INFO

Matt Costelloren lesioak Tadas Sedekerskisi berriro minutuak izateko aukera eskaini diezaioke

Pibot estatubatuarrak orkatila bihurritu zuen San Pablo Burgosen aurka eta «lesioaren garapenaren arabera» erabakiko du Saski Baskoniak noiz itzuliko den kantxetara. Ondorioz, Sedekerskisek aspaldion galdu dituen minutuak berreskura ditzake defentsan eta errebotean duen intentsitateari esker.

Matt Costello, Burgosen orkatila bihurritu berritan. (B. B. HOJAS / ACB PHOTO)

Matt Costelloren denboraldi zati hau nahikoa katramilatsua izaten ari da. Hilaren 3an Kanaria Handiaren aurka orkatila bihurritu zuen Boli Kostako nazionalitatea duen pibot estatubatuarrak, eta kostata San Pablo Burgosen aurka jokatzeko moduan izan bazen ere, Gaztelako taldearen aurka berriz ere bihurritua nozitu zuen ezkerreko orkatilan.

Neven Spahijarentzat pibot titularra da Costello eta ezin izan zuen San Pablo Burgosen aurkako partidako bigarren erdia jokatu. Bigarren laurdenaren amaieran saskirantz zioala arerio baten oina zapaldu zuen Costellok eta erabat bihurritu ez bazitzaion ere, aurrez erasanda zuen orkatila berriro mindu zitzaion. Hargatik, ez zen ausartu ezkerreko oina berriro lurrean pausatzen. Taldekide bik lagun hartuta kantxatik atera zen eta atsedenaldiaz geroztiko minutu guztiak aulkien eserita eta ezker hanka altxata zuela pasa zituen.

Saski Baskoniaren zorionerako, Steven Enoch eta Tadas Sedekerskisen artean ederki bete zuten Costelloren hutsunea eta, besteak beste pibot biek egin zuten lan onari esker, 62-78 nagusitu ziren gasteiztarrak. Garaipen honi esker, Breoganek eta Kanaria Handiak asteburuan galdu egin zutela aintzat hartuta, talde gasteiztarrak zortzigarren postua orduan eta gehiago finkatu zuen, baina noski, erabateko zoriontasunik ezin bilatu Costelloren lesioa zela-eta.

Batez ere egutegiak ez duelako atsedenerako tarterik uzten. Esan bezala, Kanaria Handiaren aurka ere bihurritu zuen ezker orkatila Costellok, eta azken ordura arte zalantza izan bazen ere, San Pablo Burgosen aurka jokatu ahal izan zuen. Baina asteon bi neurketari egin behar dio aurre talde gasteiztarrak. Hasteko, asteazkenean UCAM Murtzia aurkari zuzena etorriko zaio bisitan Buesa Arenara, eta igande arratsaldean, berriz, Valentzia Basket azalduko da Zurbaotik bisitan.

Zaila dirudi asteazkeneko partidarako Costello prest egongo dela sinestea. Orkatilako bihurritua konfirmatu du Bitci Baskoniak astelehenean bidalitako mediku ohar labur baten bidez. Bertan gasteiztarrek ez dute zehazten zein neurritan den larria edo arina jokalariaren bihurritua, baina «lesioaren garapenaren arabera» erabakiko omen da Costello noiz itzuliko den kantxetara.

Hala, sinisteko zail egiten da UCAM Murtziaren aurka gertu egongo ote den pentsatzea. Akaso Valentzia Basketen aurka prest egon liteke, baina ikusi egin behar Baskoniako mediku zerbitzuek zer dioten, Costelloren sentsatzioak onak edo txarrak diren edo ACB Ligako Top 8ari begira hain garrantzitsuak diren neurketa hauei biei begira, Neven Spahijak beste ahalegin bat eskatuko ote dion bere pibot titularrari.

Izar langilea

Izan ere, duela ez asko Spahijak berak esana da «gure hasierako bostekotik norbait falta bazaigu, arazo handitan gaude». «Hasierako bosteko» hori zeinahi Baskoniazalek begiak itxita eta bosteko taula baino arinago botako dizu: Baldwin, Giedraitis, Fontecchio, Peters eta Costello. Minutuak dituzten ordezkoak Granger, Marinkovic, Sedekerskis eta Enoch; eta, partidak hala uzten badu, Kurucs eta Raieste azkenik. Hauxe da Bitci Baskoniaren errotazioa, Neven Spahijaren arabera.

Costellok jokatu dezakeela uste baldin badu, Spahijak minutuak emango dizkio; hala ez balitz, zer egin? Esan bezala, San Pablo Burgosen aurka Tadas Sedekerskis izan zen Steven Enochen ordezkoa «gezurrezko pibot» postuan, eta talde gasteiztarrari ez zitzaizkion gauzak txarto atera.

