INFO

Play-off kontuak borborka Gasteizen; Real Madril minduaren kontura festa egin nahi Bilbon

Saski Baskonia eta UCAM Murtziaren arteko lehia irabazten duena zazpigarren postuan bermatuko da eta kanporaketetan lekua ia eginda izango du. Miribillan, berriz, Valentzia Basketi irabazi osteko lasaitua baliatu nahi dute bizkaitarrek denboraldi amaierara bidean garaipenak pilatzen jarraitzeko.

Costellrik ez bada, Enoch eta Petersen artean sartu beharko dituzte pibotaren puntuak ere. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Bere garaian, urtarrila inguruan, covid-19aren erruz ACB Ligako 19. jardunaldia goitik behera atzeratu egin behar izan zen. Egia da koronabirus malapartutu honek ez gaituela oraindik erabat bakean utzi, baina gutxienez aipatu jardunaldia errekuperatzerik izango da hurrengo egunotan, asteartean Betisek eta Valentzia Basketek jokatuko duten partidatik hasi eta ostegun gauera arte. Euskal taldeei dagokienez, biek ala biek asteazkenen honetan eta etxean jokatzen dute; biek ala biek 19.00etan. UCAM Murtzia izango da Bitci Baskoniaren aurkaria eta Real Madril Surne Bilbao Basketen arerioa.

Egoera «normal» batean Miribillako neurketak hartuko zukeen garrantziarik handiena partida bezperan, baina aurtengo ACB Ligak «normaltasun» gutxi duelako, Zurbaoko demak sekulako pisua hartu du. Izan ere, play-offetara begira mugarria da Buesa Arenan jokatuko den partida talde bientzat. Aldiz, Bilbao Basketek Valentzia Basketen aurka hamabigarren garaipena erdietsi ostean, Real Madrilen bisita lasaixeago har lezake; ostera, nahikoa arre eta hazita datoz Madril aldeko urak.

Gasteizko norgehiagokari so, ia final-zortzirenetako neurketa bat dela esan genezake. Uneotan talde biek 15-12 balantzea dute eta ACB Ligako sailkapeneko zazpigarren eta zortzigarren postuan daude murtziarrak eta gasteiztarrak, hurrenez hurren. Berdintasuna demasekoa da talde bien artean, baina puntuen aldea Sito Alonsok zuzentzen duen taldearen alde dago eta ez da ahaztu behar joaneko partida, urriaren 24an Murtzian jokatu zena, bertokoek irabazi zutela. Orduan ere berdintasuna demasekoa izan zen eta murtziarrak 80-79 nagusitu ziren, Isaiah Taylorren puntuen eta Baskoniak bidean galdu zituen 20 baloien erruz.

Gauza asko aldatu dira hilabete hauen guztien ostean. Baskoniari dagokionez, entrenatzailea aldatzea ez ezik, Landry Nnoko pibotak taldea laga du eta Alec Pters bere belauneko lesiotik osatuta itzuli da. Asteazkeneko demari begira, ikusi egin behar Matt Costellok –joaneko partidan 15 puntu egin zituen– jokatzerik duen, eta hala ez bada, ikusi egin behar nola betetzen duen hutsune hori Neven Spahijak.

«Azkena balitz bezala jokatu behar dugu partida hau; play-offetako partida bat bailitzan», iritzi dio neurketa bezperan Alec Petersek. Illinoisko hegal-pibotak badaki ongi aski Matt Costello falta bada, Steven Enoch eta bera izango direla Costellok sartuko ez dituen puntuak sartzeko arduradun, Sedekerskis «lan zikinetan» arituko den bitartean.

Esan bezala, Petersek ez zuen aurreneko itzulian Murtzian jokatu, baina badaki Sito Alonsoren taldea deserosoa dela guztiz. Augusto Lima, Sadiel Rojas edo Emanuel Cate jokalari gogorrak direla –Rojas dominikarra gogorra ez ezik, zikina sarritan. Urrunago joan gabe, pasa den domekan Kanaria Handiko AJ Slaughterri bekaina ireki zion ukolondoaz jo eta gero– eta Taylor, McFadden edo Jordan Davis lako jokalariek, berriz, bolada ona harrapatzen dutenean edonori disgusto bat eman diezaieketela.

