INFO

EAEko biztanleen %68,2k ingurumena kontuan hartzen du bere kontsumo-ohituretan

Enfokamer Merkataritzaren Euskal Behatokiak ikerketa bat egin du biztanleek joerak azkertzeko. Horren arabera, portzentai handi batek esan du bere ohiturak aldatu egin dituela ingurugiroari laguntzeko, horrek erosotasuna galtzea suposatzen badu ere.

 

Erosketak egiterakoan ondo pentsatzen dute gehienek zer erosi janaria ez xahutzeko. (Andoni CANELLADA | Argazki Press)

Euskal kontsumitzaileen %68,2k dio ingurumena kontuan hartzen duela ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzeko ohituretan, nahiz eta horrek erosotasun batzuk alde batera uztea ekarri, Enfokamer Merkataritzaren Euskal Behatokiaren ‘Euskal herritarrak eta iraunkortasuna’ izeneko ikerlanaren arabera.

Lakuako Turismo, Kontsumo eta Merkataritza Sailak adierazi duenez, azterlan honen helburua da iraunkortasunaren inguruan EAEko biztantleek duten inplikazio-maila ezagutzea, bai eta herritarrek ingurumenaren alde egiten dituzten ondasun eta zerbitzuen kontsumo eta erosketa-konpromiso zehatzak ere.

Azterlanaren arabera, zenbat eta ingurumen-kontzientziazio handiagoa izan, edo iraunkortasunarekin zerikusia duten gaiengatik zenbat eta kezka handiagoa adierazi, orduan eta pisu handiagoa du balio horrek biztanleen erosketa-erabakietan. Izan ere, gehiengoa dira ingurumena babestu behar dela uste dutenak, betiere kostuak gehiegizkoak ez badira edo herritarrei helarazten ez bazaizkie.

Kontsumoa etxean eta garraioa

Zerbitzuak erabiltzeko neurriei dagokienez, %39,2k dio etxeko energia-kontsumoa kontuan hartzen duela, eta, ahal den neurrian, murriztu egiten duela energia-xahutzea, argiak eta etxetresna elektrikoak itzaliz erabiltzen ez direnean, hozteko edo berotzeko gailuen termostatoen graduak murriztuz, etab.

Era berean, kontsultatutako pertsonen herenak bere ohituren artean ura aurreztea barneratu du. Horrela, %31,1ek dutxa laburrak hartzea aukeratzen du, ura berrerabiltzen du edo txorrotak ixten ditu eguneroko ekintzetan, hortzak garbitzean adibidez.

Mugikortasun iraunkorrari dagokionez, nabarmentzekoa da Araban bizi direnen aldeko jarrera, batez ere Gasteizen, mugikortasun eraginkorrago eta sozialki arduratsuago baten aldeko apustu sendoa egin baitu.

Ildo horretan, herritarren artean babes orokorra dago «hainbat motatako hiri edo udalerriek mugikortasuneko irtenbide adimendunak eta garraio iraunkorreko sistemak behar dituztela» dioen ideiaren aurrean; guztiz ados dago %44,8a, eta nahiko ados, kontsultatutakoen %37,7a.

Galdetutako hamarretik ia zortzik uste dute «bidegorriak hobetu eta zabaldu eta herritarren artean bidegorrien erabilera sustatu beharko litzatekeela» (%77,4). Hiri-inguruneetan orduko 30 kilometroko abiadura-mugaren kasuan, %49,4 neurriaren alde agertzen da. Ibilgailu ez-elektrikoak hirien erdialdetik igarotzea debekatzeari dagokionez, kutsadura hobetzeko, adostasun-tasa% 39koa da.

Merkataritza kontsumoa

Azterlanaren arabera, kontsultatutako pertsonen %40,2k uste du ia beti «kontsumo arduratsua» hartzen duela kontuan bere egunerokoan. %44,2k dio bere poltsak eramaten dituela beti elikagaiak erosten dituenean, «material horren gehiegizko erabilera saihestuz», eta %43,4k janaria alferrik galtzea saihesten du, «eta horrek eragina du erosketa erabakietan, logikoa den bezala, erosketa arrazionalagoa egiteko planteamenduarekin».

%87,6ren ustez, tokiko merkataritza txikia ekonomiaren funtsezko zati bat da, eta gizarte eta ingurumen-jasangarritasunari laguntzen dion eragile nagusietako bat izan beharko luke.

Garapen Iraunkorreko Helburuei buruz galdetuta, herritarren %63,5ek nabarmendu du erabilera bakarreko plastikoak kentzea eta poltsa berrerabilgarriak erabiltzea izan beharko litzatekeela euskal tokiko merkataritzak landu beharko lukeen helburu edo konpromiso nagusia.