Erik Jakak osatuko ditu final-laurdenak gozakaitz aritu den Irribarriari 22-15 gailenduta
Tentsio handiko partidan, lizartzarra bere maila onenetik askoz gertuago egon da eta saketik min handia egin dio ezkerrez botera pilota bakarra atzeratzeko gai izan ez den aramarrari.
Erik Jakak osatuko ditu Buruz Burukoaren final-laurdenak, txapeldunen arteko deman Iker Irribarriari 22-15 gailenduta. Tentsio asko eta galtzeko gehiago zuen partidan, txapela jantzi zuenetik modalitate honetan jokatu duen aurreneko partidan, lizartzarrak ez du duela bi urteko maila bikain hura erakutsi, baina bere mailarik gorenetik askoz gertuago egon da bere dohainik handienari, kolpeari, batere etekinik atera ez dion Iker Irribarria baino eta horrek asko erraztu dizkio gauzak.
Eta hori partida ezin okerrago hasi duen Baikokoak, partidako lehen pilotakadan sakez falta eginda. Hala ere, lehen pilotaka hori izan du lizartzarrak gaurko partidan bere armarik eraginkorrena. Pilotari abiadura eman eta sakeak asko aldatuz, zabalera ere saiatuz, denera sei tanto egin dizkio goierritarrari eta tantoaren ekimena ere berea izan du sakea bere esku izan duen bakoitzean.
Gozatu ezin
Baina horretan Iker irribarriak ere erraztasun handiak eman dizkio, partida osoan ezkerrez botera pilota bakarra ere ez baitu gozatu aramarrak. Kolpea, zuloak irekitzeko duen gaitasuna, da Irribarriaren jokoaren funtsa eta aurkaria frontisetik urruntzeko gaitasunik gabe, Erik Jakak gehien interesatzen zaion partida jokatu ahal izan du. Lehia amaitutakoan eskuetako arazoak izan ostean normalean baino tako gehiagorekin eta konfiantzarik gabe aritu dela onartu du aramarrak eta ezinean aritu da partida osoan zehar.
Gainera, partida hasterako 7-1 aurreratu zaio Erik Jaka eta horrek are gehiago lotu du bere mailatik urrun aritu den Iker Irribarria. Partida borobilik jokatu behar izanik gabe, gauzak txukun egin eta jokoan sendo egonda, Erik Jakak arazo handirik gabe kudeatu ahal izan du hasieran hartutako alde hori.
Fitxa teknikoa:
Jaka: 22
Irribarria: 15
Pilotakadak: 193. Iraupena: 46,51 minutu. Markagailua: 0-1, 7-1, 7-3, 11-3, 11-4, 12-4, 12-8, 14-8, 14-10, 15-10, 15-11, 20-11, 20-14, 21-14, 21-15, 22-15. Sakeak: 5 (falta 1) Jakak eta 5 (3 falta) Irribarriak. Egindakoak: 7 Jakak eta 5 Irribarriak. Galduak: 3 Jakak eta 7 Irribarriak. Gorabeherak: Sarrera erdia baino pixka bat gehiago Eibarko Astelenan, dirua 100/60ri urdin hasieran. Jon Eskudero aritu da Erik Jakarekin botilero eta Jon Apezetxea Iker Irribarriarekin.