«Jakina da Murtzia talde fisikoa eta gogorra dela. Borrokalariak dira guztiz eta fisiko hori berdintzen ez badugu, kontu latzak izango ditugu. Baina Burgosen aurka erakutsi genuen nola joka dezakegun, nolako jarrerarekin alegia. Murtziaren aurka ere horrela ekiten badiogu, gure aukerak izango ditugu, zalantzarik gabe», adierazi du Petersek.

Esan bezala, zazpigarren postua dago jokoan partida honetan. Joan zen asteburuan Baskoniak eta Murtziak irabazi egin zuten eta justu atzetik datozen Kanaria handiak eta Breoganek, aldiz, galdu. Bada, atzera baino aurrera begiratzeko abagunea damaio neurketa honek talde gasteiztarrari, baldin eta bere etxeko lanak egiten baditu.

«Garai honetarako ACB Ligan lasaitxoago ibiliko ote ginen itxaropena genuen, baina ez da hala izan eta aurretik bete ez ditugun lanak orain betetzea dagokigu Liga Erregularra amaitu arteko neurketa guztietan», amaitu du Illinoisko jokalariak.

Esan bezala, Murtzia aurkari deserosoa eta petrala da, faltaren mugan jokatzen duena uneoro, eta azaleko begiratu baten dirudiena baino errekurtso gehiago ditu gainera, nahiz eta beste munduko talenturik ez duen. Alabaina, Nemanja Radovic, Tomas Bellas edo, bere garaian Kostas Vasileiadisek, sarritan jakin izan dute nola min eman gasteiztarrei. Are gehiago 2016/17 denboraldian Saski Baskoniako entrenatzaile izan zen Sito Alonsoren aginduetara daudenetik. Ez ziren alperrik Kopako finalerdietara sailkatu nahiz eta covid-19aren erasanaren erruz ia Granadara joateke geratu ziren.

«Baskoniaren izaera dela-eta, talde lehiakorra da beti, gauzak ongi zein gaizki joan», iritzi dio Sito Alonsok neurketaren bezperan. «Gure helburua 40 minutuz lehiakorrak izatea da, aurkariaren bolada onen aurrean bururik makurtu gabe. Bestalde, uztaipean errebote bakoitza berebizikoa izango da», adierazi du Saski Baskoniako entrenatzaile ohiak.

Partida, ospakizuna eta agian, garaipena

Bilbao Basketek ere 19.00etatik aurrera jokatuko du ACB Ligako bere partida, kasu honetan Real Madrilen aurka. Aspaldiko partez emaitza bolada txarra atzean laga eta Valentzia Basketi 84-78 irabazi ostean, hainbeste kosta den hamabigarren garaipena erdietsi zuten «beltzezko gizonek». ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko oraindik zazpi partida falta badira ere, dagoeneko datorren urtean ere ACB Ligan jarraitzeko txartela eskuan dutela esan lezakete bilbotarrek, eta hemendik aurrera, gozatzeko moduan daude gainera.

Berriz ere play-offetara begira jartzea txakur-ametsetan jardutea litzateke akaso, baina amets polita da bederen. «Badakit ‘partidaz partida’ joan behar dela mundu guztiak dioela, baina hala da. Hamabigarren garaipena eskuratu dugu, bikain, eta orain zer? Orain, hasteko, Real Madrilen aurkako dema eta gero, gerokoak», adierazi du Alex Mumbru bizkaitarren entrenatzaileak jokatu bezperan.

«Fisikoki sano eta ongi gaude eta buruz ere bai; izan ere, ez da berdin hurrengo partida prestatzen azkeneko neurketa irabazita edo galduta. Baina orain jokatzea besterik ez dagokigu; zazpi neurketa falta dira denboraldia amaitzeko. Segi dezagun jokatzen, garaipenak pilatzen ahal den neurrian eta ikus dezagun sasoiaren amaieran non gauden: gorantz begira, behetik iheska edo erdian. Baina ahalik eta saskibaloirik onena eginda joka dezagun», iritzi dio Mumbruk.