Sedekerskisentzat hauxe izan liteke aspalditik behar zuen aukera, bestalde. Dusko Ivanovic kargugabetu zutenetik hona, kalterik handiena Nidan –Litiuanian– 1998ko urtarrilaren 17an jaiotako jokalariak jasan du. Azken batean, entrenatzaile bakoitzak bere jokalari gustokoenak hautatzen ditu; Dusko Ivanovicek bere «gudari» bihurtu zuen Sedekerskis eta Neven Spahijak, aldiz, ez du gogoko; ez behintzat Alec Peters, Fontecchio eta Steven Enoch sano baudaude.

Izan ere, 2013an izar bat izateko traza guztiak zituen gaztetxo hura beste era batera garatu da saskibaoi munduan. Gazte mailan bera baino bizpahiru urte zaharragoen aurka jokatu arren, sekulako distira egiten zuen Tadas Sedekerskis nerabe hark: jaurtitzaile fina, estetikoki ikusteko polita bai baloia boteka nola zerabilen eta baita jaurtitzeko orduan erakusten zituen errekurtsoak aintzat hartuta... planta fisiko bikaina. Alfredo Salazar azeriak begiz jo zuen eta baita Gasteizera ekarri ere.

Alabaina, denboraren eta lanaren poderioz planta fisikoa garatu du bakarrik Sedekerskisek espero zen moduan. Lanari beldurrik ez diola bistakoa da eta baloirik gabe, berdin errebotea zaintzeko orduan nola taldekideen paseak jasotzeko, nola mugitzen den ikustea besterik ez dago jokoa ongi ulertzen duela.

Baina bere «fintasuna» bidean galdu da neurri handi batean. Kostata, garai bateko neurrira inola ere hurbildu gabe, baina kanpoko jaurtiketan finago ari da moldatzen; hirukoetan %32,4 sartzen du, nahiz eta ACB Ligan orain arte sartu duen azkenengo hirukoa urtarrilaren 19koa den, ordutik hona jokaturiko 10 neurketetan zortzi saiakera baino ez baititu egin 6,75 metroko marraz atzetik, eta denak kale.

Jaurtiketan ez ezik, baloia boteka erabiltzeko orduan ere oso jokaldi gutxitan ikusi dezakegu Sedekerskis. «Hegal-pibot moduan ikusten dut nik; tarteka, ‘gezurrezko pibotaren’ lanak egiten», bota zuen bere garaian Dusko Ivanovicen lituaniar gazteari buruz, eta Spahijarekin ere, jokatu duen aldietan ez da muga horietatik aldendu. Esanekoa ere baita mutila.

Batez beste, 18 minutu pasatxo jokatzen ditu lituaniarrak eta 4,7 puntu eta 4,7 errebote pilatzen ditu. Biko jaurtiketen ia %68a sartzen du eta %70ean dabil jaurtiketa libreetan. Alegia, nerabezaroan izar izateko deitua zegoen hura langile «soil» bat dela. Eta gaitzerdi, bere garaian eliterako galdurik zirudielako, bai Burgosen, hain justu, baita Lituanian utzita jokatu zuen sasoian.

Bete dezakeen rola

Baldin eta Costello UCAM Murtziaren aurka zein Valentzia Basketen aurka jokatzeko moduan ez balego, inork ere ez dio Sedekerskisi 15-20 punturik sartzeko. Egia da Ivanovicen azken neurketetan jardunaldiko Jokalari Onenaren saria (MVP) lortu zuela, Unicajaren aurka 22 puntu eta 11 errebote pilatu eta 35eko balorazioa lortuta.

ACB Ligako bederatzigarren jardunaldia zen hura, eta orduan bakarrik –zortzi, bederatzi eta hamargarren jardunaldietan– lortu duela 10 puntu baino gehiago saskiratzea –balorazioan Euroligan egin duena bertan behera laga dugu, kasu honetan–. Egia da, bestelde, Alec Peters min hartuta zegoela garai hartan eta baten batek bete behar zuela Illinoiskoaren lekua. Baina bistakoa da lituaniarraren egoera osoki aldatu dela.

Liga txapelketako aurreneko 16 jardunaldietan gutxien jokatu zuen partidan 14 minutu jokatu zituen Sedekerskisek; gehien jokatu zuen egunean, 37 –hamargarren jardunaldia, Dusko Ivanovicek zuzendu zuen azen norgehiagoka, Kanaria Handiaren kantxan–. 17. jardunalditik hona jokatu diren 11 partidetan, Sedekerskisek gehien jokatu duen partida, Obradoiroren aurka martxoaren 13an jokatu zituen 17 minutuak; hurrengoa, San Pablo Burgosen kantxan pasa den igandean jokatu zituen 15 minutu eta erdiak.

Enoch, Peters eta enparauek sartu beharko lituzkete, antza, Costelloren puntuak, Sedekerskisek ia sekula ez baititu hiru jaurtiketa baino gehiago egin azken bizpahiru hilabeteetan. Bestalde, errebotea zaintzeko eta defentsa aldaketak egiteko orduan lan oso txukula egin lezake Murtziako eta Valentzia Basketeko jokalarien aurka, berdin hegalekoa zein pibota izan. Langilea denari, lana ematen bazaio, honek erantzun egin ohi du.