INFO

Gernikak gorengo mailan «bizirik» jarraitzeko aukera etxean irabazita baliatu nahi du

Falta zaizkion bi jardunaldietan Ciencias eta El Salvadorren aurka jokatuko du. Larunbat honetan CR La Vilak El Salvador liderraren aurka galtzea behar dute eta igande eguerdian Cienciasen aurka aurtengo etxeko aurreneko garaipena lortzea. Iker Olaeta kapitaina baikor da NAIZen deia erantzutean. 

Iker Olaeta, baloia jaurtitzen Ordiziaren aurkako derbian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bizitza komedia edo tragedia dela esaten dute. Edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikusi litekeela. «Aurtengo urtea atzekoz aurrera doakigu. Jokalariak fitxatu eta ekartzeko orduan, sekulako arazoak izan ditugu paperekin eta abarrekin. Dela covid-19a... Aurkari ‘erraz’ guztiak etxetik kanpo aurkitu ditugu eta Urbietan, berriz, Ligako oilar denak», dio Iker Olaeta Gernika Rugbi Taldeko kapitainak. Esan liteke orduan edalontzia erdi hutsik ikusten duela jokalari bizkaitarrak? Ezta gutxiagorik ere!

«Urtarriletik hona taldeak egin duen gorakada ikustekoa izan da! Oraintxe diogu elkarren artean lastima denboraldiak bost jardunaldi gehiago ez dituela! Hala balitz, ziur nago sailkapenaren erdialdean amaituko genukeela!», dio Olaetak.

Errugbi Ligako Ohorezko Mailako azken postuan daude «basurdeak», 14 jardunaldiren ostean 12 puntu baino ez dituztela bereganatu. Bi jardunaldi falta dira Liga Erregularra amaitzeko eta, bada, bi jardunaldiotan orain arte egin ez duena egin beharko du talde bizkaitarrak: etxean irabazi eta azkenaurreko postura salto egin, CR La Vilak egun betetzen duen postua, 14 punturekin. Hala egingo balu, zuzenean mailaz jaistea saihestuko lukete gernikarrek eta, bere txarrean, maila mantentzeko «play-out» bat jokatzeko eskubidea izango lukete.

CR La Vilak larunbatean 16.30etan El Salvador liderra jasotzen dute beren zelaian, Valentzian. Bertan gertatzen dena gertatzen dela, bizkaitarrek igande eguerdian Urbietan, Ciencias Enerside taldearen bisita izaten dutenerako beren aurkari zuzenenaren emaitza jakingo dute. «Akaso presio handiagoa suposatuko liguke horrek, baina ez dago gure eskuan. Batetik, El Salvador liderra ez delako alperrik eta La Vilari irabazi diezaioke. Baina bestetik, presioa sentitu edo ez, Ciencias Liga txapelketako bosgarrena da eta ez da Urbietara igande pasa etorriko, eta ez dago zalantzarik ere geurea egin behar dugula etxean, badelako garaia etxean ere irabazi eta zaleei garaipen bat eskaintzeko», gaineratzen du Olaetak.

Garaipen bat eskaini

«Atzekoz aurrerako» denboraldi honen beste adibide bat etxean ezin irabaztea da, joan den udan mailaz igotzea erdietsi eta gero. «Igoera faseetara izan ezik, joan den denboraldi osoan ezin izan zuten zaleek gure partidak ikustera joan, eta azaldu ziren partida biak Urbietatik kanpo izan ziren. Aurten, berriz, jendea etorri da eta guk ezin garaipenik eskaini orain arte», onartzen du, penatuta, «basurdeen» kapitainak.

Bizkaitarrek erdietsi dituzten garaipen biak etxetik kanpo lortu dituzte, eta horrek ere ikuspegi baikorra izateko modua ematen dio Olaetari. «Etxean Ordiziaren kontra –15-16– azkenengo jokaldian galdu genuen. Eskuan geneukan eta ‘drop’ bat sartu zuten. Zer egin dezakegu horren kontra? Beste bizphairu partida ere bost puntu baino gutxiagogatik galdu ditugu etxean –Bartzelona, Les Abelles eta Alcobendasen aurka–. Horiek atera bagenitu honezkero sailkapenaren erdian geundeke eta denboraldia lasai asko amaitzeko moduan. Baina joan den asteburuan Les Abellesen zelaian, Alacanteko puntan, 80. minutura galtzen iritsi ginen, eta hura galduta, bigarren mailako taldea ginatekeen. Zer da kontua eta orduan lortu genuen entsegua –24-26 irabazi zuten–. Gauzak honela atera dira eta orain, zergatik ez diogu ba buelta emango? Esateko modu bat da, baina ia zailena egin dugu», dio.

«Sinistu! bete dezagun Urbieta» leloa hartuta, Gernika Rugbi Taldeak Cienciasen aurkako partida erabili gura du sailkapena iraultzeko eguntzat –izan ere, hilaren 24an La Vilak azkenengo jardunaldia Les Abellesen etxean jokatuko du eta El Salvador liderra hartuko dute «basurdeek». Bada, asteburuon irauli ezean sailkapena, gauzak asko zailduko zaizkie bizkaitarrei–. «La Vilak El Salvadorren aurka ez badu irabazten, presioa beraiei eroriko zaie, eta guk, berriz, ilusioa dugu badaukagula naikoa joko azken postua atzean lagatzeko», dio Iker Olaetak.

«Jende asko dago gure klubaren atzean eta ikusten dugu aste honetan zehar nola kalean behin eta berriz ‘honi buelta eman behar diogu’ nola esaten diguten. Horrek guri ere nolabait presioa sartzen digula ere egia da, baina Alacanten lortutako garaipenak ilusioa piztu du berriz, ikusten dugulako taldea bizirik dagoela jendearentzat, eta gorenean ikustea nahi gaituela hurrengoan ere», amaitzen du «basurdeen» kapitainak.