Pablo Lasoren azken egunak Madrilen?

Hamarretik bederatzitan gutxienez Real Madril eta Bilbao Basketen arteko lehia baten aurrean madrildarrak lirateke faborito; baita asteazken honetan ere, ez balitz aspaldion Real Madrilen inguruan urak arre eta hazita datozela.

Hasteko, joan zen astean Pablo Lasok Thomas Heurtel eta Tray Thompkins taldetik bota egin zituen. Antza denez, Euroligako partida jokatu bezperetan parrandan atera ei ziren jokalari hauek biak –hauek bai behintzat– eta eguzkia goian zela itzuli kontzentraziora, gainera.

Hori gutxi ez eta, igandean Bartzelonaren aurkako partida ia eskuan izan arren, luzapenean 108-97 galdu zuten madrildarrek, neurketa amaitzear zela Bartzelonako Sertac Sanli turkiarraren alde falta oso eztabaidagarria epaileek adierazi ostean.

Bestalde, azken aldion Real Madril ez dabil batere fin ez Euroligan ezta ACB Ligan ere. ACB Ligari lotuta, Manresaren aurka etxean, Teneriferen kontra kanpoan eta beste zenbait porrot mingarri pilatu ditu azken aldian, eta ia antolatzailerik gabe ari da jokatzen –Carlos Alocen luzerako min hartuta; Heurtel taldetik egotzita; Nigel Williams-Goss denboraldi eskasa egiten; Juan Nuñez gazteak 18 urte baino ez ditu eta jaurtiketan dituen gabeziak direla medio, ia ez du jokatzen–, Llull beteranoa –eskolta gisa gustorago dabilena– eta Alberto Abalde hegaleko galiziarra behin behineko erremedio gisa darabiltza Lasok.

Hori guztia aintzat hartuta, eta baita dagoeneko Pablo Lasok hamaikagarren urtea jarraian bete duela Real Madrilen aulkiaren buru –hori bai ez zuela baikorrenak ere espero–, badirudi gasteiztarra denboraldia amaitu berritan merengeen aulkitik ateratzeko ahaleginak bizkortu egin direla Madrilen. Tartean, esaten hasita, ba omen dago Alex Mumbru bera Real Madrilen hurrengo entrenatzaile karguan ikusten duenik ere.

«Pablo Laso kentzea pentsatzea ere zentzugabea da», bota du Badalonako entrenatzaileak hitzetik hortzera. «Pabloren aginduetara Real Madrilek zenbat final jokatu eta irabazi dituen ikustea, eta zernolako jokoa egin duen ikustea besterik ez dago. Faborez!», gaineratu du.

«Talde handiek gorabeherak izaten dituzte eta hori da dena, nik uste. Aurreneko itzulian ia guztien gainetik pasa ziren –95-61 irabazi zion talde madrildarrak Bilbao Basketi–, baina azken aldian, dela lesioak pilatu zaizkielako, dela emaitza bolada txarra ere izan dutelako, bada, badirudi kilimak egiteko une egokia dela, baina ez da jakiten. Egia da Real Madrilek topera hilabete barru egon behar duela, ez orain, kanporaketak iristen direnean baizik. Baina bestalde, pare bat porrot kateatu eta gero, gogotsu etorriko direla zalantzarik ez daukat», aztertu du Mumbruk.

Horrez gain, ez da ahaztu behar partidaren ostean Alex Mumbruk Bilbao basketen erabiltzen zuen «15» zenbakidun kamiseta erretiratuko dutela. «Ez diot buelta larregi eman kontu horri, azken baten nire egitekoa partida prestatzea baita. Unea iristen denean gustorago jasoko dut, baina egia da nire kirol bizitzan eman ditudan 20-21 urteetatik zati handi bat Bilbon eman dudala eta harrotzeko eta pozik egoteko modukoa dela halako errekonozimendu bat jasotzea», onartu du «beltzezko gizonen» entrenatzaileak, azkenerako.