‘Xiberua’ eta ‘xirula’ elkartzen dituen Xiru festibalaren bidea 50 urtez
Ostiraletik igandera bitarte Xiru festibalaren doinuek jantziko dute Gotaine. Duela 50 urte abiatu zen herrian euskal musikari tokia ematen zion hitzordua, duela 32 urte Xiru festibala bilakatu zen. Aldaketa Mixel Etxekoparren eskutik heldu zen, eta oraindik gogoan du 1972ko lehen kontzertua.
Duela 50 urte Gotaineko gela berrian egin zen euskal musika berriari bidea ireki zion kontzertua. Orduan Peio eta Pantxoa, Etxamendi eta Larralde, Guk taldea, Etxahun Iruri... izan ziren euskaltzaleak biltzen, horren segida hartu zuen Xiru festibalak duela 32 urte.
Jaialdiaren buru den Mixel Etxekoparrek gogoan du lehen kontzertu hori: «Gaur egun segitzen den dinamika hori duela 1972an martxoaren 26an hasi zen, nik orduan 9 urte nituen eta niretzat izugarria izan zen. Klasikoak bilakatuko zirenak hor ziren».
Garaian ulertu ez bazuen ere, hitzordu horren garrantzia nabarmena egin zitzaion gerora: «Franco bizi zen oraindik, eta hor ari ziren kantatzen ‘Lepoan hartu’, ‘Arbolan’... Gotaineko gazteek kontzientzia zuten, eta kantari militante horiek ekarri zituzten». Urtetik urtera hitzordu garrantzitsua bilakatu zen, garaiko kantari ezagunak hurbildu zituena bertara: Benito Lertxundi, Manex Pagola, Mikel Laboa, Xabier Lete, Zazpiri Bai...
Aurtengo jaialdirako berritua izan den Gotaineko kiroldegia, orduan eraiki zen, eta hori finantzatzeko era ere izan zen lehen kantaldi hori. «Bi helburu zituen kontzertuak, euskalduntasuna erakustea eta euskal kantagintza berriari tokia emantea, eta gela berria ordaintzea. Bete egin zen, ia mila pertsona bildu ziren, nahiz eta laugarren pareta oraindik ez zen egina», ekarri du gogora.
Xiru jaialdia
Duela 32 urte Etxekoparrek hartu zuen herrian euskal kulturari loturik emanaldia antolatzeko ardura, eta txirula jotzailea izanik, horren ingurukoa bilakatu zuen jaialdia, baina beti euskal kulturari loturik: «Hastapenean bezala, euskara eta euskal musika altxatzeko palanka bat da».
Euskal Herriko musika presente izan zen hastapenetik, «Arratiako abokatik Iruñeko gaitara». Baina urte gutxitara hori ere garatu egin zen, eta hastapeneko egun bateko programazioa luzatzen joan zen, egungo hiru egunetaraino, eta estiloari dagokionez ere, beste aldaketa izan zen, tradizio hutsean oinarritutako musikatik, tradizioa eta sorkuntza elkartzera pasa zen, gaur egun festibalaren ezaugarri nagusia dena.
«Tradizioari begira, betiko kantuei eta tresnei so, aski fite ohartu nintzen tradizioa ezin dela bizi sorkuntzarik gabe. Sorkuntzatik tradizioaren potentzialaz konturatu nintzen, beste ortzi-muga batzuk zabaldu zitzaizkidan» gaineratu du Etxekoparrek.
Bide horretatik euskal musikarekin batera mundukoa ere ekartzen du festibalak Gotainera, Japoniako No antzerkia, Sardiniako kantariak...
Euskal musika eta munduko musika elkartzen dituen erreferentziazko jaialdia bilakatu da, eta ez da gutxi antolatzaileak dioen legez: «Irautea aski zaila da, artea da irautea. Izan zirelako gara, eta gero ere izanen dira».
Ospakizun eguna
Igandea musikaz beteriko 50 urteak ospatzeko eguna izanen da. Eguerdian kantaldian izanen da karrikan, non hamarkada hauetan zehar Gotaineko hitzordua jarraitu duten musikarien doinuak entzun ahal izanen diren: Maddi Oihenart, Mathieu Mendizabal, Beñat Axiari, Txomin Dhers eta Paxkaline Xabaño.
Arratsaldeko 15:30etan "1972-2022ko Kantaldia" izanen da, Maika Etxekopar eta Kattalin Arrayet, Xiberoots eta Xiberotarrak taldeekin.
Larunbata estreinaldi eguna izanen da musika herrikoia eta musika klasikoa elkartzen dituen ‘Aztarnak’ ikuskizunaren aurkezpena izanen baita. Marina Beheretchek sortutako proiektuan Vincent Planes pianoan, Paxkal eta Paxkalin txalapartan, eta Mixel Etxekopar bera, ‘xirula’, ttun-ttuna eta kantuarekin animatuz. Hori guztia Arantxa Lannes ilustratzailearekin izanen da, zeinek bere performanceari esker kontzertua ikuskizun bilakatuko duen.
Ostiralean Euskal Barrokoensembleren ‘Elkano’ entzuteko aukera izanen da Ligiko elizan. Programazio aberatsa izanen da, larunbaten eta igandean bestelako emanaldiak eta animazioak ere izanen dira. Azken bi emanaldiak ikusteko sarrerak salgai dira interneten.