INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Amaitu da itzuleraren Korrika: «Euskara ez da daukagun zerbait, garen zerbait baizik»

Iritsi da helmugara 22. Korrika. Donostian ibili da lekukoa goizeko lehen ordutik, aurtengo edizioaren azken kilometroak egiten. Auzoz auzo, eguerdian eta jende uholde izugarri batek lagunduta, helmuga udaletxe parean harrapatu baino lehen. Bertan zuen zain Karmele Jaio, azken mezuaren egilea.


11 egun eta 2.500 kilometro baino gehiagoren ostean, iritsi da lekukoa helmugara. AEK-ko kideek, ohi bezala, egin dituzte azken metroak, atzetik jende uholde ikusgarri bat lagun zutela.

Eta uholde horren buru iritsi da lekukoa, azken unean Karmele Jaioren eskuetara iritsi dena. Une horretan jakin denez, berak idatzi du Amurriotik Donostiara lekuko barruan bide guztia egin duen mezua.

«Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat», bezala definitu du Jaiok Korrika. «Oihu honek 22.ez erakutsi digu hizkuntza bat ez dela hitzekin bakarrik egiten. Belaun eta hanken gainean trostan eraman daitekeela hitza. Dardara, arnastu eta izerdi artean pasatu ahal zaiola elkarri eskutik eskura», jarraitu du.

«Hizkuntza zerbait fisiko bihurtzeko ahalmena du Korrika. Gure "a-e-i-o-u" partikularra gorpuzteko. Hori behar du euskarak. Haragi bihurtzen diren hitzak», adierazi du ‘HitzEkin’ leloari zentzu borobila emanez.

Euskarak «hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat» behar duela ere azpimarratu du. «Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera. Malko eta listuz bustitzea behar du euskarak».

«Inertzien kontra» eta «zikinduz» euskara «loitzearen» alde egin du azken mezu horrek. «Hatz markaz zikintzea. Zikindu dezagun euskara. loitu dezagun bizitzat. Egin dezagun euskararekin hainbat inertziaren kontra».

Garai konkretuari ere egin dio so Jaiok. «Hitzak hustu egin diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harri eta herriz», berriz ere ekintzarako deia eginez eta «euskara kolektibo bat, denon artean eta denona» defendatu du.

Pello Zabala edo Joan Mari Torrealdai bezalako euskaltzaleak gogora ekarri eta «gure jainko txikiak» aldarrikatu ditu «influencer eta youtuberren» garaian. «Edo euskara ez dela zaila, euskara nahia dela erakutsi ziguten Elbiria Zipitria, Julene Azpeitia edo Izaskun Arrue».

«Ahaztu ditzagun euskaldun berri eta zaharrak, lasterketa honetan denak gara euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero berritzen delako. Hizkunta bat ez da jaiotzen, egin egiten da. Euskara ez da daukagun zerbait, garen zerbait. Atera dezagun eztarrietatik, Mauriziaren irrintzi baten indarraz. Ekin euskarari, eutsi kateari, gora korrika!»

Azken orduak

Gauerdian Lapurdi atzean utzi eta Gipuzkoara itzuli da Korrika, bertan egiteko aurtengo azkeneko kilometroak. Eta ziztu bizian egin ere. Azken 11 egunetan pilatutako atzerapen txikiarekin iritsi dira Donostiara, Hernanitik abiadura hartuta, amaierara garaiz iritsi asmoz.

NAIZ Irratiko kideek ere eraman dute lekukoa, NAIZ eta GARAk goizeko lehen orduan hartutako kilometroan, lerro hauen gaineko bideoan ikusi daitekeen moduan.

Donostiako auzo guztiak bisitatu ditu Korrikak azken ordu hauetan, euskararen aldeko lasterketa eta festa honi merezi duen bukaera emateko helburuarekin.

Bertsorik ere ez da falta izan azken egunean. Groseko auzoan sartuta, Igor Elortzak girotu ditu korrikalariak.

Azken kilometroek baina, utzi dituzte aurtengo Korrika laburbiltzeko irudiak. Milaka lagun izan dira Korrikan egun guztian zehar, baina azken minutu horietan uholdea bihurtu da euskararen aldeko aldarria, Donostia txiki utziz eta festa borobilduz.

Eskuz esku eta ahoz aho

2.500 kilometro baino gehiago egin ditu aurten Korrikak. Lekukoa eskuz esku eta euskara ahoz aho eramanez. Eta ia bi aste hauetan bezala, jendetza egon da une oro lekukoaren atzetik azken orduetan ere, Irungo irudi hauek erakusten duten moduan.

Altzakoak ere ez dira gutxiago izan.