INFO

Aurrelaria izateagatik jokatuko du gorriz Erik Jakak Rezustaren etxean

Ostiralean Bergaran jokatuko duten bi pilotariek egun berean egin zuten debuta, 2013ko San Juan egunez, Eibarren, eta zalantza batzuren ostean, lizartzarrak jokatuko du gorriz, afizionatuetan azken txapela batera jantzi zuten pilotalekuan.

Beñat Rezusta eta Erik Jaka gaurko material aukeraketan. (ASPEPELOTA.EUS)

Elastiko gorria edo urdina? Orain arte izan ez zuten zalantza izan dute Erik Jaka eta Beñat Rezustak gaur goizean material aukeraketarako poltsa prestatu behar izan dutenean. Normalean gauzak argi egoten dira, Buruz Buruko azken txapelduna tartean den partidetan hark izaten du gorriz janzteko ohore edo ardura, hura tartean ez bada, debutaren eguna izaten da hurrengo irizpidea eta profesionaletan lehenago nork jokatu, hark jokatzen du gorriz, baina kontua da ostiralean Bergaran elkarren aurka jokatuko duten bi pilotariek egun eta partida berean eman zutela jauzia, 2013ko San Juan eguna Astelenan.

Mugikorrera jo eta enpresen orrialdetara jotzeak ere ez zien mesede handirik egingo, web bakoitzean pilotari desberdina agertzen baitzen gorriz. Zalantzak, ordea, eguerdi parterako uxatu dira eta lizartzarra agertu da gorriz Bergaran. Arrazoia? 2020ko txapelduna aurrelaria izatea, nahiz eta Baikokoak atzelari gisa eman zituen bere lehen urratsak pilota munduan. Binakako partidetan ere, aurrelarien artean lehenago debutatu zuen aurrelaria nor den izaten erabiltzen da bikote bakoitzaren koloreak erabakitzeko garaian.

Bitxikeria batetik harago ez doan zerbait da elastikoaren kolorearena, batari edo besteari sakerik ere emango ez dioena, baina tarteka gure kirol honen inguruan dagoen tradizioa freskatzeko ederki datorrena. Eta bide batez, baita ostiralean arerio izango diren bi pilotariek elkarrekin bizi izandakoaren inguruan aritzeko aitzakia bikaina ere. Izan ere, Bergararra urtebete zaharragoa izan arren, Erik Jakak eta Beñat Rezustak elkarrekin erre zituzten pilotari profesional izan aurreko azken etapak.

«Gazte gaztetatik askotan aritu gara batera, elkarrekin  jokatu eta elkarren aurka ere bai. Egia esan, Beñatekin harremana betidanik oso oso ona izan dut, partida berezia izango da  halako partida bat jokatzea are eta gehiago hemen, Bergara Hiriako 93ko txapelketako final hartan partida latza  jokatu genuen biok eta handik egun batzuetara bioi debutatzeko  aukera eman ziguten. Debuta ere partida berean egin genuen, Promozio txapelketa elkarrekin irabazi genuen eta nire kirol ibilbideko momentu on asko bizi izan ditut Beñatekin», azaldu du Erik Jakak.

Atzelari bergararrak ere ez ditu ahaztuak elkarrekin bizitako uneak, baina garbi du «ostiralean bakoitza berea ondo egiten» saiatuko dela.

Mundialean Rezusta aukeratu zuten Buruz Burukorako

Ondo ezagutzen dute elkar eta irabazteko gauzak ondo egin beharko dituztela berresteko ere iraganera jo du lizartzarrak. «Manomanista oso ona da Beñat, gogoan dut munduko txapelketa batera elkarrekin joan ginela, ni binaka jokatzeko aukeratu ninduten eta bera buruz buru, eta orduan behintzat, ni baino espezialistagoa zen. Gero, egia da profesionaletan nik txapel bat lortu ahal izan dudala, baina berak final bat jokatu du, final erdietan ere behin baino gehiagotan egon da eta erakutsi du buruz buru jokatzen artista bat dala, ez da atzelari jotzaile bat bakarrik. Kantxan aurrelari asko baino gehiago ibiltzen da, bista oso ona du, oso pilotaria da eta tantoa bukatzerakoan ez du zalantzarik izaten. Esango nuke, azken urteetan, Abel Barriolarekin batera, atzelaririk manomanistena dela», azaldu du Jakak.

Buruz Burukoa, ordea, asko aldatu da eta aurrelarien espazio ia esklusiboa bilakatu da azkenaldian, eta Jaka da aireko eraso joko hori muturreraino eramaten duen horietako bat. «Pentsatzen dut berak dena aurrea egingo didala, binaka ere askotan bere jokoa hala izaten da, dena airez sartzea, erremate azkar hori bilatzea eta buruz buru ere horretan saiatuko da. Saketik ere min handia egin zion Iker Irribarriari, eta bigaren pilotakadarekin ere asko presionatzen zaitu, ez dizu pentsatzeko denborarik ematen. Ea pixka bat nire terrenora eramaten dudan eta frontisetik urrun badabil hori niretzat seinale ona izango da», azaldu du Rezustak.

Irribarriaren aurka atzo jokatuta, aste honetan frontoian entrenamendurik egin gabe jokatu beharko du ostiralean Jakak, baina «aste honetan ez entrenatzeagatik ez zaigu pilotan jokatzen ahaztuko. Alde horretatik ez dago aitzakiarik». Beñat Rezustak, bere aldetik, aurten txapelketa hau prestatzeko nahikoa denbora izan du eta lehen entrenamenduetako sentsazioak onenak izan ez baziren ere, txapelketara ondo helduko dela uste du.