo, Ezkerraldea eta Meatzaldea atzean utzi ditu Korrikak azken orduetan eta dagoeneko Bizkaiko kostaldean dago, hau mendebaldetik ekialderaino gurutzatzeko asmoz. Elurpean hasi zen aurtengo ekitaldia, baina gaur 20 gradu inguruko tenperaturak aurkitu ditu bidean.

Bizkaia zubia gurutzatuta, kostaldera bidean jarri da euskararen aldeko lasterketa, kilometroak pilatzen jarraitzeko intentzio osoarekin.

Goizeko lehen ordutik jendetza batu da Korrikara Algorta edo Berango gisako lekuetan. Berangon Korrikaren aldeko batzorde zaharrari eman diote lekukoa. Izan ere, egun, Berangon ez dago AEK-rik eta, orduan, herriko bost emakumek, Mariak, Edurnek, Ainhoak, Arantzak eta Miren Begok hartu zuten Korrika antolatzeko ardura era boluntarioan. Gutxienez, hamar Korrika antolatuko zituztela kalkulatzen dute eta aurten batzorde berri bati utzi diote ekimena antolatzeko ardura.

Jurdanak, Korrika Batzorde zaharrean egon zen eta berrian jarraitzen duen kideak, azaldu du emakume hauek «kristoren lana» egin izan dutela eta, orain, Korrika beste era batera gozatzeko unea iritsi zaiela: «Omenaldi txikitxo bat egin nahi izan diegu, azkenean antolakuntzan zaudenean kezkatuta zaude eta ez duzu Korrikako giroaz benetan gozatzen. Orain, disfrutatzeko unea da».

09.00ak jo baino lehen Sopelan izan da Korrika, milaka lagunek babestuta. Jarraian, Sopela atzean utzita, Urdulizen Iretargi kultur elkarteak hartu du lekukoa. Arineketan edo gurpil gainean, bakoitzak bere erara eraman du lekukoa. 

Horren ostean, gorliztar eta gatikarren babesa sentitu du euskararen aldeko aldarriak, izan ere, Gorlizko kaleak bete ditu Korrikak. 

Goizeko 11.00ak aldera, Mungiara heldu da lekukoa. Bertan, Mungiako euskaltegiko A1 mailako ikasleak egon dira dira korrikalarien artean. 

Bakio atzean utzita, Bermeo izan da lasterketaren hurrengo geltokia. Busturialdean sartuta, itsasertzetik egin du herri batetik besterako bidea euskara sustatzeko ekimenak, Gaztelugatxe paretik pasatuz. 

Gaztelugatxe atzean utzita, Bermeora heldu da lasterketa eta bertan ongi etorri “erraldoia” eman diote Korrikari. Izan ere, Bermeoko erraldoiek pandemia hasi zenetik zeramaten kalera irten gabe, baina Korrika okasio berezia izanik, ‘Anton’, ‘Josefin’, ‘Lorentzo’ eta ‘Mari’ euskararen aldarrira batu dira. Joseba Batizek, Bermeoko Erraldoien konpartsako kideak, esplikatu du hasieran ez zutela «bi erraldoi baino gehiago ateratzeko esperantzarik», baina, azkenean, jende asko batu dela eta ohiko Santa Eufemia edo Andra Mariak izan ez arren, erraldoiak kalera atera dituztela. Bukatzeko, ostegun honetan bizitakoa «giro ederra» eta «pasada bat» izan dela gaineratu du.

Segidan, Mundakarako bidea hartu du lasterketak eta, itxuraz, bertako arraunlariak uretatik kanpo ibiltzera oso ohituta ez daudenez, batela eraman dute aldean. 

Busturia zeharkatu eta Urdaibaiko dantza taldeko kideek hartu dute lekukoa. Arineketan egiteaz gain, dantzatzeko tarte bat ere topatu dute. Segidan, arratsaldea hasi berritan, Gernikan sartu da Korrika eta jendetza batu da bertan.

17.00ak inguruan Arteagara sartzen hasi dira korrikalariak. 

Ibarrangelu atzean utzita Lea-Artibairantz doa euskararen olatua. Lekeitio izan du euskualdeko lehen geltokia, eta itzela bertan bildutako jendetza, baita hurrengo herri txikiagoetan ere.

 

Markina-Xemein, Berriatua eta Ondarroa ere zapaldu ditu Korrikak, gauerdiaren aurretik Gipuzkoako muga gurutzatu eta Mutrikura iritsi baino lehen.