INFO

Leclercek lehenengo postutik defendatuko du lidertza Australiako Sari Nagusian

Ferrariko gidariak denborarik onena egin du larunbat honetan Melbourne Parkeko hiri zirkuituan egin den sailkapenean. Bere atzetik Red Bulleko bi kotxeak aterako dira igandeko lasterketan, Max Verstappenena eta Sergio Perezena.

Charles Leclerc (Ferrari) Melbourne Parkeko zaleak agurtzen. (William WEST | AFP)

Igande honetan, goizeko 7.00etan (Euskal Herriko ordua), 1 Formulako denboraldiko hirugarren lasterketa korrituko dute: Australiako Sari Nagusia. Melbourne Parkeko hiri zirkuituak sailkapena jaso du larunbat honetan eta bertan erabaki da irteerako ordena. Guztien artean azkarrena Charles Leclerc (Ferrari) Mundialeko liderra izan da.

Monakoko gidari gazteak Bahrainen irabazi zuen eta Saudi Arabian bigarren amaitu zuen. Beraz, postu oso ona lortu du Mundialeko lidertza defendatu ahal izateko. Hori bai, bere atzetik aterako diren bi gidariak momentu honetan aurkari zuzenak dira: Red Bulleko Max Verstappen herbeherearra –iazko munduko txapelduna– eta Sergio Perez mexikarra.

Bestalde, Ferrariko beste gidaria, Carlos Sainz, bederatzigarren postuan aterako da. Madrildarrak Fernando Alonsok sortutako bandera gorria sufritu behar izan du. Hau da, Alpineko gidari asturiarrak arazo bat izan du kotxearekin eta istripua sufritu du.

Momentu horretan Sainz bere buelta azkarra egiten ari zen, baina amaitzeko gutxi geratzen zitzaiola, bertan behera utzi behar izan du. Ondoren, gainera, kotxea abiarazteko arazoak izan ditu Ferrarikoak eta nahi zuena baino beranduago sartu da berriro pistan denbora hobetu nahian. Azkenean, bederatzigarren aterako da eta Fernando Alonso, hamargarren.

Laugarren postuan Lando Norris (McLaren) aterako da, Lewis Hamilton eta George Russel Mercedes taldeko bi gidarien aurretik, eta Daniel Ricciardo (McLaren) eta Esteban Ocon (Alpine) zazpigarren eta zortzigarren postuetan aterako dira, hurrenez hurren, igandean.

Australiako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko wegune berezian azter daitezke.