INFO

Alconzako beharginek manifestazioa egingo dute gaur 25 langileren kaleratzea salatzeko

Berangoko Alconza enpresako lantaldeak jakinarazi duenez, Irizar taldeko enpresa honek 25 behargin kaleratu ditu astelehen honetan. Erantzun gisa, greba mugagabean 40 egun bete dituzten langile hauek manifestazio bat deitu dute ostiral arratsalde honetarako.

Alconzako beharginek 40 egun daramatzate greba mugagabean. (LAB)

Berangoko (Bizkaia) Alconza enpresako langileek ohar bidez azaldu dutenez, 25 behargini kaleratze gutuna iritsi zitzaien astelehenean. Erantzun gisa, plantillak ostiral honetan bertan manifestazio bat egingo du, arratsaldeko 19.00etan,  Berangoko metro geltokitik abiatuta. Gainera, manifestazioak bat egingo du greba mugagabeak 40 eguneko langa gainditzearekin, iragan den otsailean ekin baitzioten lanuzteari.

«Astelehenean, Alconzaren zuzendaritzak, Irizarren bermearekin, bere mehatxua gauzatu zuen, 25 lankide kaleratu zituen, langileen aldarrikapenei muzin eginez», salatu du Alconzako enpresa batzordeak. Ildo beretik, gaineratu du Irizarrek «mespretxua» erakutsi duela Alconzako langileekiko.

Grebalariek kaleratzeen berri izan ostean bizitako sentipenak deskribatu dituzte: «Aste gogorra izan da, bai zerrenda beltzean dauden 25 lankideentzat, zein beste guztientzat. Buruhauste eta digeritzeko egunak eta, batez ere, sasi txarreko egunak. Kolpeek nokeatu edota aurrera jarraitzeko balio dute. Irizarrek jakin dezala, eman diguzuen kolpeak min egin digula, baina indar handiagoa eman digula beti bezala jarraitzeko».

Era berean, enpresa batzordeak ohartarazi du ez dituztela «dagoena da» eta «kalte txikiagoa da» bezalako mezuak barneratuko. «Ez dugu onartuko zapaltzen jarraitzea ezta enplegua prekarizatzen eta suntsitzen jarraitzea. Eta, batez ere, ez ditugu onartuko lankideen kaleratzeak», gehitu du.

Erakundeei dagokienez, Lakuari «hitz hutsak alde batera uzteko» eta «egitateetara pasatzeko» eskatu diote beharginek, baldin eta «bere herriko industria axola bazaio».

Langileek gogorarazi dute Bizkaiko metalaren greban ere borrokatu zutela eta nabarmendu dute Alconzaren «enpleguaren eta etorkizunaren» borroka ez dela salbuespena izango. Bukatzeko, herrikideei helarazitako babesa eskertu diete grebalariek.